- 120 enpresa erakusle bertaratuko dira Bioterra 2026n
- Azokak jasangarritasunari, osasunari, elikadura ekologikoari eta ongizateari lotutako 50 aktibitate baino gehiago edukiko ditu
- Aurten, iazko edizioan arrakasta handia izan ondoren, olio ekologikoaren dastaketa errepikatuko da, eta gazta dastaketa ere egingo da
- Behin ere, Bioterrak inspirazioa eta erabilgarritasuna uztartuko ditu aurten: Bioterran eguneroko bizitzan erabil daitezkeen ideia, tresna eta ohitura berriak aurkitu ahalko ditugu, hala nola elikadura, autozaintza, etxebizitza osasungarria eta etxeko jasangarritasuna.
- Euskadiko azoka ekologikoa ekainaren 5etik 7ra izango da, Ficoban; sarrera doakoa izango da, eta publiko guztientzako programa edukiko du
Bioterra Euskadiko azoka ekologikoaren beste edizio bat egingo da ekainaren 5etik 7ra. Aurten ere topagunea izango da bizimodu ezberdin baten alde egin nahi duten pertsonentzat; bizimodu ekologikoagoa, kontzienteagoa eta planetarekiko adeitsuagoa, hain zuzen ere.
Azokak bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du, eta hasiera-hasieratik lagundu du ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko modua eraldatzeko konpromisoa duen komunitate gero eta zabalago baten bilakaeran. 2026an, Bioterrak beste urrats bat egin du, eta bizimodu jasangarri eta osasuntsurako espazio gisa finkatu da. Hala, modu koherentean uztartu ditu jasangarritasuna, osasuna, ongizatea eta ingurumenarekiko kontzientzia.
“Irauten duena zaintzen dugu” lelopean, aurtengo edizioak etapa berri bati emango dio hasiera. Bioterrak etorkizunaren benetako oinarrian jartzen du arreta: elikadura ekologikoan, pertsonetan, harremanetan eta jakintzan; horiek baitira komunitate indartsuagoak eta kontzienteagoak eraikitzeko euskarriak.
Ikuspegi berri honek, ordea, ez ditu azokaren aurreko oinarriak ordezkatzen (nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, kontsumo arduratsua eta ingurumenarekiko errespetua). Aitzitik, oinarri horiek sakontzen ditu, ongizatearen eta bizi kalitatearen arloak txertatzen baititu azokaren eremu guztietan; hots, elikadura, etxebizitza, energia, kosmetika eta eraikuntzan.
Azoka bat, proposamen ugari
Aurten, 120 enpresa inguru egongo dira Bioterran, beren produktu edota zerbitzuak erakusteko. Arlo askotarikoak izango dira: elikadura organikoa, energia berriztagarriak, kosmetika naturala, moda jasangarria, bioerakuntza eta kontsumo arduratsua, besteak beste.
Bioterrak, beste behin ere, autonomia erkidego guztietako enpresak erakartzeko gai dela erakutsi du. % 52,5 Euskadi eta Nafarrokoak dira; eta gainerako % 47,5 artean, Andaluziako, Kataluniako eta Madrilgo enpresen parte-hartzea nabarmendu dezakegu (erkidego bakoitzak guztizkoaren % 8 inguru osatzen du).
Azokak, gainera, jarduera programa handia edukiko du, hiru arlo tematikotan banatuta: Amalurra, Sukaldean eta Eskuz Faktoria.
Amalurra: ongizatea, osasuna eta bizi-kalitatea
- pabiloian Amalurra gunea egongo da, ongizatera eta osasun integralera dedikatutako espazioa. Bertan, arreta berezia jarriko da bizitzaren hainbat etapatan, non ongizateak presentzia handiagoa hartzen baitu; hala, askotariko gaiak landuko dira: osasun integrala, elikadura kontzientea, zahartze aktiboa, bizitza-luzera eta oreka emozionala, besteak beste. Edukien, aktibitateen eta esperientzien bidez, Bioterrak hainbat proposamen eskaintzen ditu, bizitzaren etapa aurreratuetako zaintza pertsonala eta ingurumenarekiko errespetua lotzeko, eta, horrela, bizimodu osoagoa, autonomoagoa eta osasungarriagoa sustatzeko.
Proposamenen artean, Adinberri fundazioaren parte-hartzea nabarmendu dezakegu. Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde horrek zaharkitzearen inguruko berrikuntza hartzen du ardatz gisa, eta bizi-kalitateari, autonomiari eta gizarte-kohesioari buruzko topaketak eta elkarrizketak antolatuko ditu.
Programazioak jarduera praktikoak, dibulgaziozko aktibitateak, ariketa fisikoa, elikadura, estimulazio kognitiboa eta mindfulness-a uztartuko ditu.
Amalurrako giroa osatzeko, autozaintzari, ahoko osasunari, elikadura naturalari, etxebizitza osasungarriari eta elementu toxikoen murrizketari buruzko hitzaldiak egingo dira. Horrekin batera, eraikuntza jasangarriarekin, adin handiko pertsonentzako cohousing-arekin eta agroekologiarekin lotutako gaiak jorratuko dira.
Eta, azkenik, “Hope! Estamos a tiempo” dokuseriearen hainbat kapitulu proiektatuko dira, ingurumen-erronkei aurre egiteko benetako konponbideetan zentratutakoak. Istorio inspiratzaileen eta adituen testigantzen bidez, serieak ikuspegi esperantzagarri baina praktikoa eskaintzen du: diskurtso katastrofistaren aurrean, oraindik ere egoerarik txarrenak ekiditeko eta etorkizun jasangarria eraikitzeko aukera dugula proposatzen du.
Sei kapitulu dira guztira; horietatik hiru eman dira Bioterrako aurreko edizioetan jada. Orain beste hiru kapituluak emango dira, eta, horien jarraian, mahai-inguruak egingo dira. (https://bioterra.ficoba.org/hope/)
Sukaldean: lurretik platerera
- pabiloia Bioterrako espazio gastronomiko bihurtuko da berriro, zuzeneko sukaldaritza-erakustaldiekin. Bereziki, sukaldaritza ekologikoan eta agroekologikoan zentratuko dira, garaikoa eta hurbilekoa.
Programazioan askotariko gaiekin lotutako proposamenak eskainiko dira: elikadura osasungarria, hartzidura, haurrentzako sukaldaritza, elikagaien aprobetxamendua eta tokiko produktuak, besteak beste. Hala, jendeari elikagaiak modu kontzienteagoan prestatzeko eta kontsumitzeko modu berriak irakatsiko zaizkio.
Iaz harrera ona eduki ondoren, Bioterrak olio ekologikorako espazioa edukiko du behin ere, zentzumenekin goza eta zapore berriak deskubritu ditzagun. Olio-dastaketez gain, aurten gazta-dastaketak ere egingo dira; beraz, esperientzia gastronomikoa sakondu egingo da, arreta handiz hautatutako proposamenekin.
Eskuz Faktoria: egiten ikastea
Azkenik, 3. pabiloian Eskuz Faktoria gunea antolatu da, Bioterrako tailer parte-hartzaileetarako espazioa. Gune honen xedea, zehazki, jasangarritasunaren eta kontsumo kontzientearen inguruko ikasketa praktikoa eskaintzea eta sormena lantzea da.
Programak mota askotako tailerrak izango ditu; hala nola kosmetika naturala, birziklapena eta ehunen berrerabilera, xaboien elaborazioa, marrazketa, biomaterialak, basa-landareak eta ohiko lanbideak. Adin guztientzako proposamenak egongo dira.
Jarduera bereziak
Egingo diren jarduera berezien artean, hiru nabarmendu ditzakegu: Merka2dasoa, bigarren eskuko bizikleten merkatua; Bioterra Yoga Day jardueraren hamargarren edizioa; eta Colillatón, Surfrider erakundearekin batera antolatutakoa, zigarro-punten ingurumen-inpaktuaren inguruan sentsibilizatzeko.
Baina azokak beste jarduera asko izango ditu ere, hala nola Gazteak On: Elikadura Erronka lehiaketaren sari-banaketa. Sari hori Bidasoa-Txingudiko gazteei dago bideratuta, eta haren xedea da elikadura jasangarriari buruzko hausnarketa sustatzea.
Programa osatzeko, azkenik, beste hainbat jarduera mota egingo dira: familia-tailerrak, klima-aldaketari eta jasangarritasunari buruzko proposamen hezitzaileak, erakusketak, antzezlanak, haurrentzako jarduerak eta mural parte-hartzaile bat.
Gainera, azokara bertaratzen direnek produktu ekologikoen eta azokan erabiltzeko erosketa-txartelen zozketa batean parte hartu ahal izango dute egunero.
Aintzatespenak eta omenaldiak
Edizio honetan, Bioterrak azokan hamar urtez parte hartu duten erakunde eta enpresen leialtasuna aitortuko du: EHAEO (Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala), Txingudiko Zerbitzuak, Baskegur, Mestiza, Filtros Doulton eta Bidasoa Aktiba, hain zuzen ere.
Era berean, ekainaren 5eko inaugurazio ofizialean omenaldi berezia egingo zaie Eneek – Ekolurrari (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), bere 20. urteurrenagatik; eta NNPEKri (Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua), 30 urteko ibilbideagatik.
Omenaldi horiekin, Bioterraren asmoa da ekoizpen eta elikadura ekologikoak izan duten garrantzia nabarmentzea, azoka sortu zen unetik beratik funtsezkoak izan baitira, eta azokaren izaeraren parte izaten jarraitzen baitute.
Datu praktikoak
Bioterrarako sarrera doakoa izango da, eta aldez aurretik deskargatu ahal izango da azokaren webgunearen bitartez.
Azoka-guneak doako aparkalekua edukiko du, halaber; hala ere, antolatzaileok garraiobide publikoa edota jasangarria erabiltzera animatzen zaituztegu. Ficobaren ondoan topoko geltokia dago, eta oso erraza da azoka-gunera oinez edo bizikletaz iristea.
Gainera, Bioterra pet friendly izango da, beraz, txakurrak eraman ditzakezue.
Bioterra 2026ko programa osoa azokaren webgune ofizialera igoko da gutxi barru.
Ordutegia:
- Ekainaren 5a eta 6a (ostirala eta larunbata): 10:00 – 20:00
- Ekainaren 7a (igandea): 10:00-19:00
Adierazpen instituzionalak
Cristina Laborda, Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko burua:
“Bioterrak argi eta garbi uzten du antolaketa arrakastatsua izan dela, eta Ficobak baduela gaitasuna ekitaldi handiak hartzeko, urtero milaka pertsona erakartzen dituztenak. Horrekin batera, urtez urte, Bioterrak ere erakutsi du erabat egokia izan dela azoka honen aldeko apustua egitea; izan ere, urtero berrikuntzak ekartzen ditu, eta sektoreko eta publikoaren beharretara egokitzen da. Labordak, halaber, hiriaz eta ekaineko jarduerez gozatzera animatu die azokara joaten direnei.
José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatua:
“Trantsizio ekologikoa benetan gauzatu ahal izateko, pertsonen eguneroko bizitzara gerturatu behar dugu. Eta Bioterra horixe bera lortzeko espazioa da, eraldaketa gertuagoa, begi bistakoa eta erabilgarriagoa bihurtzen baitu hiritarrentzat. Jasangarritasuneko Sailetik azoka hau baliatu nahi dugu benetako proiektuak erakusteko; izan ere, proiektu horiek Gipuzkoa aldatzen ari dira jada. Aipagarriak dira trantsizio energetikoa (energia-komunitateak abiaburu direla), ekonomia zirkularra (dagoeneko lurraldeko BPGaren % 10 da, eta 10.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu), mugikortasun iraunkorra edo ekintza klimatikoa. Gaur egun, gure lurraldea abangoardian dago arlo horietan guztietan”.
Azahara Domínguez, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua:
“Jasangarritasuna Bioterraren oinarrizko zutabeetako bat denez, guztiz zentzuzkoa iruditzen zaigu mugitzeko aukera eraginkorragoak eta ingurunearekiko errespetutsuagoak sustatzea. Ildo horretan, iazko edizioan MUGIrekin lotutako ehun gestio baino gehiago egin ziren, eta horrek erakusten du garraio publikoak Bioterra bisitatzen duten pertsonengan pizten duen interesa. Gure helburua da herritarrengana gero eta gehiago hurbiltzea sistema aitzindari eta erreferente hau; izan ere, 2025ean 90 milioi bidaia baino gehiago erregistratu zituen. Horretarako, Bioterra erakusleiho aparta da.
Ekitaldiaren garrantzia kontuan hartuta, Gipuzkoak azoka, kongresu eta ekitaldi profesionalen helmuga gisa duen potentziala ere nabarmendu nahi dut, horrek gure lurraldean sortzen duen eragin ekonomikoarekin batera. Zentzu horretan, pozgarria da horrelako topaketek ekoizle ezberdinekin —horietako asko tokiko merkataritzako eragileak— iraupen luzeko eta konfiantzazko harremanak eraikitzeko aukera ematea; horrek, gainera, jasangarritasunaren arloan enplegu egonkorragoak sustatzen laguntzen du”.
www.bioterra.org