• 35 jarduera egin dira Ficoban: azken lau urteetako kopururik handiena da.
  • Urteko lehenengo seihilekoan, 131 ekitaldi egin dira; 2020an, berriz, 78.

2021eko lehengo seihilekoan, Ficobako jardunaren bilakaera ona izan da, pixkana-pixkana ekitaldien antolakuntza suspertu baita; hainbesteraino, non ekaineko emaitza (35 ekitaldi) azken lau urteetako onena izan baita.

Guztira, 131 jarduera egin dira urteko lehenengo sei hilabeteetan; 2020an, berriz, 78. Kopuru ona da hori, baina urruti dago pandemia aurrekoetatik: 2019ko lehenengo seihilekoan, adibidez, 142 ekitaldi antolatu ziren.

Jardunaren susperraldia Ficobako pabiloietan leku seguru bat aurkitu duten ekitaldietan oinarritu da. Alde horretatik, aipatzekoak dira lan eskaintza publikoak, unibertsitatera sartzeko azterketa (selektibitatea zena) eta HABEren azterketak; HABEren azterketek, adibidez, 5.000 lagun baino gehiago bildu dituzte, euskara maila egiaztatzeko. Bide batez, HABEk baieztatu du urriaren 7tik 9ra bitartean egitekoak diren azterketak ere Ficoban izango direla.

Bestalde, enpresa txiki eta ertain askok aukeratu dute Ficoba bilerak egiteko, eta are etxejabeen erkidegoek ere.

2021eko lehenengo seihilekoan, azoken antolakuntza ere suspertu da: Caravantur eta Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko azoka egin dira, eta erakusketarien zein bisitarien kopuruak handiagoak izan dira 2020ko edizioetakoak baino.

Edukiera murrizketak eta pertsonen artean distantzia gordetzea ezartzen duen araudia direla-eta, ekitaldiak xumeagoak izan dira. Batez beste, 320 lagunek parte hartu dute ekitaldietan, eta, 2019an, berriz, 1.090ek: bisitari asko erakartzen dituzten ekitaldien kopurua (adibidez, azokena) txikiagoa izateak  zuzeneko eragina izan du datu horretan.

Sortzeko gai izan den jardunari eta kudeaketaren zorroztasunari esker, Gipuzkoako erakustazokak 2021eko lehenengo seihilekoko diru sarrerak eta gastuak koadratzea lortu du, eta baikortasunez begiratu diezaioke ekitaldiaren bigarren parteari.

Datozen hilabeteetarako egutegia

Ficobako lantaldea datozen hilabeteetan erakustazokaren beraren zein hirugarrenen hitzorduak antolatzeko lanean ari da dagoeneko. Horrela, Ekodrive eta Be Veggie aurrez aurre egingo dira berriro; hurrenez hurren, urriaren 1etik 3ra bitartean eta abenduaren 4tik 6ra bitartean. Gainera, katu erakusketa eta ezkontza azoka antolatuko dira berriro; hurrenez hurren, azaroaren 27 eta 28an eta urriaren 15etik 17ra bitartean. Era berean, Ficoauto azoka egingo da, azaroaren 12tik 14ra bitartean, eta, urrirako eta abendurako, Irun Zuzenean jaialdiaren barruko kontzertuak iragarri dira. Azkenik, berritasunen artean, aipatzekoa da Entre Mares / Itsaso Artean nazioarteko kongresua, erromatar portuei buruzkoa, zeina azaroaren 3tik 5era bitartean egingo den.