• Iaz, 12 erakusketa eta feria, eta 248 bilera egin ziren Ficoban
  • 000 lagunek parte hartu zuten Ficobako jardueretan
  • 310 egunetan okupatu zen
  • 32,9 milioi euroko efektua zenbatetsi da

Ficobak ekitaldi ona izan du berriz ere. Bi milioi eurotik gorako diru sarrerak finkatu ditu, 2,3 milioi euroraino iritsita. Jarduerak sortutako datu ekonomikoak pandemiaren aurreko mailetan daude. Guztira, 260 jardueratan banatuta, 12 feria eta erakusketa eta 248 bilera. Ekitaldietara 135.000 lagun bertaratu dira, eta 310 eguneko okupazio maila izan da.

Jarduera horren ondorioz, Ficobak 32,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan duela zenbatetsi da.

2023ko ekitaldian Ficobak sendotu egin du bere ildo estrategikoa, hau da, ekitaldi profesionalen eta nitxozko aldeko apustua. Adibidez, UNIREren lehen edizioa izan da, soldaduran eta juntura teknologietan espezializatutako lehen azoka eta bakarra Estatuan. Azoka hori martxoaren 8an eta 9an egin zen, eta 68 erakusketa enpresak parte hartu zuten; 25 hitzaldi egin ziren, eta soldadura lehiaketa arrakastatsu bat, besteak beste.

Nitxozko beste ekitaldi bat, Ficobak bultzatua, Ababor Euskadiko itsas azoka da. 2023an, bigarren edizioa egin zuen, eta 80 erakusketari baino gehiago eta 10.000 bisitari izan ziren. Ababor  erreferente bat bihurtu da nautika zaleentzako eta sektore osoarentzako, eta bi urtean behin egingo da 2025etik aurrera, garapen planari jarraikiz. Azoka antolatzen duen lantaldeak hartu du erabaki hori, sektore nautikoko eragile nagusiekin hitz egin ondoren.

2023an, beste berri on bat ere izan genuen; izan ere, Lanbide Heziketako Eusko Skills txapelketa itzuli zen. Bestalde, Bioterrak, Ficobako azoka zaharrenak, hogeigarren edizioa egin zuen.

2023an, ekitaldi profesional ibiltarien erreferente bihurtzeko helburuan ere aurrera egin zuen Ficobak. Atal horretan, nabarmentzekoa da Ficoban egin zirela CESOLen Kongresua (Soldaduraren eta Juntura Teknologien Espainiako Elkartea) eta Aúna Partner Days-en Kongresua, Grupo Aúnak bultzatua. Bertan, elektrizitatearen, iturgintzaren, berokuntzaren, klimatizazioaren eta energia berriztagarrien sektoreetako bezeroak, fabrikatzaileak eta hornitzaileak bildu ziren.

Ekitaldi berrirako aukerak

2024rako, Ficobak dagoeneko baieztatuta dauka zenbait ekitaldi profesional ibiltari egingo direla, hala nola Direbus-ek antolatutako Bidaiariak Errepidez Garraiatzeko ETEen III. Kongresu Nazionala. Otsailaren 22 eta 23an egingo da, Ficoban.

Egia esateko, Ficobak indartsu hasi du otsaileko azoka egutegia. Direbusen kongresuaz gainera, beste ekitaldi batzuk ere egin dira, hala nola Gipuzkoako Turismo Industriaren I. Topaketa, otsailaren 8an; Rethink Vintage, vintage arropa pisura saltzeko azoka, joan den asteburuan; Irun Kirol Gala, otsailaren 20an; Irun Ekintzan Sariak, otsailaren 22an; Euskadi Gastronomika Festa bereizgarriak emango dituzte otsailaren 26an, edo Twing Raid Solidarioa, non Ficobatik abiatuta, 200 parte hartzailek Twingotan 4.000 kilometro egingo baitituzte 10 egunetan, Marrakexera iristeko. Han, 1.000 kg banatuko dituzte elikagaietan eta higiene produktutan, kolektibo behartsuenen artean.

Ikasturte hasiera on honen ondoren, beste hainbat ekitaldi ere egingo dira, hala nola Caravantur-en edizio berri bat (martxoaren 1etik 3ra), MUBIL Mobility Expo Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren azokaren laugarren edizioa, (apirilak 17 eta 18), Robe abeslaria Ficoban izango da maiatzaren 31n, ‘Ni santos ni inocentes’ biran; eta udazkenean, Uhinak klima aldaketa eta itsasertzaren mugaz gaindiko VI. kongresua egingo da urriaren 23 eta 24an.

Zoru berriak Ficoba jasangarriagoa izateko

Eta ekitaldi horietako asko, Ficobako hiru pabiloietan egiten direnak, erabat berritutako zoruetan egingo dira; izan ere, Ficobak beste urrats bat egin du, ekitaldiak jasangarriak eta lehiakorrak izan daitezen, berritu egin baititu pabiloietako zoruak.

Berritze horrek estetika nabarmen hobetzea eta bisitarientzako erosotasuna handiagotzea ekarri du, eta, horrez gain, Ficoba gune jasangarriagoa eta lehiakorragoa bihurtu du.

Horrela, bada, esaterako, bi pabiloi hartzen dituen azoka batean, moketa 1.400 m2 gutxiago erabil daiteke, batez beste. Moketa-metro karratu bakoitzak 53,3 kilo CO2 sortzen baditu, esan nahiko luke azoka bakoitzean atmosferara 74 tona CO2 gutxiago isuriko liratekeela. Zifra horiek Ficobaren ohiko jarduera urte batera eramanda, soilik azokei dagokienez, 1.000 tona emisio aurreztuko dira.

Ekimen horren osagarri, eta moketa erabiltzea ezinbestekoa den espazioetarako, Ficoba material berri bat sartzen ari da, berriz erabiltzeko aukera emango duena. Horrela, indartu egiten da erakustazokak jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoa.

IAMerako bideragarritasun plana

Irungo erabilera anitzeko pabiloi bat eraikitzea da Ficobak 2024ko ekitaldian egingo duen beste proiektuetako bat. Une honetan, etorkizuneko IAM Irungo Areto Moldakorraren bideragarritasun plana prestatzen ari da Ficoba.  Azpiegitura berriaren kudeaketan eta ustiapenean ardazten da plana. Azterlan horretan, azpimarra egiten da  nolako sinergiak sor ditzakeen pabiloi berria Ficobaren proiektuaren parte izateak; izan ere, ikuskizunak, kirol eta kultura ekitaldiak, eta MICE ekitaldiak (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions) ustiatuko dira bertan.

Ekitaldi garrantzitsuen egutegia (egun baieztatuta daudenak)

  • Gipuzkoako Turismo Industriaren I. Topaketa. Otsailak 8
  • Rethink Vintage. pisura saltzeko Vintage arroparen azoka. Otsailak 17-18
  • Irun Kirol Gala. Otsailak 20
  • Irun Ekintzan sariak. Otsailak 22
  • Bidaiariak Errepidez Garraiatzeko ETEen III. Kongresu Nazionala. Otsailak 22-23
  • Euskadi Gastronomika Festa, enpresak aintzatesteko ekitaldia. Otsailak 26
  • Twing Raid. Otsailak 27
  • VIII Caravantur caravaning eta osagarrien azoka. Martxoak 1-3
  • Topaki 2024, Euskadiko boluntariotzaren topaketa. Martxoak 9
  • Ipardis azoka pribatua. Martxoak 11-12
  • Azterketa nautikoak. Martxoak 12
  • KREA Ekintzailetza, Sorkuntza eta Berrikuntzaren Topaketa. Martxoak 21
  • 2024ko Itzuliaren Ficobatik irteeraren aurkezpen ofiziala. Martxoaren 22an
  • Nazioarteko Katu Erakusketa. Apirilak 6-7
  • MUBIL Mobility Expo. Apirilak 17-18
  • Nazioarteko Txakur Erakusketa. Apirilak 21
  • Bidasoa Itzuliko bulego iraunkorra. Apirilak 26-28
  • HABE azterketa. Maiatzak 2-4
  • Eskolarteko olinpiada txikiak. Maiatza
  • Maiatzak 26
  • Roberen kontzertua. Maiatzak 31
  • Bioterra, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka. Ekainak 7-9
  • Sanmartzialetako herri-bazkariak eta azokak. Ekaina
  • IMHEren 50. urteurrena. Irailak 18-19
  • Irun Zuzenean Festibala. Iraila
  • Merkalan, enpleguaren azoka. Urriak 2
  • HABE azterketa. Urriak 4-5
  • Tartako panpinak ezkongaien azoka. Urriak 19-20
  • Klima aldaketari eta itsasertzari buruzko VI. Uhinak Kongresua. Urriak 23-24
  • Azterketa nautikoak. Azaroak 6
  • Beldurraren pasabidea. Azaroak 9
  • Enpleguaren astea. Azaroak 13
  • Ficoauto aukerako ibilgailuaren azoka. Azaroak 15-17
  • Be Veggie jaialdi beganoa. Abendua

 

www.ficoba.org