Zuzeneko musika onena Roberekin. Ficoba martxan jarri zen Roberen kontzertuarekin “Ni santos ni inocentes” biran zehar izan duen Gipuzkoako hitzordu bakarrean.

Joan den maiatzaren 31n Ficoba musika onaz bete zen Roberen kontzertuari esker. 21:30 inguruan lehen akordeak entzun ahal izan genituen, Robe gitarrarekin hasi eta taldea agertokira igotzen zen bitartean. Bi ordu t’erdiko ikuskizunean zehar, Se nos lleva el aire bere azken laneko kantez gozatu genuen. Ficobak dar-dar egin zuen “Puntos suspensivos” eta “Nada que perder” bezalako abestiekin. Baina aurreko diskoek ere tokia izan zuten, eta, jakina, baita Extremoduroren abesti ospetsu batzuek ere, besteak beste “So payaso” edo “La vereda de la puerta de atrás”.

 

Ikusle askok Ficoban dugun Euskotren-eko geltokia probestu zuten kontzertura garraio publikoan bertaratzeko. Itzulerarako, autobus zerbitzu berezi bat jarri zen martxan, etxera buelta bideratzeko. Bi zerbitzu hauek partekatutako garraioaren erabilera erraztu eta sustatu zuten, ekitaldi jasangarrien antolakuntzan gako dena guretzat.

Datozen hilabeteotan zuzeneko musikaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Hurrengo hitzordua abuztuaren 24an izango dugu Lur Sound jaialdi ekologikoarekin. Egunez hasi eta gauera arte luzatuko den programazioarekin, Tania Vulcano eta La Furia bezalako artistez gozatzeko aukera izango dugu. Esteka honetan eskura daitezke ticketak.

Bestalde, irailean, Irun Zuzenean Festibalaren edizio berria izango dugu. Irailaren 27 eta 28an bertako nahiz estatuko artistak izango ditugu gurean, hasten ari direnak nahiz dagoeneko hainbat urteko ibilbidea dutenak. Bulego, Nøgen eta Rulo y la Contrabanda arituko dira jaialdian, besteak beste. Hemen erosi daitezke sarrerak.