• UNIRE 2023ko martxoaren 8an eta 9an egingo da Ficoban, Irunen
  • Azokarekin batera, Soldadurako eta Lotura Teknologietako Jardunaldi Teknikoen XXIII. edizioa egingo da, CESOLek antolatuta.
  • Azokaren beste puntu interesgarrietako bat I. Soldadura Lehiaketa izango da. Lanbide Heziketako 40 zentrok baino gehiagok erakutsi dute interesa dagoeneko.

Gaur goizean, Madrilen emandako prentsaurreko batean aurkeztu da UNIRE, soldadurari eta beste lotura-teknologia batzuei buruzko azoka profesionala. Espainian egiten den gisa honetako aurreneko elkarretaratzen profesionala izango da. Ficoban izango da, Irunen, eta bertan elkartuko dira soldaduraren eta material anitzeko lotura-teknologien balio-kateko eragile guztiak, hala lotura desmuntagarriei nola desmuntaezinei dagokienez, bai eta beren industria-prozesuetan teknologia horiek aplikatzen dituzten sektore ekonomiko guztiak ere.

UNIREren asmoa industriak duen erronka bati erantzuna ematea da: balio-kate osoan efizientzia eta produktibitatea hobetzea, hain zuzen ere, fokua soldaduran eta lotura-teknologietan jarrita. Balio erantsiko kate askotako ezinbesteko operazioak dira horiek, eta ekoizpen-kostuen % 50 izatera ere irits daitezke.

UNIREk sektore transbertsal horretan jartzen du ardatza, zeina ia prozesu industrial guztietan erabiltzen baita: automobilgintza, burdinbideak, ontzigintza, hegazkingintza, energiaren sektorea edo metalaren eraldaketa, besteak beste.

Zergatik Ficoban

Azoka profesional hau antolatuta, Ficobak bere helburuetako bat betetzen du: ekimen berriak bilatzea bere eragin-eremuko ekonomia biziberritzeko, hain zuzen ere. Abiapuntua Gipuzkoa eta Euskadiko industrian soldadurak eta lotura-teknologiek duten eskari handia izan da, baita estatu osoko enpresa eta erakunde nagusiek erakutsitako interesa, azoka antolatzearen alde egin baitute.

Premisa horietatik abiatuta, UNIREren xedea da soldaduran eta lotura-teknologietan espezializatutako bilgune bihurtzea, eta Espainia iparraldeko eta estatuko industrializatutako beste eremu batzuetako soldadura-zerbitzuen erabiltzaile diren enpresak elkartzea. Gainera, Ficobak duen mugaz gaindiko izaerari esker (izan ere, Frantziako mugatik 50 metro eskasera kokatzen da), UNIREn Frantzia hego-mendebaldeko bezero potentzialak aurki ditzakete enpresa parte-hartzaileek.

Enpresa parte-hartzaileak eta UNIREko bisitariak

UNIREn parte hartuko duten enpresak soldaduraren eta material anitzeko (desmuntagarriak zein desmuntaezinak) lotura-teknologien balio-kateko enpresak dira. Bertan izango direla berretsi dutenen artean askotariko sektoreetan diharduten enpresak ditugu, hala nola gasak, soldadura-makinak, itsasgarriak, urragarriak, soldadura-simulagailuak, NBEak, teknologia-zentroak, Merkataritza Ganberetako azpikontratazio-zerbitzu espezializatua, eta abar.

Enpresa horiei batuko zaizkie, UNIRE egin arte falta diren hilabeteetan, sektore askotako ekoizle eta banatzaileak: soldadura eta mozketarako ekipamendu eta hornigaiak, soldadura- eta lotura-teknologietako I+Ga, homologazio-, ikuskapen- eta saiakuntza-zerbitzuak, besteak beste, baita prestakuntza-enpresak ere, ezinbesteko sektorea baitira etorkizunean ere profesionalik onenak izateko.

Soldaduraren eta lotura-teknologien lehen azoka honek interesa piztu du, hala enpresa parte-hartzaileen artean nola bisitarien eta soldadura-zerbitzuen preskriptoreen, erabaki-hartzaileen eta erosleen artean. Askotariko sektoreetakoak dira, hala nola automobilgintza, burdinbideak, hegazkingintza, ontzigintza, metalen eraldaketa, galdaragintza eta metalezko egituren ekoizpena, obra publikoko makineria, energia-ekoizpena, mantentze-lanetako eta konponketatako enpresak eta ekipo-ondasunen ekoizleak, besteak beste.

Soldadura-lehiaketa: beste erakargarri bat

Baldintza ugari eskatzen dituztenez, ez da ohikoa soldadura-lehiaketa bat ikustea. UNIREk, baina, sektorearen topagune izan nahi du, baita prestakuntzan ere, esangura handiko alderdia baita, eta garrantzi hori islatzeko UNIREren I. Soldadura Lehiaketa antolatu du, ikasleek eta profesionalek beren trebezia erakuts dezaten.

UNIREk deialdia igorri die Espainia osoko Lanbide Heziketako zentroei, eta 40k baino gehiagok parte hartzeko interesa erakutsi dute.

CESOL, aliatua eta jardunaldi teknikoen sustatzailea

CESOL Espainiako Soldadura eta Lotura Teknologien Elkartea ezinbesteko laguntzailea izan da UNIREren lehen edizio hau abian jartzeko. Elkartea Espainia mailako erreferentzia da soldaduraren eta lotura-teknologien esparruan, eta lankidetza aktiboan aritu da Ficobarekin, aholkularitza eta ezagutza eskainiz.

Gainera, azokari babesa eman dio, Soldaduraren eta Lotura Teknologien Jardunaldi Teknikoen 23. edizioa UNIREren data berberetan antolatuta (martxoak 7-9).

Jardunaldian Espainia mailako ekitaldirik garrantzitsuena dira soldaduraren, itsasgarrien eta beste lotura-teknologia batzuen alderdian. Bi urtetik behin antolatzen dira, eta profesionalak eta enpresak elkartzen dituzte, alor horretako azken berritasunak eta joera zientifiko-teknikoak aurkeztu eta kontrastatzeko. Gaiak zorroztasunez aztertzen dira, eta eztabaida interesgarriak pizten dira hizlarien eta entzuleen artean.

Jardunaldien helburu nagusia da loturen, estalduren, gehikuntzazko ekoizpenaren eta lotutako beste prozesu batzuen (hala nola egiturazko osotasuna, ikuskapenak edo kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketa) alorreko azken aurrerapenen ezagutza zabaltzea.

Jardunaldiak leku bikaina dira ideiak eta informazioa trukatzeko, esperientziak eta baliabideak bateratzea sustatzen dute, eta elkarrizketa bultzatzen. Azken horri esker, ikerketa-ildo berriak ireki daitezke, edo proiektu berriak gauzatzeko lankidetzak sortu. Jardunaldi hauek aukera bikaina dira soldaduraren profesionalen, produktuen eta jardunbideen aurrerabiderako eta lotutako industriak sustatzen jarraitzeko.

Azoka aurkezteko gaur goizean Ficoban eskaini den prentsaurrekoan Fernando Mañas Arteche CESOLeko zuzendari nagusiak esan duenez, «UNIRE azoka eta XXIII. Jardunaldi Teknikoak leku eta garai berean eginda, profesionalek beren denbora optimizatu ahalko dute, eta enpresek kostuak nabarmen aurreztuko dituzte. Esandako guztiagatik, soldaduraren eta bateratze-teknologien munduko ekitaldirik garrantzitsuena izango da 2023. urtean, hots, susperraldiaren urtean».

Informazio gehiago:  www.expounire.org