Larrialdi klimatikoaren aurrean ekiteko mugitzen gara” eslogan berritua izango da Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko Mugaz Gaindiko Biltzarraren laugarren edizioa, komunitate zientifiko, tekniko eta Administrazio Publikoko ordezkariak biltzen dituena. Diziplinarteko planteamendua da, eta kongresu honen helburua da kudeatzaileek klima-aldaketaren aurrean dituzten beharrak ezagutzea eta komunitate zientifikoak horiek konpontzeko zer ekarpen egin dezakeen ikustea.

Gaiak ezin du gaurkotasun handiagoa izan. Herrialdeak, lurraldeak eta hiriak larrialdi klimatikoa deklaratzen ari dira. Duela gutxi, “Gloria” denboraleak sekulako hondamena utzi du atzean, batez ere Mediterraneoko kostaldean. Klima aldaketaren ondorioa al da?

 Eboluzionatzen duen errealitatea

Adolfo Uriartek, Ficobarekin batera Uhinak kongresua antolatzen duen AZTI erakundearen Balio zuzendariak, honako hau adierazi du: “2017tik, hau da, biltzarraren ibilbidea hasi zenetik, aldaketa batzuk gertatu dira krisi klimatikoaren pertzepzioan. Aldaketa horiek nabarmentzea merezi dute, baina, agian, gobernu ugarik -besteak beste, EBko, Espainiako eta Euskadiko gobernuek- planetako hainbat tokitan egindako larrialdi klimatikoaren deklarazioak izan du eragin handiena. Larrialdia kontzientzia politikoak aktibatzen saiatzen ari da, dagoen ingurumen-krisian ekiten hasteko.

COP25ek 2019ko abenduan egindako azken bilera, ez da -batzuek esaten duten bezala- erabateko porrota izan eta gutxiago ere, konpromisoak ere hartu ziren goi-bilera horretan. Horietako bat, seguru asko Uhin-ekook hartu dugun konpromisoaren barruan gehien eragiten diguna, zientziaren zereginari eman zaion aintzatespen orokorra da. Argi eta garbi aitortu da IPCCk (Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Adituen Taldea) duen zeregina, eta adostu da politikak etengabe eguneratu behar direla zientziaren aurrerapenetan oinarrituta.

Horretan ari gara, herri mailan lan egiten dugu baina gero eta ikuspegi globalagoarekin. Gure lehen edizioan eman genuen mezuarekin jo eta ke jarraitu behar dugu: ezer ez egiteak dakarren kostua askoz ere handiagoa izango da aldaketei aurre egiteko eta aldaketetara egokitzeko kostua baino. Aprobetxatu dezagun aukera hori. Ondo kudeatutako aukera hori abantaila ekonomiko eta bizi-kalitatearen hobekuntza bihur daiteke guztiontzat. Gure esperientziatik aterako dira, zalantzarik gabe horretan lagunduko duten konponbideak”.

Uhinak 2020

Klima larrialdiari aurre egiteko beharraren alde egiten duen filosofia horrekin jarri da martxan Uhinak biltzarraren edizio berria. “SAVE the date” (data-erreserba) abiarazi da, biltzarkideek beren agendetan lekua egin dezaten, eta txostenen programa egiten hasi da. Programa hori gaikako lau bloke handiren inguruan antolatuko da.

1 blokean: Larrialdi klimatikoa: Gure itsasbazterra 2050ean. Bloke honetan gai hauek jorratuko dira: 1.5ºC-tik gorako berotze globalaren ondoriozko arriskuak, IPCCk (Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeak) ozeanoei eta kriosferari buruz egindako txosten berria, erresilientzia eta inpaktuak giza jardueretan, ekosistemetan eta horien zerbitzuetan, eta biodibertsitatea, artxibo paleoklimatikoak edo agertoki klimatikoak.

 

Muturreko gertaerei eta egokitzapen-neurriei buruzko 2. Blokeak gai hauek landuko ditu:  muturreko olatuak, denboraleak, marea meteorologikoak, uholdeak, epidemiak, bero-boladak, arriskuaren kudeaketa, klima-aldaketak muturreko gertaerei egiten dien ekarpena ebaluatzeko erronkak, klima-behatokien sareak eta jarraipena egiteko tresna berritzaileak, hondartzetan, portuetan, azpiegitura kritikoetan eta hiriguneetan gertatzen diren ondorio eta kalteak, eta kalteberatasuna, itsasertzaren esposizioa, jarduketak eta egokitzapen-estrategiak.

3 blokean, “Karbono urdina eta klima-aldaketa arintzea” izenburupean, honako gai hauek landuko dira: Ozeanoetako eta kostaldeko ekosistemek harrapatutako karbonoaren papera (karbono urdina) karbono arintze globalean, ekonomia urdinaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra, ebaluazio ekonomikoak eta klima-aldaketaren arintzea kostaldean.

Azkenik, Gobernantzari eta kudeaketa-tresnei buruzko 4. blokean, adituek honako gai hauek eztabaidatuko dituzte: kostaldeko eremuen kudeaketa integratua eta itsasoko espazio-plangintza, kudeaketa ekosistemikoa eta naturan oinarritutako irtenbideak, alerta goiztiarretarako eta erabakiak hartzeko tresnak, itsasertzeko klimaren aldeko ekintza-planak eta -programak, eta komunikazioa, pertzepzioa eta herritarren parte-hartzea.

4 gai-multzo; lehen mailako hizlari nazionalek eta nazioartekoek hartuko dute parte, bi egunez, Ficoban, klima-larrialdiari eta horrek itsasertzean dituen ondorioei ikuspegi plural, zeharkako eta diziplina anitzeko batetik heldu ahal izateko testuinguru egokia diseinatzeko ideiak eta hausnarketak partekatuz.

Uhinak

Uhinak, Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko Mugaz gaindiko Biltzarra Ficobak eta AZTIk sustatzen dute, eta batzorde tekniko baten babesa du. Erakunde hauetako ordezkariek osatzen dute batzorde hori: Eusko Jaurlaritza (Ihobe); Gipuzkoako Foru Aldundia; Communauté d’agglomération Pays Basque; Adegi; CSIC/ESADE/CEAB; Klima Aldaketarako Espainiako Bulegoa; BC3; EUCC Atlantic Center; Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Euskadiko Elkargoa; Naturklima Fundazioa; IAHR (International Association for Hydro-Environment Engineering and Research); Iraunkortasunerako Behatokia – Cristina Enea Fundazioa; Aquitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea; eta AZTI.

Era berean, erakunde ugarik babesten dute Uhinak, hala nola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Ihobe sozietate publikoaren bitartez; Gipuzkoako Foru Aldundiak Ingurumen departamentua); Communauté d’agglomération Pays Basque erakundeak; eta Nouvelle Aquitaine Eskualdeak.

 Informazio gehiago: www.uhinak.com