• Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko Nazioarteko Kongresuaren zazpigarren edizioa gaur eguerdian amaitu da Ficoban, zientziaren, administrazio publikoen eta enpresen arteko bi eguneko ezagutza eta esperientzia trukearen ondoren

Ikertzea, ereduak hobetzea eta zientziak klima-aldaketari buruz dakiena gizarteari azaltzeko erantzukizuna hartzea. Horixe izan da urriaren 8an eta 9an Ficoban egin den Uhinak kongresuaren zazpigarren edizioan entzun den mezuetako bat.

Rogelio Pozok, Ficobarekin batera kongresua antolatzen duen AZTI zentro teknologikoko CEOak, adierazi duenez: “Zientzialariok ikertzeko eta ereduak hobetzeko erantzukizuna dugu. Baina uste dut gure erantzukizunik handiena beste bat dela. Dakiguna gizarteari helaraztea “. Jarraikortasuna eta konpromisoa eskatzen dituen zeregina da: “Dakiguna gizarteari kontatzea. Baita mingarria denean ere. Eta egunero kontatzea. Ez kongresu batera gonbidatzen gaituztenean bakarrik. Egunero”.

Adierazpen horiek egin dira komunitate zientifikoak zein administrazio publikoek desinformazioari lekua uztearen ondorioez ohartarazi duten testuinguru batean: “Datuak ditugunok isiltzen garenean, isiltasun hori ez da hutsik geratzen. Albiste faltsuek betetzen dute”. Horren aurrean, Rogelio Pozok “ausardia eta irudimena: ausardia ebidentziak azaltzeko, deserosoak izan arren, eta irudimena kongresu batera inoiz etorriko ez direnengana iristeko, ikasgeletatik hasi eta arrantzale-kofradietara, udal-osoko bilkuretara edo familiako elkarrizketetara”, eskatu ditu.

Asmo adierazpen hori inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun; izan ere, berotzea, itsas mailaren igoera eta uraren azidotzea erantzunak aurrez prestatzera behartzen duen prozesu baten adierazpenak dira. Horregatik, kongresuaren edizio honetako berrikuntzetako bat kostaldeko udalerriei eskainitako bi mahai-inguru izan dira, udalerri horiek baitira itsasoaren aurrerapenaren ondorioak lehenik jasaten dituztenak.

Udalerriak protagonista izan dituzten mahai-inguru horietan, Euskadiko, Galesko, Akitania Berriko eta Iparraldeko egokitzapen-proiektuak eta plangintzarako eta gobernantzarako tresnak partekatu dira.

Uhinak kongresuaren zazpigarren edizioko egitaraua bi hitzaldi nagusik osatu dute, Antonio Turiel CSICeko Itsas Zientzien Institutuko ikertzailearen eta Melisa Menéndez IHCantabriako ikertzailearen eskutik, baita guztira ahozko 40 komunikaziok eta 25 posterrek ere.

Informazio gehiago: www.uhinak.com