• Apirilaren 6an eta 7an, 22 arrazatako 140 katu ikusgai egongo dira Ficoban.

Irun, 2024ko apirilak 3 – Katuak gustuko dituzu eta katu arrazen aniztasuna deskubritu nahi zenuke? Hala bada, gorde apirilaren 6a eta 7a agendan, eta zatoz Ficobako Nazioarteko Katu Erakusketaren XVII. edizioan murgiltzera.

Ekitaldi honetan, katuzaleek arraza askotako katuak miresteko aukera izango dute, horietako batzuk ez oso ezagunak. Hitzorduan Frantziako, Euskal Herriko eta Kataluniako erakusketariak izango ditugu, eta katuen dotoreziaren nazioarteko lagin bat bilduko da.

Aurten 140 katuk hartuko dute parte erakusketan. Hogeita bi arrazaren ordezkariak bilduko dira, hala nola bengalarra (basakatuen antza izateko garatutako etxeko katuen arraza bat, etxeko katu bat eta Bengalako basakatu eme baten arteko nahasketa), katu errusiar urdina (Munduko etxeko katu arraza zahar eta maitatuenetako bat); nebelung (etxeko katu pedigriduna, errusiar urdinarekin ahaidetua, baina ile luzeagoa eta zeta antzekoagoa daukana); mau egiptoarra (Egipton sortutako etxeko katu arraza); Norvegiako basoetakoa (Eskandinaviako katu arraza endemikoa); edo Maine Coon (Ipar Amerikako arraza natural zaharrenetako bat, jatorria Maine estatuan duena), besteak beste. Zalantzarik gabe, guztion gustuko katuak egongo dira.

Katu onenentzako sariak

Asteburuan, katuak lehian arituko dira, tituluetako bat eskuratzeko: nazioarteko txapelduna, nazioarteko txapeldun handia, Europako txapelduna edo Europako txapeldun handia. Epaile adituek zorrotz aztertuko dute parte-hartzaile bakoitza, eta arraza eta kolore bakoitzeko animaliarik nabarmenenak hautatuko dituzte.

Unerik zirraragarriena erakusketako katurik onena aukeratzeko momentua izango da, eta bisitari guztiek izango dute borroka horretaz gozatzeko aukera.

Ez utzi pasatzen katuen mundu harrigarrian murgiltzeko eta haien dotorezia izugarriaren lekuko izateko aukera hau. Zain gauzkazu Ficobako Nazioarteko Katu Erakusketaren XVII. edizioan!

Informazio praktikoa

Erakusketa Ficobako 1. pabilioian egingo da, 10:00etatik 18:00etara bitarteko ordutegian, hala larunbatean nola igandean. Prezioa 4 eurokoa da helduentzat, eta doakoa 12 urte arteko haurrentzat. Gainera, bertaratzen direnek doan aparkatzeko aukera izango dute.

Aurten ere azoka txiki bat egingo da, Les chamis de mamie elkarteak antolatuta, kaleko katuei elkartasuna adierazteko.