Ficobak bere parametro nagusiak hobetu ditu joan den ekitaldian, bere historiako emaitza onenak lortuz fakturazioan, eta bisitari- eta ekitaldi-kopuruan. 2 milioi euro gainditu ditu fakturazioak: 2.236.000 eurokoa izan da. 2017an, berriz, 1.800.000 euro izan ziren; hori % 24ko hazkuntza da. Ildo beretan, % 30 hazi da superabita, 130.000 eurora iritsita.

Bestalde, Ficobak 2018an garatu duen jarduerak 33,6 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin du bere inguruan.

Ficobaren jarduerak izan duen hazkuntza iraunkorretik eratorri da datu ekonomikoen goranzko lerroa. 2018an, egonkor eutsi dio azoka-zenbakiari, guztira 18 azoka eginda. Bilerak, berriz, gehitu egin dira dezente: 2017an 140 egin ziren, eta 2018an, 160. Ekitaldien atalean sartzen diren jarduerak ere gehitu egin dira pixka bat: 76, 2017an, eta 79, aztertzen ari garen ekitaldian. 2018an, guztira, 257 jarduera egin dira; 2017an, berriz, 236 egin ziren.

Ficoban jarduera gehitu izanak % 23 hazi du bisitari-kopurua; izan ere, 200.000eko muga gainditzear egon da (197.188); aurreko ekitaldian 159.000 izan ziren; beraz, % 24 hazi da.

Era berean, erakustazokaren okupazio indizea ere gehituz joan da. 2018an, muntatze- eta desmuntatze-egunak zenbatu gabe, 245 egunetan izan da ekitaldiren bat Ficoban.

Azoka berriak

Aurten lau proposamen berri sartuko ditu Ficobak. Martxoaren 29tik 31ra, Gipuzkoako azoken egutegiko klasiko bat egingo da Ficoban: Sevatur, Ihesbide eta Turismoaren Erakusketa. Oporretarako proposamen bila dabiltzan guztientzako hitzorduak lekua aldatu eta Irunera etorri da.

Ficobak zabaldu egin du automobilgintzaren inguruko eskaintza, Ibilgailu Elektrikoaren Azoka sartuta. Uztailaren 5etik 7ra egingo da azoka hori. Ficoauto eta Caravantur azoketara gehitzen den hitzordua, horiek ere errepikatu egingo baitute Ficoban. Ehiza eta Arrantzaren Azoka ere egingo da uztailean (uztailak 13-14), eta, azkenik, urriaren 18tik 20ra, Higiezinen eta Etxearen Azoka etorriko da Ficobara.

Kongresuen alorrean, apirilaren 11n, lehenengo  Kiroltech edizioa egingo da Ficoban, Kirolera aplikatutako Berrikuntza eta Teknologiaren Kongresua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak sustatua.

 Finkatu diren berritasunak

2108ko azaroan, Go Mobility Etorkizuneko Mugikortasun Jasangarriaren Hego Europako Industria Azokaren lehenengo edizioa egin zen, Gipuzkoako Aldundiko Ekonomi Sustapeneko, Landa-inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak sustatuta. Gertaera garrantzitsu bat Gipuzkoarako, azoka profesional eta nazioartekoa baita. Bisitari eta erakusketarien aldetik, aurreikuspenak bete zituen azokak, eta iragarri du beste edizio bat egingo dela nahiz eta data eta aldizkakotasuna oraindik erabaki gabe egon.

Behobia/Donostia Lasterketaren Azoka berriz egin da aurten, 2018an emaitza bikaina izan zuen eta; izan ere, 30.000 parte-hartzaile inguru izan ziren, eta horrela, Ficoban egin den azoka jendetsuena bihurtu zen.

Jende ororentzako ekitaldien atalean, Euskadi Tattoo Convention azoka finkatu egin da Ficobako proposamenen artean, eta bigarren edizio egingo du martxoaren 22tik 24ra.

 Bestalde, Turislan Gipuzkoako Turismoko Enpleguaren Azoka jauzi kualitatiboa egin du, eta bere hirugarren edizioan, Turismoko enpleguaren Euskal Azoka izango da.  Martxoaren 25 eta 26an egingo da Ficoban, enplegu profesionala eta kalitatezkoa sortu eta horrela helmugaren eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Hainbat ekitaldi garrantzitsuren egutegia (orain arte baieztatuta daudenak)

  • Stock! Gipuzkoako Outlet Azoka. Otsailak 22-23-24
  • Frozen musikala. Otsailak 23
  • Bask’n Brew Beerfest. Martxoak 8-9
  • Addispace erakusketa, fabrikazio aditiboari buruzko biltzarra (martxoak 14)
  • Mugaz gaindiko berrikuntzaren 24 orduak (teknologi biltzarra). Martxoak 15-16
  • Krea Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Sorkuntzaren Azoka. Martxoak 21
  • II. Euskadi Tatoo Convention. Martxoak 22-23-24
  • III. Turislan Turismoaren Sektoreko Enpleguaren Azoka. Martxoak 25-26
  • Sevatur, Oporren Azoka. Martxoak 29-30-31
  • Nazioarteko XIII. Katu Erakusketa. Apirilak 6-7
  • Kiroltech Kirolera aplikatutako Berrikuntzaren eta Teknologiaren I. Biltzarra. Apirilak 11.
  • VIII. Expogrow. Apirilak 26-27-28
  • XXIII. Enpleguaren Astea. Maiatzak 9
  • Caravantur, Karabanen Azoka. Maiatzak 10-11-12
  • Kulturismo Opena. Maiatzak 12
  • Gipuzkoako XL. Nazioarteko Txakur Erakusketa. Maiatzak 19
  • Alardealdia. Maiatzak 26
  • II. Basquisite, Nazioarteko Elikadura Erakusketa. Maiatzak 30-31
  • XVI. Bioterra, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskal Herriko azoka. Ekainak 7-8-9
  • Herri-bazkaria. Ekainak 22
  • Hirugarren adinekoen omenezko bazkaria. Ekainak 25
  • Ibilgailu Elektrikoaren Azoka. Uztailak 5-6-7
  • Ehiza eta Arrantzaren Azoka. Uztailak 13-14
  • Harri-Orri-Ar, Esku-lanen Azoka. Urriak 11-12-13
  • ‘Los muñecos de la tarta’ Ezkontza Erakusketa. Urriak 11-12-13
  • Higiezinen eta Etxearen Azoka. Urriak 18-19-20
  • Behobia/Donostia Lasterketaren XIII. Azoka. Azaroak 8-9
  • VII. Ficoauto, Bigarren Eskuko Automobilen Gipuzkoako Azoka. Azaroak 15-16-17
  • XIV. Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azoka. Abenduak 6-7-8
  • Irungo X. Artisautza Azoka. Abenduak 6-7-8
  • Eguberrietako Haur Parkea. Abenduak 26 – Urtarrilak 4

Garrantzi handiena duten ekitaldiak jasotzen ditu egutegiak; nagusiki, erakustazokako pabiloietan egiten direnak.