Loading Ekitaldiak
  • This event has passed.

Erbestearen oroimen eta omenaldi eguna

8.05.2026 | 11:30 am - 1:00 pm


Irungo alkate Cristina Labordak iragarri duenez, aurten, hirian egingo da Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzak Erbestearen Biktimak Omentzeko Egunaren bueltan antolatzen duen ekitaldi instituzionala. 11:30etik aurrera izango da, Ficobako auditoriumean, eta Irun eta Abenida zubia memoria demokratikoa berreskuratzeko erreferentziazko leku bihurtuko ditu.

Ekitaldiak ordubete inguru iraungo du, eta biktimei eta haien senideei eskainitako omenaldi batek, musika eta dantza emanaldiek eta bideo proiekzioek osatuko dute. Lurralde Politikarako eta Memoria Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torres izango da Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren burua, eta beste agintari eta ordezkari publiko batzuek eta memoria demokratikoaren esparruan aritzen diren entitateek ere parte hartuko dute.

Memoria Demokratikoari buruzko Legearen 8. artikulua betetze aldera antolatzen da ospakizuna, artikulu horrek erbestearen biktimak omentzeko egun ofizial deklaratu baitzuen maiatzaren 8a; alegia, Bigarren Mundu Gerra bukatu zen, Europa askatu zen eta indar faxistak mendean hartu ziren eguna. Lurraldea utzi behar izan zutenei omenaldi eta aitortza instituzionala egiteko aukera bat da. Aurten, gainera, urtarrilaren 30ean, Abenida zubia memoria demokratikoaren leku izendatua izan zen, eta plaka jarri ere egin zen.

Laugarren aldia da horrelako ekitaldi bat antolatzen dena: 2023an, Frantzian izan zen, Le Perthus, Argelès-sur-Mer eta Colliouren; 2024an, Alacanten, Afrika iparraldera erbesteratutakoen omenetan eta, bereziki, Stanbrook itsasontziko bidaiariak gogoan; eta, iaz, Asturiasen, Avilésen, Espainiaren askatasunaren 50. urteurrenaren esparruan.

Ekimen honi esker, Irun memoriaren leku eta topagune esanguratsua bilakatuko da, erbestearen biktimen oroitzapenari bizirik eusten eta herritarren artean balio demokratikoak sustatzen lagunduko baitu.

Ekitaldian parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aurrez, [email protected] helbide elektronikora idatzi eta beren datu pertsonalak emanda, antolakuntza eta kontrol lanak errazteko.

Memoria demokratikorako balio sinboliko handia

Irunen egingo den ekitaldi instituzionalaren barruan, Abenida zubiaren garrantzia gogoraraziko da, memoria demokratikorako balio sinboliko handiko lekua baita: Espainiako Gerra Zibilean, Frantziarantz ihes egiteko erabili zuten milaka lagunek –asko eta asko, emakumeak eta haurrak–, eta, horrela, errepublikarren erbesterako bide nagusietako bat izan zen.

Ildo horretatik, Espainiako Gobernuak nabarmendu du zubia funtsezkoa dela erbesteratuek Europan demokraziaren eta askatasunaren alde egin zuten ekarpena aldarrikatzeko; bereziki, Bigarren Mundu Gerraren bukaeraren testuinguruan egindakoa.

Ihes egiteko bide ez ezik, Abenida zubia errepresio frankistako gertakari adierazgarrien lekuko ere izan zen; adibidez, naziek okupatutako lurraldeetan erbestean zeuden agintari politikoak agintari frankistei entregatzearena.

Bada, hori guztia kontuan izanda, argi eta garbi dago memoriaren leku dela zubia, eta erabat arrazoizkoa da erbesteratuak omentzeko leku nagusietako bat izateko aukeratu izana.

Era berean, Irun eta, bereziki, Abenida zubia aukeratu izana bat dator oroitzapen ekitaldi instituzionala erbesteko esperientziarekin zuzeneko harremana duten lekuetan egiteko nahiarekin, eta erreparazio irakurketa pedagogikoa eta errekonozimendu kolektiboa egiteko bide ematen du.

Xehetasunak

  • Data: 8.05.2026
  • Ordua:
    11:30 am - 1:00 pm

Nola heldu

FICOBA
Avenida de Iparralde, 43
20302 - Irun
Gipuzkoa
España
+ Google Map
Telefonoa:
943667788