Hitzordua tradizionala da dagoeneko Ficoban, eta gero eta katu eta arraza gehiago biltzen ditu. Beste urte batez, Nazioarteko Katu Erakusketa egingo da, eta, oraingoan, 32 arrazatako 250 katu baino gehiago bilduko dira; asko, arraza berezietakoak, eta guztiak, pedigridunak.

Apirilaren 6an eta 7an, nazioarteko txapeldun, nazioarteko txapeldun handi, Europako txapeldun eta Europako txapeldun handi bihurtzeko lehiatuko dira katuak.

Siamesak, balitarrak, ekialdekoak, mandarinak eta Peterbald katuak

Bost arraza horiek protagonismo berezia izango dute Nazioarteko Katu Erakusketaren edizio honetan.

Katu siamesak Thailandian sortuak dira. Gorputzeko ilearen kanela kolorearen eta hanketako, belarrietako eta, batzuetan, aurpegiko ile ilunaren arteko kontrastea dute bereizgarri, eta gehienek urdin argiak dituzte begiak.

Balitarra siamesetik eratorritako etxe katuen arraza bat da, katu siamesak eta ile luzeko katuak gurutzatuta sortua. Siamesenen antzeko gorpuzkera eta kolore aniztasuna dute balitarrek, baina ilea luzea, zeta antzekoa eta ugaria dute.

Asteburu honetan Ficoban ikusi ahalko diren beste bi arraza mandarina eta ekialdekoa dira. Ekialdeko arrazako katuek siamesenaren antzeko morfologia dute, eta badituzte mandarinenen antzeko ezaugarriak ere, baina mandarinek erdi luzea dute ilea. Peterbald katuak, berriz, Errusian sortutako katu ilegabeak dira.

Nazioarteko epaimahaia

Epaimahaian, nabarmentzekoa da Mme Yvonne Keijn, Herbehereetakoa, zeinak 42 ekialdeko mandarin eta balitar kalifikatu beharko dituen. Esan bezala, bi arraza horiek dira, siamesarekin batera, erakusketaren edizio honetako erakarri nagusietako bat.

Gainontzeko epaimahaikideak, berriz, honako hauek izango dira: Sylvie Lamoureux (Quebec), Claude Seignot (Frantzia), Thierry Fontaine (Frantzia), Pascal Pobe (Frantzia) eta Richard Maignaut (Frantzia).

Egun bakoitzean, epaileek katuak aztertu eta sailkatuko dituzte, arraza eta kolore bakoitzeko onenak hautatzeko. Arratsaldean, kategoria bakoitzean aukeratutako katuak onena izateko lehiatuko dira, eta, igandean, Nazioarteko Katu Erakusketaren XIII. edizioan parte hartzen duen alerik onena aukeratuko da.

AMOBS STAR klub frantziarrak antolatu du erakusketa. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da AMOBS STAR, eta katuen mundua sustatzea eta jendeari arraza batzuk eta besteak ezagutaraztea du helburu.

Erakusketa Ficobako 1. pabiloian izango da, 10:00etatik 18:00etara bitartean, larunbatean eta igandean. Sarrera 4 euro kostatuko zaie helduei, eta doakoa izango da 12 urtetik beherako haurrentzat. Bisitariek doan aparkatu ahalko dute.