- Jaialdia urriaren 31n eta azaroaren 1ean izango da, ohi baino lehenago, abenduko zubian egin izan baita, eta bat egingo du Beganismoaren Munduko Egunarekin.
- Ardor Fest, Gipuzkoako Pikantearen Lehiaketa, eta lehen pasaporte beganoa dira gastronomiaz, hitzaldiz, tailerrez eta musikaz betetako edizio honen berritasun nagusiak.
- Jaialdiak 30 jarduera programatu baino gehiago izango ditu, jardunaldia luzatzeko gonbidapen bat, erakusmahaiak ikuste hutsetik harago luzatzeko bisita.
- Sarrera doakoa da, eta bertaratzen direnek txakurra ekar dezakete nahi badute.
Be Veggiek beste data bat hautatu du aurten, baina bada horretarako arrazoi on bat: Beganismoaren Munduko Eguna. Euskadiko jaialdi beganoa urriaren 31n eta azaroaren 1ean izango da, Ficoban: ohiko abenduko zubiko hitzordua aurreratuko da, beraz, nazioarteko ospakizun horrekin bat egiteko.
60 erakusketari inguru, % 100 begetalak diren proposamen gastronomikoak eta hitzaldi, showcooking, tailer eta musika programa zabal bat, bi egun horiei forma emateko, hala beganismoa praktikatzen dutenei nola hari buruz ikasteko jakin-mina dutenei zuzendua. Dastatzeko, ikasteko eta esperientziak partekatzeko dei bat, animaliak eta ingurunea errespetatzen dituen bizimodu baten inguruan ardaztuta.
Hitzorduak, gainera, jaialdian parte hartzeko moduak zabaltzen dituzten berritasun batzuk dakartza: pikantearekiko tolerantzia proban jartzea Ardor Festen, Be Veggieko lehen pasaporte beganoa eskuratzeko bost erronkak osatzea, barre klase batean parte hartzea edo erretratu bat eramatea oroigarri.
Ardor Fest: pikanteak ere lehiarako tartea ematen duelako
Berritasun esanguratsuenetako bat da Ardor Fest – Be Veggie edizioa, Gipuzkoako pikantearen lehiaketa, Meraki Gourmeten eskutik. Erronkak bi aukera eskainiko ditu pikantea benetan zeinek aguantatzen duen erakusteko, saio bana egingo baita jaialdiaren bi egunetan.
Saio bakoitzeko tokiak mugatuak dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da. Edonola ere, azken unean parte hartzea erabakitzen dutenentzako toki batzuk gordeko dira. Proposamen honek zapore handiko lehiak dakarren emozioa gehituko dio programari.
Deskubritzeko, ikasteko eta jarduteko pasaporte bat
Beganismoaren Munduko Egunarekin bat etorrita, Be Veggiek jaialdiaren lehen pasaporte beganoa estreinatuko du: oroigarri txiki bat, edizio mugatukoa, jaialdia begirada aktiboz eta jakin-minez ezagutzeko.
Bi egunetan eskuratu ahal izango da pasaportea, eta bost erronka proposatzen ditu: JAN, % 100 begetala den jaki berri bat probatzea; EKIN, aldaketa txiki baten aldeko konpromisoa hartzea; ZAINDU, babesleku batean egiten den lana ezagutzea; ENTZUN, gai ezezagun bati buruzko hitzaldi bat entzutea; eta IKASI, beganismoari buruzko gauza berriren bat ikastea.
Pertsona bakoitzak idatzi beharko du nola bete dituen erronkak, eta, behin bostak osatuta, pasaportea erakutsi beharko du, Ficobako harreragunean, Be Veggieren oroigarri txiki bat eskuratzeko. Bisita ibilbide pertsonal bihurtzeko modu bat, gastronomia, ezagutza eta eguneroko konpromisoa lotuta.
Berriketan eta Sukaldean: hausnartzeko eta kozinatzeko ideiak
Berriketan espazioan, nutrizioaren, kirolaren, filosofiaren, artearen eta komunikazioaren alorreko adituak bilduko dira, beganismoa hainbat ikuspegitatik aztertzeko.
Kirola eta beganismoa mahaian Alberto Peláez distantzia luzeko korrikalaria izango dugu, Laura Estellé eta Muthanna Abusaada nutrizionistekin batera, eta elikadura begetala, errendimendua eta errekuperazioa izango dituzte hizketagai. Bestalde, Lucía Martínez dietista-nutrizionistak gako batzuk eskainiko ditu, barazkietan oinarritutako elikadura sinple, ekonomiko eta osasungarria antolatzeko.
Mikel Torres Aldave EHUko filosofia irakasleak naturan dauden animaliei laguntzeko moduen inguruan hausnartuko du; Kris Nogalek, espezismoaren eta patriarkatuaren arteko loturez; eta Óscar Monterrealek, animaliak pinturan irudikatzeko moduaz. Angélica Velasco Sesma filosofo eta idazleak Ternura a lo bestia aurkeztuko du, eta Miriam Jiménez Lastra soziologo eta aktibistak makroetxaldeen eta arrain haztegien eredua aztertuko du.
Andrea Arrizabalaga EITBko kazetariak bere ibilbide pertsonala aurkeztuko du, Animalien maitasunetik beganismora saioan. Gainera, Amets Oyonek gidatuta, Naturarekin birkonektatu izeneko saioa izango dugu, Tximas babeslekuarekin, La Vida Color Frambuesarekin eta El Hogar fundazioarekin batera.
Sukaldean saioan, berriz, sukaldaritza begetaleko, elikadura osasungarriko eta sasoiko produktuen inguruko proposamena ekarriko dizkigute Tamara Alonso De dónde saco las proteínas-en sortzaileak, Christopher Wilsonek (ezizenez, El Brasas), Muthanna Abusaadak eta Maitane Cabezasek.
Mugimendua, sormena eta parte hartzeko esperientziak
Jarduera berrien artean, aipatzekoa da barre klasea, Aiora Blancok zuzendua. Saio hori maila guztietako jendeari zuzendua da, eta indarra, pilatesa eta balletean inspiratutako erritmoak uztartzen ditu, musikaren airean. Inpaktu txikiko jarduna da, eta gorputz guztia lantzeko aukera ematen du (batik bat, hankak, gluteoak eta abdominalak), aurretiazko esperientziarik behar izan gabe. Jarduera doakoa da toki guztiak bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharra dago.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako GK Green Fashion espazioak zenbait tailer eta esperientzia eskainiko ditu, animalien esplotaziorik gabeko alternatiba jasangarriak ezagutzera emateko. Programatutako jardueren artean, kafe loreontziak, estanpazio botanikoa, kosmetika, sendabide naturalak eta sukaldaritza basatia, akuarela naturalak eta pH-aren magia, ehungintzako hondakinen inguruan (Koopera) eta sojazko kandela artisauak – Halloween edizioa.
Bestalde, Ihobeko ingurumen-zentroen sareko Txingudiko ekoetxeak ere ekimen bat antolatu du: «Lurretik platerera: deskubritu ezagutzen ez duzun mundua». Ibilbide bat lau terrariotan barrena, begiratu, usaindu, ukitu eta ereiteko eta, horrela, lurrean dagoen bizitza deskubritzeko eta ulertzeko zergatik den funtsezkoa lurzoruaren osasungarritasuna gure elikadurarako. Parte hartzaile bakoitzak pari txiki bat eraman ahalko du berekin.
Kafea, erretratuak eta musika topaketaz gozatzeko
Kafetegi berri batek festibalaz gozatzeko proposamen gehiago ekarriko ditu. Afortunato Cafések espezialitate kafeei buruzko hitzaldi bat emango du, eta kafea prestatzeko metodoei buruzko tailer bat, eta, lehenengo aldiz, Marrazkimatoia egingo da: Juncal Alfonso ilustratzaileak erretratuak egingo ditu, minutu gutxian.
Musika saila honako hauek osatuko dute: Om Lilaren saioek; larunbatean, Lucía Mauleón eta Pilar Sánchezen emanaldiak; eta, igandean, Ariarenak.
Beganismoa ospatzeko bi egun
Be Veggie urriaren 31n egingo da, larunbatarekin, 10:00etatik 20:00etara, eta azaroaren 1ean, igandearekin, Beganismoaren Munduko Egunean, 10:00etatik 18:00etara. Sarrera doakoa da, eta bertaratzen direnek txakurra ekar dezakete nahi badute.
Egitarau osoa eta sarrerak www.beveggie.eus helbidean eskuratu daitezke. Jarduera batzuetan, aurrez eman behar da izena, tokiak mugatuak baitira.
Erakundeen adierazpenak
Cristina Laborda, Irungo alkatea eta Ficoba Fundazioko presidentea
Irungo alkate Cristina Labordak nabarmendu duenez, «Ficoba aktibo estrategikoa da Irunentzat, bisitariak erakartzeko, jarduera sortzeko eta gure hiria ezagutzera emateko gaitasuna duelako». Ildo horretan, Be Veggie jaialdiaren balioa azpimarratu du, aisialdia, dibulgazioa eta jasangarritasuna uztartzen dituelako, herritarrei ingurunea gehiago errespetatzen duten kontsumo-aukerak eta bizi-ohiturak hurbilduz. Labordak herritarrak animatu ditu urriaren 31n eta azaroaren 1ean Ficobara hurbiltzera, Beganismoaren Mundu Egunarekin bat eginez, publiko guztientzako programazioaz gozatzeko.
Azahara Domínguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua
“Be Veggie bezalako ekitaldiek gure lurraldea ezagutzera ematen eta azokak eta biltzarrak antolatzeko dugun gaitasuna indartzen laguntzen digute. Horrek guztiak balio erantsi bat du: turismoari lotutako aukera ekonomikoak urte osoan modu orekatuagoan banatzen laguntzen du, eta, horrela, sektore horretan enplegu egonkorragoak eta kalitate handiagokoak sortzen ditu. Eta horixe da Foru Aldundian ezarri dugun lehentasuna: turismoa motor ekonomikoa izatea, turismoaren ohiko urtarokotasuna gaindituko duten enplegu duinak eta kalitatezkoak sortuko dituena, sektore horretatik bizi diren gipuzkoarrek beren lan- eta bizi-proiektua hemen garatzeko behar dituzten baldintzak izan ditzaten”.
Mónica Pedreira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko zuzendaria
“Iaz egin ziguten harrera ona ikusita, Be Veggiera itzuli gara, sendoago, ekonomia zirkularra eguneroko bizitzara eraman nahi duen gune bat instalatuta. Gure helburua da praktikan eta parte hartzearen bidez herritarrek deskubritzea zer-nola lagundu dezakegun gure ohituretan aldaketa txikiak eginda hondakin gutxiago sortzen, baliabideak hobeto aprobetxatzen eta Gipuzkoa jasangarriagoa eraikitzen. Azoka hau bizimodu eta kontsumo eredu arduratsuagoak sustatzeko erreferente sendoa bilakatu da, eta aukera paregabea da sentsibilizatzeko, gure esperientzien berri emateko eta herritarrak gizartea jasangarriagoa izateko trantsizioan inplikatzeko”.