Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak Turislanen hirugarren edizioari dagozkion partaidetza datuak aurkeztu ditu. Turismoko enplegu azokaren aurtengo edizioa martxoaren 25ean eta 26an egingo da, enplegu profesional eta kalitatezkoa sortzeko, sektorea profesionalizatzeko eta helmugaren kalitatea hobetzeko xedez. Prentsaurrekoan egon dira, baita ere, Ander Sarratea, Ficobako zuzendari gerentea, eta Maite Cruzado, Turismo zuzendaria.

Turislanek azken bi urteetan izandako emaitza onek bermaturik, bai Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak erabaki dute Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea ekimena, eta horretarako, badituzte Lanbideren eta GARAPEN, Eskualdeko Garapen Agentzien Elkartearen lankidetza eta inplikazioa.

«Erabaki horrek urrats kualitatibo bat dakar, eta erakusten du sendotzen ari dela proiektu bat, erreferente izan nahi duena eta lagundu nahi duena Gipuzkoako turismo sektorearen eta horko enpleguaren kalitatea hobetzen, eta helmuga sozialki nahiz ekonomikoki jasangarri bat garatzen”, adierazi du Itxasok.

Gipuzkoako azpisektore turistiko askotako 50 erakusketarik parte hartuko dute azokan. Erakusketari gehienak, 14, hotelen eta ostatuen sektorekoak dira; 10 enpleguaren sektorekoak; 8 ostalaritza eta merkataritzaren sektorekoak; 8 agentziak dira; 6 prestakuntzaren sektorekoak; eta 4 zerbitzu osagarrien sektorekoak. Azokan bertan, erakusketariek espazio bereiziak izango dituzte hautagaiei elkarrizketa pertsonalak giro lasaiago batean egiteko.

Lanbidek homologatutako zortzi enplegu agentziak ere parte hartu dute, lan bitartekari gisa. Horrela, martxoaren 1etik 10era 150 lanpostu eskaintzatik gora jaso eta argitaratu dira webgunean.  Gainera, eta nobedade gisa, azokaren egunetan «iragarki taula» bat egongo da, plataformara igotzeko epetik kanpo aurkeztu diren lan eskaintzak iragartzeko, Oraingoz 140 lanpostu iragarriko dira «iragarki taula» horretan. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, eta azokan bertan entregatu daiteke curriculuma, bertan dauden erakusmahaietako edozeinetan.

«Edizio honetan inoiz baino lanpostu gehiago eskaini dira, eta horrek erakusten du aurten Euskadi osorako jauzia eman duen azoka hau finkatuta dagoela. Datu horiek guztiek erakusten dute horrelako azoka bat beharrezkoa eta egokia dela, bai enplegu eskatzaileentzat, bai lanbideratzeko sektorearentzat, eta apustu bat dela, enpleguaren kalitatea bilatzeko, sektorea profesionalizatzeko eta San Sebastian Region helmugaren kalitatea hobetzeko». Izan ere, azokan prestakuntza eskaintzen da, esperientziak trukatzen dira, hotel berrietarako beharrezkoak diren langileak kontratatzen dira, eta sektore turistikoak gure lurraldearen ekonomian duen pisu gero eta handiagoa bistaratzen da», adierazi du Itxasok.

Tailer praktikoa

Lana modu aktiboan bilatzeko gaitasuna hobetzeko helburuz, tailer praktiko bat diseinatu da aurten, bereziki lan bila dabiltzan pertsonentzat. Tailer praktikoak bi gune izango ditu: 1. gunean, Curriculum Txokoa, bi mahai egongo dira. Bertan, lan arloko orientatzaileek curriculuma eta bideocurriculuma egiten lagunduko diete parte hartzaileei. Gainera, argazkilari profesional bat ere egongo da, nahi duenari curriculumean jartzeko argazkia egiteko. Lan prestatzaile batek, Iker Fernandez, informazio pilulak emango ditu egun osoan zehar, lan elkarrizketa bat egiterakoan kontuan hartu beharreko gomendio nagusiekin, ez-ahozko komunikazioaren garrantziari buruz, enpresa bati zuzentzerakoan kontuan hartu beharrekoei buruz, eta abar. 2. gunean, Erakusleihoa, nahi duten pertsona nahiz enpresek beren esperientzia kontatu dezakete, proiektuaren berri eman eta sektore turistikoarako egiten duten balio proposamena azaldu.

Turislan foroa

Ohi bezala, Turislan Foroa ere egingo da. Aurten, turismoa eta enplegua izango ditu hizpide, eta hitzaldi asko egongo dira proposamen baten inguruan: «Kalitatezko enplegua: erronka bat Euskadiko sektore turistikoarentzat». Hizlariak izango dira, besteak beste, Sara de la Rica (Iseak Fundazioko zuzendaria eta Ekonomian katedraduna EHUn), Jon Azkue (Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea), Jose Luis Mayoz (Lanbideren Gipuzkoako Lurralde Bulegoko arduraduna), Leire Otaegi (Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziako enplegu arduraduna) eta Eva Fernandez (Bidasoa Bizirik eskualdeko garapen agentziako zuzendari gerentea).

Enplegu Azoka Aste Santuan hasten den goi denboraldiko kontratazioen atarikoa izango da. Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat.

Turismo sektoreak sendotzen jarraitzen du, bera baita Euskadiko garapen ekonomikoaren motorrik garrantzitsuenetako bat, aberastasuna eta enplegua sortzen dituena. Eustaten azken datuen arabera, Euskadin 2016an egindako turismo gastua 4.300 euro izan zen; horrek esan nahi du barne-produktu gordin osoaren % 6,1 dela; eta goranzko joera du, gainera. Gizarte Segurantzako afiliazioen arabera, Euskadin 100.000 pertsona baino gehiagok lan egiten dute jarduera turistikoetan; Gipuzkoan, 20.000 pertsonatik gora daude lanean soilik hotel-establezimenduetan, eta 25.000tik gora, berriz, jarduera turistikoko establezimenduetan.

Horregatik guztiagatik, bai Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak uste dute estrategikoa dela bultzada bat ematea enplegu aukerei, horren kalitatea hobetzeari, eta sektorea profesionalizatzeari.

Azokaren ordutegia: Martxoaren 25ean 9.30etik 14.00etara eta 15.30etik 17.30era, eta 26an 9.30etik 14.00etara.