• Ezagutu itzazu hizlari garrantzitsuak Bioterra 2023ko hitzaldi-programan, esaterako, Fernando Valladares, Karmelo Bizkarra, Carlos Taibo eta Climabar
  • Murgildu kosmetika ekologikoaren eta ekonomia zirkularraren munduan Biobeauty-Zero Zabor gunean
  • Kozinatu osasuntsu eta dibertituz Sukaldean gunean, eta gozatu Yoga Dayrekin, tailerrekin, zuzeneko musikarekin eta zozketekin
  • Esploratu bioeraikuntza Ekaikiz Gunean, eta deskubritu etxe iraunkor baterako giltzarriak
  • Jarduera asko eta asko txikienentzat: Zatoz familian eta gozatu aulki hegalariak dituen tiobiboaz!
  • 4000 lagunek baino gehiagok dagoeneko deskargatu dute doako sarrera! Bat egin ezazu komunitate ekologikoarekin www.bioterra.org”  webgunean, eta gozatu Bioterraz ekainaren 2tik 4ra

Aurtengoa berezia da Bioterrarentzat, hogeigarren edizioa baitu. Bioterrak ez du inoiz huts egin 2003tik. Etenik gabe egin da, baita pandemiak jo zuen 2020ko urte hartan ere. Azoka urtez urte egin da Ficoba abian jarri zenetik, baita 2020an ere, eta bertan, 2.200 enpresa erakusketarik eta 190.000 lagun inguruk parte hartu dute.

Bioterra hazten joan da sektorearekin. Lehenengo edizioan, pabiloi bakar batean sartzen ziren enpresa erakusketariak. Gaur egun, Ficobako bazter guztiak betetzen ditu Bioterrak.

Bioterrak eboluzionatu ere egin du sektorearekin. Klima-aldaketaz hitz egiten hasi ginen. Kontzeptu horrek bilakaera bat izan du, errealitateak bultzatuta, eta orain larrialdi klimatikoaz hitz egiten dugu. Beste gai batzuk naturaltasunez gehitu dira Bioterraren erakusketa- eta dibulgazio-proposamenera, hala nola permakultura, etxe osasuntsu eta jasangarria, bioeraikuntza edo elikadura osasungarria.

19 urte hauetan, Bioterrak bere helburuak lortu ditu, eta Estatuko iparraldean eta Frantziako hegoaldean, erreferentziazko azoka ekologiko bat bihurtu da. Bioterra ezinbesteko hitzordu bat da, eta ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuekin konprometitutako pertsonen eta enpresen komunitate bat sortu du, egunez egun hazten ari den komunitate bat. Errealitate horren atzean, arrazoi batzuk daude.

Bisitariek eta enpresa erakusketariek osatzen duten publiko horrek hasiera-hasieratik balioetsi du Bioterraren zertasun ekologikoa, eta Batzorde Antolatzaileak bermatzen du zertasun hori. 2004an abian jarri zenetik, sektoreko elkarte eta operadore espezialistek parte hartzen dute batzorde horretan.

Bioterraren beste ezaugarri bat, arrakastaren oinarria dena, ekologiaren kultura dibulgazio-jardueren bidez sustatzea da. Alde horretatik, nabarmendu behar da Bioterra gai izan dela kultura ekologikoko erreferenteak ekartzeko Ficobara, besteak beste, Nobel Sari Alternatiboa den Vandana Shiva, edo Masaru Emoto japoniarra.

Bioterrak badu akuilagarririk hurrengo hogei urteei ere ekiteko; izan ere, gorantz egiten ari diren sektore horiek interes berritua eskaintzen die gizarteko gero eta talde zabalagoei.

Sektorearen eta erakundeen babesa

2004ko lehen ediziotik, Bioterrak babes sendoa izan du, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du.  Hori islatzen du Batzorde Antolatzaileak. Etorkizun jasangarria sustatzeko aukera duten sektoreetako ordezkariek osatua dago batzordea. Hor sartuta daude Ekolurra (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), BLE (Biharko Lurraren Elkartea), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentua, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Arkmonia arkitektura-estudioa eta Bilibin Circular, ekonomia zirkularreko aholkularia.

Euskal erakundeek ere babesten dute azoka, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak.

Hizlari-taldean, Carlos Taibo, Fernando Valladares, Climabar eta Karmelo Bizkarra

Ficobako azoka ekologikoaren hogeigarren edizioa ekainaren 2tik 4ra egingo da, eta, enpresa erakusketari ugarik parte hartzeaz gain, jarduera- eta hitzaldi-eskaintza zabal bat ere izango da planetaren jasangarritasuna sustatu nahi duten bisitarientzat.

Aurtengo ediziorako prestatu den hitzaldi-programak aditu eta dibulgatzaile ugari biltzen ditu. Ekainaren 3an, larunbatarekin, Carlos Taibo UAMeko Zientzia Politikoko irakasle eta krisi ekologikoari, desazkundeari eta kolapsoari buruzko liburuen egile ezagunak inauguratuko du hitzaldi-programa. Desazkundeari eta kolapsoari buruz hitz egingo du Carlos Taibok. Nola klima-aldaketagatik eta lehengai energetikoen agortzeagatik oso une berezian gauden, begi bistan baitago kolapso orokor bat gerta litekeela.

Ondoren, Fernando Valladares arituko da, komunikabideetan maiz agertzen da bera. Fernando Valladares Biologian doktorea, Ikerketa Zientifikoen Goren Kontseiluko ikertzailea eta Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitateko irakasle elkartua da. Oso zientzialari aipatua da, ikerketa ugari egin dituena biodibertsitateak eta klima-aldaketaren eta giza jardunaren inpaktuak ekosistemetan dituzten ondorioei buruz. Bere esku-hartzearen ardatza izango da ingurumenaren eta osasunaren arteko lotura, “benetan zerk gaixotzen eta zerk hiltzen gaituen…”

Climabar instagrameko kontu bat da, klimari buruzko gaiak lurrera jaistea lortzen duena, eta Belén Hinojar eta Carmen Huidobro dira bultzatzaileak. Helburua dute beren ustez historiako marketin-kanpainarik okerrena aldatzea, klima-aldaketarena alegia.

Marta Marcé nutrizionista, naturopata eta komunikatzailea ere izango da 2023ko hitzaldi-programan, eta menopausia osasungarriari buruz hitz egingo du. Patricia Restrepo idazlea, nutrizionista eta makrobiotika-aholkularia da, eta ohartarazten du nahasketa handia dagoela dieta osasungarrien inguruan. “Osasungarria ez da existitzen. Existitzen dena da norberaren ezaugarri berezietara egokitutako elikadura, horri esker gara baitezakegu sortzetik dagokigun giza potentziala”.

Mayi Lekuona permakulturaz arituko da, trantsizio ekologikorako tresna den aldetik, baita hirian ere. Bestalde, Ana Estevek osasun integratiboari eta mikrobiotari buruz hitz egingo du, norberaren ongizate fisiko eta mentalerako giltzarri diren aldetik.

Bioterraren hogeigarren edizioko hitzaldien programa maiz etortzen den Karmelo Bizkarrak itxiko du. Nafarroako Zuhaizpe Bizi Osasun Zentroko zuzendari medikoa da, unibertsitateko irakaslea Medikuntza Naturistaren alorrean, eta barauak osasunean dituen onurez hitz egingo du Ficobako entzunaretoan.

Eraikiz Gunea, bioeraikuntzak gero eta balio handiagoa

Baliabideak (ura, energia, lehendik dauden eraikinak, eraikuntza deskarbonizatzea…) birgaitzea eta eraginkortasunez erabiltzea  sustatuko dituen eredu zirkular baterako trantsizioa. Jarduera-sektore guztiak daude ekarpenen bat egin beharrean larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Horregatik, Bioterrak hitzaldi-programa propioa du bioeraikuntzaren inguruan.

Aurten, besteak beste, gai hauek jorratuko ditugu: energia-komunitateak, etxebizitza kolaboratiboak, nola sortu barne-giro osasuntsuak, eremu elektromagnetikoen erradiazioak gure biologian duten eragina eta naturaren geometriarekin duten lotura. Horrez gain, gure etxea sendatzen ikasiko dugu Azterketa Geobiologikoen Elkarteko Javier Petralandaren eskutik.

Kosmetika ekologikoa eta ekonomia zirkularra, beste ikuspegi jasangarri batzuk

Biobeauty–Zero Zabor guneak bi ikuspegi konbinatzen ditu. Batetik, kosmetika ekologikoa eta haren ezaugarriak zabaltzeko eta ezagutzeko gune bat da, eta, bestetik, topagune bat ere bada ekonomia zirkularrari buruz hitz egiteko, informatzeko eta eztabaidatzeko.

Biobeauty-Zero Zabor gunean hainbat gai lantzen dira, hala nola, emakumeen osasun naturala; parte-hartzaileek hormonak orekatzeko tindagaia egiten ikasiko duten tailer bat; hilekoaren minetarako pomada bat; azala zaintzeko sendabelarren erabilera; D bitaminaren urritasunaren, eta larruazaleko orbanen eta mikrobiomaren arteko lotura; moda azkarraren arriskuak edo edertasun naturala, bere lerro kosmetikoaren sortzaile den Victoria Moradell kosmetika naturaleko irakaslearen eskutik.

Negozio-eredu zirkular berriak ere jorratuko dira; esaterako,  Spanset enpresaren eta Emaus Gipuzkoa gizarteratze-enpresaren eta bere upcycling-markaren arteko lankidetzaren bidez garatu dutena. Izan ere, produktu eta enbalaje ekodiseinatuak egiten dituzte, eslingak, amarradurak, arnesak eta beste produktu batzuk fabrikatzearen ondorioz sortzen den askotariko hondakin industrialetik abiatuta.

Gure sukaldeetan ere badago bizimodu osasungarri eta jasangarri baterako sekretua

Sukaldean gunea indar handiz itzuli da Bioterraren edizio honetara. Janari osasungarria kozinatzen ikasteko aukera bat da, eta ingurumena errespetatuz eta dibertituz gainera.

Edizio honetarako proposamenen artean, tailer bat kefir beganoari, ashwagandhari eta kurkuma hartzituari buruz, eta beste tailer bat ogitarteko % 100 osasungarriak edo basa-loreetatik abiatuta hartzitutako limonada prestatzeko. Eta horiez gainera, haurrei bereziki zuzendutako tailerrak ere izango dira.

Yoga Day, tailerrak, musika zuzenean eta zozketak: Bioterra esperientzia

Bioterra asteburuko plan bat da azokara joaten diren milaka pertsonentzat.

Badakite bisitaldian Estatuko bazter guztietako enpresa erakusketariak ikusiko dituztela, beti beren produktu- eta zerbitzu-proposamenak azaltzeko prest. Gainera, Ficobako guneetan egiten diren adituen hitzaldietara joan ahal izango dira, eta ikasi ere ahal izango dute tailerretan parte hartuz (sukaldaritza, baratzezaintza…).

Gorputza eta burua ere entrenatu dezakete Bioterra Yoga Dayren zazpigarren edizioan. Ekainaren 4an izango da, igandearekin, 10:30ean. Gainera, Bioterrazako “postuetan” indarrak berritu ahal izango dituzte.

Beste aukera bat da zortea probatzea Ekolurraren produktu ekologikoen sorten zozketetakoren batean. Era berean, azokako produktuetan gastatzeko 100 €-ko erosketa-txartelen zozketetan ere parte hartu ahal izango da. Eta, gainera, 100 €-ko beste 4 sari ere zozkatuko dira, Bioterran parte hartzen duten belar-dendetakoren batean gastatzeko.

Musika entzunez erlaxatzeko aukera ere izango da, DJak izango baitira Ficobako pabiloiak musikarekin girotzen.

Plan eder bat, sarrera eta aparkalekua doan, eta Euskotrenen geltokia 50 metro ingurura, garraio publikoa erabili nahi dutenentzat.

Datu praktikoak

Ordutegia:

Ostiralean, 10:00-20:00 / Larunbatean, 10:00-20:00 / Igandean, 10:00-19:00

Azokaren inaugurazio ofiziala ekainaren 2an, ostiralean, izango da, 12:00etan, Ficobako hallean.

www.bioterra.org