• Egun eta leku berean hainbat lan-elkarrizketa egiteko eta aldez aurretik hitzordua hartzeko aukera izan da 1.000 bisita jaso dituen jardunaldiaren alderdi aipagarrienetako bat.
  • Enpresa erakusketariek oso positiboki baloratu dute edizio honetan parte hartu izana. Ikasleen eta etorkizuneko profesionalen interesa ere piztu du azokak.

Turislan Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azokak balantze positiboarekin itxi du azaroak 19an Ficoban egin zen etapa berriko lehen edizioa. Enpresa erakusketarien gogobetetasuna, jardunaldian izandako giro ona eta enpresen eta hautagaien arteko harreman zuzenerako aukerak izan dira edizio honen ezaugarri nagusiak. Guztira, 1.000 bisita inguru jaso ditu azokak, horietatik 100 ikasleenak, eta 200 enplegu-eskaintza baino gehiago bildu ditu.

Turislanen erakargarritasun nagusietako bat egun eta leku berean hainbat enpresarekin lan-elkarrizketak egiteko aukera izan da. Gainera, azokaren webgunearen bidez aldez aurretik hitzordua hartu zuten pertsonek aurrez antolatutako elkarrizketa-agenda batekin joateko aukera izan dute.

Gipuzkoatik haragoko interesa

Bisitari gehienak Gipuzkoatik etorri diren arren, Turislanek beste lurralde batzuetako pertsonak ere erakarri ditu. Jatorriari buruzko informazioa duten bisitarien artean, % 14 inguru Bizkaitik etorri dira, eta % 6, berriz, Estatuko beste probintzia batzuetatik.

Jardunaldia interesgarria izan da, halaber, lan-merkatuan sartzeko prestatzen ari diren ikasleentzat. Parte-hartze horri esker, curriculumak zuzenean aurkeztu ahal izan dizkiete enpresei, beren profilak sektorearen benetako beharrekin alderatu dituzte eta etorkizunean lan egingo duten ingurune profesionala bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.

Lan-mundura hurbiltzeko aukera hori «Bereizi zaitez: nola aurkeztu zure profil profesionala» hitzaldiarekin osatu da. Hitzaldiak interesa piztu du parte-hartzaileen artean, eta tresna praktikoak eskaini ditu lan-elkarrizketak prestatzeko eta hautagaitzak aurkezteko.

Enpresen balorazio positiboa

Enpresa erakusketariek positiboki baloratu dute Turislanen parte hartu izana, bai azokako giroagatik, bai sektorean lan egin nahi duten pertsonekin harreman zuzena izateko aukerengatik. Guztira, 32 enpresa eta erakundek parte hartu dute Turislanen edizio honetan. Horien artean, sektoreko elkarteak (8), garapen-agentziak (1), prestakuntza-zentroak (3), administrazio publikoak (2) eta turismo-enpresak (18) izan dira. Azken horiek osatu dute parte hartu duten marken multzo nagusia.

Jardunaldian, halaber, enpresa-elkarteek, prestakuntza-zentroek eta turismoarekin eta enpleguarekin lotutako erakundeek parte hartu dute. Horiek guztiek jarduera eta profil profesional desberdinak espazio berean biltzen lagundu dute.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatuta eta Ficobak antolatuta, Turislanek etapa berri bati ekin dio, 2017 eta 2019 artean egindako hiru edizioen ondoren. Gipuzkoan egindako lehen hitzordu hau datozen edizioetan azoka Bizkaira eta Arabara zabaltzea aurreikusten duen proiektu baten parte da.

www.turislan.eus