Aurten ere zorioneko daude beganoak, flexibeganoak, begetarianoak eta, azken batean, kontsumitzeko eta bizitzeko modu berriak aztertzen ari diren pertsona guztiak. Izan ere, Ficobara dator bueltan Be Veggie azoka, formatu zabalago batean, gainera. Bosgarren edizio honek hiru egun iraungo ditu, abenduaren 8tik 10era bitarteko asteburuan.

Be Veggieren proposamenak askotariko aukerak eskainiko ditu: % 100 landare jatorrikoak diren elikagaiak, beganoentzako egokiak diren produktuak eta zerbitzuak kosmetikan, modan, habitatean, ostalaritzan eta turismoan, etab.

Aurreko edizioetan bezala, Be Veggierako jarduera programa zabal bat antolatzen ari dira: hitzaldi informatiboak, mahai inguruak, sukaldaritzako tailerrak eta zuzeneko musika izango dira, besteak beste. Horren guztiaren helburua giro egoki bat sortzea da, jaialdira joaten diren guztiek esperientziak eta ezagutzak partekatzeko eta elkarrekin ondo pasatzeko aukera izan dezaten.

Horrez gainera, Be Veggie bizimodu beganoaren aldeko kontzientziazioa sustatzen duten erakunde, babesleku eta entitateen topagune izango da eta, horrela, jaialdia informazioa eta ezagutza partekatzeko bilgunea ere bilakatuko da.

Sektoreko erreferentea

Be Veggiek lortu du, merezimendu osoz, leku bat egitea Estatu mailako ekimen beganoen munduan. Hori dela eta, sektoreko erreferentziazko erakundeek babesa ematen diote, ekitaldira bertaratuta eta ekintzak antolatuta.

Edizio honetan, aurrekoetan bezala, azoka antolatzeko laguntza emango du Espainiako Begetarianoen Batasunak (UVE). Be Veggiek beganismoaren beste erreferente baten babesa ere eskuratu du, Proveg Internacionalena, hain zuzen. Iaz bezala, erakunde horrek galdetegi bat egingo du, ikusteko ea pertsonak benetan ohartzen garen gure elikatzeko moduak ingurumenean duen eraginaz. Be Veggie bisitatu aurretik eta ondoren jendea elkarrizketatu ahal izateak aukera emango die, halaber, haztatzeko halako ekitaldiek zenbateraino eragiten duten bizimodu aldaketetan.

Datu praktikoak

Aurten ere, txakurrek Be Veggiera etortzeko aukera izango dute. Proposamen hori 2022ko edizioan arrakastaz probatu zen aurreneko aldiz. Izan ere, ehun txakur baino gehiago ekarri zituzten ekitaldira, eta gainerako bisitariek ez zuten inolako arazorik izan haiekin.

Bestalde, inork Be Veggiera bertaratzeko aukera gal ez dezan, jaialdiko sarrera eta aparkalekua doakoak izango dira.

Jarrai gaitzazu:

IG beveggie. ficoba

Tik Tok: @festivalbe Veggie

https://www.facebook.com/beveggie

Informazio gehiago: www.beveggie.eus/eu/