Ekitaldi propioak

Ficoban, ekitaldiak hartzeaz gain, gure azoka eta kongresuak oso-osorik antolatzen ditugu.

Gure ingurunearen, enpresa-sarearen zein herritarren, beharrei eta interesei erantzuteko desberdintasunak markatzen dituzten ekitaldiak diseinatu, planifikatu eta ekoiztu egiten ditugu. Edizioz edizio beren lana ezagutzera emateko gugan konfiantza izaten jarraitzen duten erakunde kolaboratzaileak, enpresak eta irabazi asmorik gabeko elkarteak ditugu inguruan.

20 urte baino gehiago daramatzagu lurraldeari balioa ematen, konektatzeko eta partekatzeko topaketa paregabeen bidez. Hauek dira nabarmendu nahi ditugun ekitaldietako batzuk.

Ababor Euskadiko azoka nautikoa da, aisialdiko nautika, uretako jarduerak eta turismoa ardatz dituena. Beraz, funtsezko hitzordua da nabigatzea gustuko duten pertsonentzat eta ontzi berria erosteko, dagoeneko badutenerako zerbitzuak kontratatzeko edo, besterik gabe, sektoreko azken berrikuntzei buruzko informazioa jasotzeko interesa duten pertsonentzat. 2025ean hirugarren edizioa izango du, eta azokaz gain, Elkarrekin Ababor ere ospatuko dugu, Txingudiko badiaren inguruan egiten diren jarduera nautikoen multzoa.

Euskadiko jaialdi beganoak 2019an ospatu zuen lehen edizioa, errealitate berri batera eta herritarren kezka eta interes berrietara hurbiltzeko. Animalienganako errespetua, ingurumenaren zaintza eta jasangarritasuna dira nagusi abenduro antolatzen dugun ekitaldi honetan. Produktuak, zerbitzuak eta tailerrak, aurkezpenak, hitzaldiak eta musika biltzen dituen egitarau zabala, hain garrantzitsua izaten ari den bizimodu honetan murgiltzeko. Be Veggiek publiko beganoa ez ezik, jakin-mina duten pertsonak ere erakartzen ditu, produktu berriak probatzeko prest daudenak eta inor axolagabe uzten ez duen mundu % 100 begetala deskubritzeko prest daudenak.

2025ekoa Euskadiko azoka ekologikoaren 22. edizioa izango da, eta produktu ekologikoak, bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsua izango ditugu bertan hizpide. Estatuko formatu handiko lehen azoka ekologikoetako bat izanik, Ficobaren apustu handietako bat izan zen bere inaugurazioan. Urtez urte sendotuz eta merkatura egokituz joan da, azken bezeroarentzako eta erosle profesionalentzako produktu eta zerbitzu interesgarriak eskaintzea lortzen duena. Bioterra, gainera, jarduera paraleloen programa batekin osatzen da, hala nola showcooking-ak, mahai-inguruak eta ikasteko eta gozatzeko workshop-ak.

Mubil HUBek, alegia, Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren HUBak, sustatuta, Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala da. Azoka honek lau edizio arrakastatsu izan ditu dagoeneko, eta industria-sektoreko eta sektore digitaleko enpresa berritzaileenak biltzen ditu. Mubil Mobility Expo azoka profesionala da, eta, bere bidez, mugikortasun jasangarriaren balio-kate osoan negozio-aukerak sortzearen alde egiten dugu, lankidetza publiko-pribatua sustatuz.

Uhinak klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresua da, eta Ficoban antolatzen dugu Azti zentro teknologikoarekin batera. Urtero 150 ikertzaile eta profesional inguru biltzen dituen kongresua da, ikasketa eta proiektu berrienei buruz entzun, eztabaidatu eta ikasteko asmoz. Kongresuaren helburua zientziaren esparrutik larrialdi klimatikoa arintzeko bideak irekitzea da eta, horretarako, zientzialarien, adituen, administrazio publikoen eta enpresen elkarreragina bultzatzen dugu.

Soldaduran eta beste lotura-teknologietan espezializatuta dagoen Espainiako azoka bakarra da. Bere naming-ak batzeko ideia adierazten du, ez bakarrik soldaduraren oinarrizko funtzioan, baita azoka gisa ere: loturak indarra egiten duen elkargunea da. 2023an antolatu genuen UNIRE lehen aldiz, eta 2025ean bigarren edizioa ospatuko dugu, erakusketari gehiagorekin, sektoreko profesionalak eta konpainiak azken nobedade eta joerekin are gehiago konektatzeko.