• 50 jarduera baino gehiago: hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak, erakusketak, showcookinga…
  • Bioterrarako sarrera (Ficoba, ekainak 4-6) doakoa izango da

 Bisitariek ekainaren 4tik 6ra bitartean Ficoban egingo den Bioterraren 18. edizioaren egitaraua kontsulta dezakete, eta produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko Azokara bisita antolatzen has daitezke. Era berean, webgunearen bidez izena emateko estekak gaitu dira, hala behar duten jardueretan parte hartzeko, hala nola, Yoga Day.

Bioterraren webgunean (http://bioterra.ficoba.org) azokako guneetan egingo diren 50 jarduera baino gehiagoren informazio zehatza aurkituko dute bisitariek.

Hitzaldiak ekitaldi paraleloen agendako plater nagusietako bat izango dira. Besteak beste, Ekonomia Zirkularra, 4 ikuspuntutatik landuko dena: kontsumoa, ehungintza, elikadura eta energia.

Besteak beste, osasuna, bioeraikuntza, ingurumen krisia, toxikorik gabeko kosmetika, trantsizio energetikoa, autokontsumoa, ozeanoen zaintza eta birziklapena izango dituzte hizpide Bioterraren edizio berri honetan parte hartuko duten adituek. Gainera, showcooking-ak, erakustaldiak, tailerrak eta erakusketak ere izango dira ikusgai webgunean.

Jarduera horiek, Ficobako hiru pabiloiek eta erakusketarako kanpoko eremuak hartuko duten erakusketa eskaintzarekin batera, Bioterra Euskadiko ekitaldi jasangarririk garrantzitsuena bihurtzen dute.

Sarrera, doan eta online

Ficoban egiten diren ekitaldi guztietan bezala, Bioterran ere hainbat neurri hartuko dira azokan parte hartzen duten guztiei ahalik eta prebentzio eta segurtasun berme handienak eskaintzeko. Higiene eta osasun neurriez gain, Ficobako espazioen antolamendua eta mugikortasuna birpentsatu dira, hala nola korridore zabalagoak prestatzea, 8 metrora artekoak.

Halaber, edukierak eta segurtasun distantziak modu arinean kudeatzeko, aurten online sarrera sistema bat aukeratu da, azokaren webgunean eskuragarri dagoena. (http://bioterra.ficoba.org)

Helburua: erabili eta botatzeko 2.000 edalontzi eta katilu aurreztea

Bioterra ikusteko, parte hartzeko, ukitzeko eta plater eta edari osasungarriak dastatzeko lekua da. Kontsumo hori gero eta jasangarriagoa izan dadin, edalontzi eta katilu berrerabilgarrien zerbitzua jarri da bisitarien eskura. Sistema erraza da. Azokako hiru egunetan 2.000 erabili eta botatzeko katiluak eta edalontziak erabiltzeari uztea espero den ekimen honekin bat egin nahi duten pertsona guztiek 4 euroko gordailua egin beharko dute behar bezala seinaleztatuta egongo diren lekuetan, eta bi aukera izango dituzte: edari beroentzako tapa duen katilu bat eta edari hotzentzako edalontzi bat. Bioterrara bisita amaitutakoan, edalontzia edo katilua itzuli besterik ez dute egin beharko, eta egindako depositua itzuliko zaie.

Irri Sarri enpresak bultzatu du ekimena, eta dagoeneko zabaldu du kikara berrerabilgarriak gordetzeko zerbitzua Euskal Herriko hainbat herritara.

Datu praktikoak
Bioterraren 18. edizioak ekainaren 4tik (ostirala) ekainaren 6ra (igandea) irekiko ditu ateak.
Azokak 10:00etatik 20:00etara izango du ordutegia. Doako aparkalekua. Euskotrenen geltokia, 50 metrora.

Informazio gehiago: bioterra.ficoba.org