-
Kolaborazio berria dugu Enpresabidearekin: Ficobatik bat egin dugu euskarazko ekonomia eta enpresan erreferente dugun hedabide digitalarekin
-
Akordio berri honekin ekitaldien sektorea balioan jarri eta gure errealitatea gizarteratu nahi dugu
Ikasturte berriarekin batera beti izan ohi ditugu berritasunak Ficoban eta aurtengo bat informazio eta komunikazioaren aldeko apustua izan da, ekitaldien sektoreko funtsezko atal bezala. Hori dela eta, aurten kolaborazio berria dugu martxan Enpresabidearekin, ekonomia eta enpresan erreferente dugun hedabidea. Enpresabidearen ezaugarri nagusietako bat euskararen aldeko estrategia da, euskaraz lan egiten baitute %100ean.
Ficobak beti babestu izan du euskararen erabilera komunikazio-hizkuntza bezala informazio, marketing, komunikazio eta publizitate ekintza eta euskarri guztietan, gure mugaz gaindiko testuinguru multikultural eta eleanitzean. Orain haratago goaz eta Enpresabidearekin ezarri dugun kolaborazioari esker, maiztasun jakin batekin iritzi-artikuluak argitaratuko ditugu bertan. Enpresabidea hiru urtetan lurraldeko ekonomia mugitzeko ezinbesteko agente bihurtu da eta inguruan ditugun enpresak ezagutzera emateko garrantzia handia bereganatu du. Artikulu hauen bidez, gure helburua da ekitaldien eta azoken sektorea pertsonengana hurbilaraztea eta proiektu bakoitzaren atzean dagoen lana balioan jartzea.
Ekitaldien sektorea, eta zehazki azokena, ekonomiaren bultzada eta hazkunderako ezinbestekoa da, baina azokek giza eta ezagutza mailatan ere badute zer egina. Honetaz hitz egiten digu, hain zuzen ere, Ander Sarratea Ficobako zuzendariak Enpresabidean argitaratu dugun lehen artikuluan. Testuan, “Azokak: ekonomia, harremanak eta ezagutza sustatzeko unibertso paraleloak” titulupean, Anderrek sektorearen garrantziari buruzko begirada hurbila aurkezten digu.