Gipuzkoan Go Mobility azoka egingo da azaroaren 27an eta 28an; hau da, Europa Hegoaldean etorkizuneko mugikortasun jasangarriari buruz egiten den lehen industria-erakusketa, elektromugikortasunaren eta energia biltegiratzearen eremuan aritzen diren profesional eta enpresentzat. Azoka Ficobako barrutian egingo da, Go Mobility – Basque Sustainable Mobility Industry Exhibition izenburupean, eta Gipuzkoako Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako Sailak sustatuko du.

Ficobaren hiru pabiloiak okupatuko dira; hots, 5.000 m2-ko erakusketa guztira. Horrez gain, barrutiaren kanpoaldea ere hartuko du azokak; hau da, beste 7.000 m2-ko erakusketa gehigarria ezarriko da. Aurreikusi denez, gutxi gorabehera goi mailako 1.500 profesional –zuzendariak eta erosketen arduradunak– bilduko dira eremu horretan. Sektoreko azken berrikuntzen erakusketa-eremua ez ezik, eskura izango dituzte hainbat hitzaldi eta mahai-inguru, ibilgailuen testak egiteko gune bat, matchmaking saioak, enpresetara bisita teknikoak eta Go Mobility sariak ere. Halaber, ekitaldian erosketei bultzada emateko asmoz, Go Mobilityk nazioko zein nazioarteko erosle gonbidatuen programa bat antolatuko du. Helburua da ezaugarri horiek dituzten 50 eta 100 erosle artean parte hartzea erakusketan.

Go Mobility – Basque Sustainable Mobility Industry Exhibition azoka Mugikortasun Elektrikoko Industria Garapenerako Gipuzkoako Estrategiaren barruan kokatzen da. Parte-hartze bidez taxututako estrategia horretan mugikortasunarekin eta energiarekin zerikusia duten 40 eragile, enpresa, teknologia-zentro eta erakundek baino gehiagok hartu du esku. Hiru ardatz estrategikoetan banatu da, xede hauek lortze aldera: industriaren eta teknologiaren garapenari bultzada ematea, premia berriei erantzuna emateko azpiegiturak eta gaitasunak garatzea, eta lurraldea mugikortasun elektrikoaren eta energia biltegiratzearen esparruan posizionatzea.

“Abagune ezin hobea izango da Europako enpresek mugikortasun jasangarriaren eta energia biltegiratzearen alorrean zer aurrerabide eta berrikuntza egin dituzten erakuts diezaieten mugikortasun jasangarriaren arloko konponbide berritzaileak ezagutu nahi dituzten eragile nagusiei, erosleei eta hirien erabakitzaileei” aurreratu du Ekonomiaren Sustapeneko ahaldunak, Ainhoa Aizpuruk. Ildo horretan, mugikortasun jasangarri eta adimendunaren balio-kateko eragileak bildu nahi ditu azokak, eremu horretako eragile publiko eta pribatu nagusien elkargune gisa. Era berean, ahaldunak azpimarratu duenez, Gipuzkoa eta bertako industria aukera handiak ematen dituen esparru batean posizionatzeko balioko du Go Mobilityk; hain zuzen, mugikortasun jasangarriaren eta energia biltegiratzearen alorrean.

“Gure auzo eta hirietan zehar mugitzeko modua aldatzen ari da. Gure lurraldeak eta industria-ehunak beharrezko ezaugarriak ditu mugikortasun elektriko eta jasangarriaren eta energia biltegiratzearen hedapenak zabaltzen duen abaguneaz baliatzeko. Galdu ezineko aukera bat da, eta, gainera, Europako erakunde eta enpresen arreta pizteko bide eman dezake” hausnartu du.

Gipuzkoak munduan erreferente diren enpresa traktoreak eta punta-puntakoak diren teknologia-zentroak eta ikertzaileak ditu, baita hainbat elkarte eta erakunde ere, sistema eta teknologien industria, ikerkuntza eta prestakuntza sustatzeko lan egiten dutenak. Aipagarria da, adibidez, Irizarrek fabrika berria ireki duela Adunan eta autobus elektrikoak soilik fabrikatzen dituela bertan, CAFek jauzi nabarmena eman duela bere eskumendeko Vectia enpresaren bidez autobus hibrido eta elektrikoak ekoitziz, eta Cidetec eta Petronor elkartu egin direla bateria elektrikoen eremuan ikerkuntza sustatzeko.

Gipuzkoako Aldundiak estrategia bat adostu du esparruko eragile eta enpresekin lurraldea elektromugikortasunaren eta energia biltegiratzearen eremuan posizionatzeko –estrategia horren barruan kokatzen da Go Mobility azokaren antolaketa– eta erreferentziako zentro bat diseinatzen ari da orobat arlo horretan berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko. Era berean, programa eta politika berriak garatzeko lanetan da, Etorkizuna Eraikiz programaren barruan. “Guztion artean apustu hau indartu eta bikoiztu egin behar dugu, jarduera eta enplegu berria sortzeko, Gipuzkoa etorkizuneko sektore honetan garapen-polo bihurtzeko” baieztatu du Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako ahaldunak.

Azokan parte hartu nahi duten enpresek eta banakoek informazio eta xehetasun gehiago lor ditzakete www.gomobility.org webgunean; bertan jakinaraziko dira, arian-arian, azokaren inguruko berriak.