• Irungo Udalak sustatu du topaketa, eta urriaren 5ean eta 6an izango da, Ficoban.

Emisio gutxiko eremuei buruzko araudia indarrean sartzear da, eta Estatuko 149 hirik horrelako eremuak antolatu beharko dituzte urte honen amaierarako. Bestalde, Mugikortasun Jasangarriari eta Garraioaren Finantzaketari buruzko Legea laster onartuko da: 2023ko azken hiruhilekoan indarrean sartzea espero da.

Hiriko ingurunearen paradigma berri bat sortzen ari da, eta Araudi Aldaketari eta Hirien Eraldaketari buruzko Jardunaldietan landuko da, Irungo Udalak Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioarekin elkarlanean sustatuta, urriaren 5ean eta 6an, Gipuzkoako Erakustazokan, Ficoban.

Bi egunez, Estatu osoko udal ordezkariek, erakunde publikoetako ordezkariek, enpresa publikoetakoek eta garraio operadoreek hainbat hiritan hartzen ari diren neurriez hausnartu eta eztabaidatuko dute, eta hainbat aditu aldaketa horrek hiriei dakarzkien erronka eta aukerez arituko dira.

Horretarako, hitzaldi programa osatzen ari dira, zazpi ildo tematiko nagusiren inguruan. Urriaren 5ean, asteazkenarekin, gai hauek jorratuko dira: hiri barruko garraiobide jasangarriak (ibiltzea, garraio publikoa, bizikleta eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak) eta hirien eraldaketa, hiri barruko garraio publikoaren finantzaketa eta tarifen zehaztapena, hirietako mugikortasun berria eta merkataritzarentzako onurak, eta ibilgailu berri baten erosketa erabakitzeko modua eta araudi berrien eragina erabakian.

Urriaren 6an, ostegunarekin, berriz, hitzaldiak gai hauei buruzkoak izango dira: herritarren partaidetza eta laguntza mugikortasun erronka berriei dagokienez (abiadura, emisio gutxiko zonak, hirien eraldaketa…) eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak hirietan.

Irungo alkate eta Ficobako lehendakari José Antonio Santanok azaldu duenez, “hiriak bizi garen tokia dira, eta, era berean, mugikortasun jasangarriagoarekin lotuta neurri guztien erdian pertsonak jarriko dituen aldaketa handi baten gertalekua izango dira. Horrelako aldaketak beharrezkoak dira gure kaleak atseginagoak izateko eta bizi kalitatea hobetzen laguntzeko, eta hirietatik abiatuta klima aldaketa bizkortzen duten faktoreen kontra borrokatzen lagunduko digute”.

2023an Klima Larrialdiaren Dekretua indarrean sartzearen ondorioak ezagutarazteko komunikazio plan baten esparruan antolatu dira Jardunaldiak, eta Irungo Alderdi Popularrak azken kreditu aldaketaren esparruan aurkeztutako zuzenketa bat da abiapuntua.

Informazio gehiago: https://www.jornadastransformacionurbana.org/