- Ekitaldi bat, hiru hitzordu: azoka sektoriala, jardunaldiak eta soldadurako lehiaketa
- UNIRE 2023ko martxoaren 8an eta 9an egingo da Ficoban
- Azokarekin batera, Soldadurako eta Lotura Teknologietako Jardunaldi Teknikoen XXIII. edizioa egingo da, CESOLek antolatuta.
UNIRE, soldadura eta lotura-teknologien azoka, motorrak berotzen hasi da, batzorde teknikoaren lehen bilerarekin. Batzorde horren kide dira zenbait enpresa, elkarte, teknologia-zentro eta erakunde, Espainiakoak zein nazioartekoak, eta elkarlanean ari da Ficobarekin soldaduran espezializatuta estatuko lehen azoka antolatzeko.
Bilera Ficoban egin da gaur goizean, eta bertan parte hartu dute, zuzenean zein urruneko sarbide bidez, erakunde hauetako ordezkariek: Adegi, BRTA (Basque Research&Technology Alliance), Gipuzkoako Merkataritza Bazkundea, EIT Manufacturing, FEX (Fast Excelling Center), Fronius, Goierri Eskola, Lortek, Nippon Gases, Tecnalia, Tknika, UNE Normalización española (CTN 14 soldadura eta lotutako teknologiak) eta Gipuzkoako Foru Aldundia (azokaren patrozinatzailea).
Ficoba azokaren antolatzailea eta CESOL Espainiako Soldadura eta Lotura Teknologien Elkartea (azokaren bazkide kolaboratzailea) eragile horiekin guztiekin elkarlanean aritu dira, ekitaldiaren ildo estrategikoak zehazteko. Azokaren xedea da industriak eraginkortasuna hobetzeko eta balio-kate osoko produktibitatea handitzeko dituen erronkei erantzutea, fokua soldaduran eta lotura-teknologietan jarrita. Balio erantsiko kate askotako ezinbesteko operazioak dira horiek, eta ekoizpen-kostuen % 50 izatera ere irits daitezke.
UNIREk sektore transbertsal horretan jartzen du ardatza, zeina ia prozesu industrial guztietan erbiltzen baita: automobilgintza, burdinbideak, ontzigintza, hegazkingintza, energiaren sektorea edo metalaren eraldaketa, besteak beste.
Ekitaldi bat, hiru hitzordu
UNIREren xedea da materialak lotzeko konponbideak eta teknologiak eskaintzen eta eskatzen dituzten enpresen ekosistema biltzea, negozioa sustatzea, ezagutzak trukatzea eta etorkizuneko profesionalen talentua bultzatzea.
Hori guztia lortzeko, UNIREk hiru ekitaldi batuko ditu hitzordu bakar batean: azoka bera, CESOL Espainiako Soldadura eta Lotura Teknologien Elkarteak antolatutako Soldadudaren eta Lotura Teknologien XXIII. Jardunaldiak eta UNIREren 1. Soldadura Lehiaketa, CESOLek koordinatutakoa, soldadura-ikasleen eta profesional gazteen parte-hartzearekin.
Informazio gehiago: www. expounire.org