• Euskadiko jaialdi beganoa Ficobara itzuliko da abenduaren 6tik 8ra
  • 63 enpresa erakusketarik, 6 foodtruckek, 15 elkartek eta 40 jarduera inguruko agendak osatzen dut dibertsitate eta irismen handiagoko jaialdi hau
  • Sariak (V-label), zuzeneko musika, tailerrak, escape box, 100 euroko erosketa-txartelen zozketa…
  • Be Veggie 2025ek hiru bide jorratuko ditu −jatea, ekitea eta ikastea− bizitza etikoago eta % 100 begetal baten alde egiteko
  • Sarrera eta aparkalekua doakoak izango dira, gastronomiak, aktibismoak, ongizateak eta komunitateak bat egiten duten espazio batez gozatzeko
  • Sarrera Be Veggieren webgunean deskargatu daiteke (www.beveggie.eus)
  • Familiako txakurrekin batera gozatzeko jaialdi bat

Be Veggie Euskadiko erreferentziazko jaialdi beganoaren zazpigarren edizioa Ficoban egingo da, abenduaren 6tik 8ra. Aurten ere eskaintza zabala izango dugu: 63 enpresa erakusketari, 6 foodtruck, 15 elkarte, zenbait txakurtegi, santuario eta GKE, eta hitzaldiz eta jardueraz betetako programa bat, ikasteko, hausnartzeko, zalantzak argitzeko edo, besterik gabe, ondo pasatzeko proposamenekin.

Be Veggie 2025ek asmo argi bat dauka: ekitaldi bat baino askoz gehiago izatea. Jaialdiak esperientzia eraldatzaile bat izateko asmoa du, gastronomia begetala, jasangarritasuna, aktibismoa, ongizatea eta komunitatea jai-giroko ingurune irisgarri eta atsegin batean uztartuta.

Aurten, jaialdiak urrats bat gehiago egin nahi du: ideietatik ekintzetara pasatzea, eguneroko ohiturak eraldatzea eta erabaki bakoitza ekarpen bat dela ulertzea, mundu etikoago bat eraikitzeko lanean. Horretarako, Be Veggiek hiru bide handiren inguruan  egituratu du bere proposamena: jatea, ekitea eta ikastea, horiek baitira benetako aldaketa iraunkorrerako hiru zutarriak.

Enpresa parte-hartzaileak leku askotatik iritsiak dira, jaialdiak lortutako irismenaren erakusgarri: Gipuzkoa, Madril, Katalunia, Valentzia, Bizkaia, Galizia, Asturias, Nafarroa, Andaluzia, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Frantzia, Errioxa eta Araba.

Edizio honetan, bisitariek beganoentzako produktuak deskubrituko dituzte —gaztak, txokolateak eta kafeak, kosmetikoak, ehunak edo alternatiba begetalak, hala nola foie beganoa—, baita ekimen sozialak eta animalien eskubideen eta ingurumenaren alde lan egiten duten aktibistak ere.

Aurreko urteetan bezala, sarrera doakoa izango da, jaialdiak konpromiso irmoa baitu irisgarritasunarekin eta dibulgazioarekin.

Be Veggie 2025en dena prest dago bizitza kontzienteago baten alde gozatu, ikasi eta aurrera egin nahi dutenentzako ezinbesteko topagune izateko.

Jatea: aldaketa zure platerean prestatzen da

«Sukaldean» espazioan, sukaldaritza eraldaketarako motor bihurtuko da. Sukaldariak eta dibulgatzaileak izango ditugu, hala nola Aida Lídice (@beginveganbegun), Miriam Ortiz o Itziar Bandrés (@itziarbandres), eta Gabonetarako errezeta eta menu % 100 begetalak partekatuko dituzte, krudelkeriak gabe janari goxo, original eta osasungarriak presta daitezkeela erakusteko. Bestalde, Maddi Etxeberria (@begaonegin) nutrizionistak barazki aspergarri horiek erakargarri bihurtzeko modua erakutsiko die Be Veggiera etortzen diren guztiei.

«Gabonetako menu beganoa» showcookingean edo «Errezeta bat baino gehiago, bidaia oso bat» proposamenean, besteak beste, osagai bakoitzari etekin guztia ateratzen ikasiko dugu, hondakinak murrizteko eta sukaldean jasangarritasunez jokatzeko.

Ekitea: zure urratsek dakarte aldaketa

Be Veggie 2025en beren eredu eta konpromisoari esker inspirazio iturri diren aktibistak, komunikatzaileak, sortzaileak eta profesionalak bilduko dira. Hausnarketa eta aldatzeko grina pizteko hitzaldiak izango ditugu:

Esate baterako, Javier Morales (@javiermoralesortiz) idazle eta kazetariak bere azken liburua aurkeztuko du, La hamburguesa que devoró el mundo. Obra horretan ekologismoaren eta animalismoaren arteko ezinbesteko elkarrizketa proposatzen da, eta bi mugimenduen artean bat egiteko edo, bederen, elkar ulertzeko gutxieneko puntuak proposatzen dira.

Bestalde, Cristina Rodrigok (@crispipics), Mi revolución vegana-ren idazleak, beganismo inklusibo eta gertuko bat eraikitzeko moduari buruz hausnartuko du.

«Santuarioak eta babeslekuak: erreskate eta esperantza istorioak» mahai-inguruan ahotsa emango zaie animaliak zaindu eta babesten dihardutenei, eta INTERCIDSeko María González Lacabexek (@mglacabez) puri-purian dagoen gai bat aztertuko du: olagarro haztegien debekua, hain zuzen ere.

Miriam Jiménez Lastra (@miriamjlas) soziologo eta aktibistak beganismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren arteko bidegurutzea aztertuko du, begirada kritiko eta inklusibo batekin.  Rocío Canok (@veganaynormal) eta Mery Ocañak (@unaprofeverde) mahai-inguru bat eskainiko dute, hezkuntzako espezismoa eraisteko xedearekin, ikasgelatik eta etxetik bertatik hasita.

Gainera, animalien esperimentazioari buruzko dokumental argitaragabe bat proiektatuko da, Infiltrada en el búnker, Pablo de la Chica (@pablodelachica) zuzendariak eta Lucía Arana (@LuciaArana) kazetariak aurkeztuta. Espainiako estatuko ikerketa-zentroen barruan filmatutako irudiak biltzen ditu dokumentalak.

Ikastea: ideiek aldaketa hauspotzen dute

Be Veggie elkarrekin ikasteko gune bat ere izango da. Ildo horretan, jaialdiko parte hartzeko puntuetako bat izango da GK Green Fashion klusterraren GK tailerren espazioa. Eskuekin sortzeko, material naturalekin esperimentatzeko eta kontsumo konbentzionala benetan ordezka dezaketen alternatibak deskubritzeko puntu bat.

Programatutako jardueren artean honako hauek dira aipagarrienak:

  • Biozeramika jasangarriko tailerra, Organic Studiok eskainia. Bertan, oskolak, algak eta bestelako hondakin organiko batzuk erabilita apaingarri ezin bereziagoa egiten ikasiko dugu.
  • Upcycling teknikaren bidez Gabonetako koroak eta apaingarriak egiteko tailerra, Fashion Revolution Euskadik eskainia; Be Veggieren olana zaharrak eta material birziklatuak erabiliko ditugu.
  • Kosmetika naturaleko eta etxe-garbiketako tailerra, Recicla Birziklatuk eskainia, gai toxikorik gabeko produktu ekologiko eta beganoak egiten ikasteko.
  • Argazkietarako markoak egiteko tailerra, liken kontserbatuak eta egurrezko letrak erabilita eta Ixkin Berdeak eskainia; naturarekin birkonektatzeko eta etxera eskulan polit bat eramateko sormen-esperientzia bat.

«Ikastea» ardatzaren proposamena osatzeko beste aukera batzuk ere eskainiko dira, gai ugari jorratzeko, hala nola komunikazio antiespezista (Andrea Arrizabalaga – @andyarriza_vegan), aktibismo egituratua (IMAE – @imae.activismo), animaliak gehiago errespetatuta bizitzeko istorio pertsonalak eta hausnarketak (Cristina Rodrigo – @crispipics) eta geure etxeak ingurumena hobeto zaintzeko keinuak eta gomendioak, aldaketa erraz, ekonomiko eta are doakoekin.  (Laura Peinado – @laurapeinadorodriguez).

Musika, artea eta komunitatea

Aldaketa ospatu ere egin behar delako, Be Veggien zuzeneko musika, DJak eta adin guztietarako jarduerak ere egongo dira. Silent Disco San Sebastián (@silentdisco.ss), Om Lila (@om_lilamusic) eta Eromena (@eromena.dj) edo Misseo Future beren set-etan, baita haurrentzako sormen eremuak, horma-irudi kolaboratiboa edo eguneroko zozketak ere.

Aurten, gainera, Ane Arzelus (@anearzelus) artista donostiarrak bere ikuspegi ezin bereziagoa ekarriko du jaialdira, Be Veggien inspiratutako horma-irudi bat egingo baitu zuzenean.

Ihobe ere Be Veggien izango da

Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa, Be Veggien izango da, Ekoetxearen bidez. Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarea da Ekoetxea, eta esperientzia bereziak sustatzen ditu, publiko guztiei zuzenduak, gure lurraldeko tokirik enblematikoenetan.

Edizio honetan, Txingudiko ekoetxeak ihes-joko bat ekarriko du azokara, Escape Box TerminUs, non parte-hartzaileak istorio zirraragarri bateko protagonista bihurtuko diren. Zenbait probaren bidez, planetaren joera aldatzeko eta klima-larrialdiari aurre egiteko mugaeguna zein den deskubrituko dute, TerminUS delakoa, hain zuzen, gure eguneroko ohitura eta ekintza batzuk aldatzen baditugu.

V-Label sariak

Espainiako Batasun Begetarianoak (UVE) antolatutako Espainiako V-Label sariek sektore beganoan berrikuntzaren eta jasangarritasunaren lider diren enpresak aintzatesten dituzten, eta aurten ere Be Veggien izango da sari-banaketa. Bigarren urtez banatuko dira golardo horiek Be Veggien, eta epaimahaikide izango da aurten ere Maialen Gaztañaga, ekitaldiaren zuzendaria.

Informazio praktikoa:

  • Abenduaren 6an eta 7an: 11:00etatik 20:00etara
  • Abenduaren 8an: 11:00etatik 16:00etara

Informazio gehiago:

Weba: www.beveggie.eus

Instagram: beveggie.ficoba

TikTok: @festivalbeveggie

Facebook: Be Veggie

YouTube: Be Veggie

Erakundeen adierazpenak:

Cristina Laborda, Irungo alkatea eta Ficoba Fundazioaren presidenta.
“Be Veggie Ficobak aukera-nitxo konkretuetan aukerak identifikatzeko izan duen arrakastaren adibide garbia da. Aurreko edizioetan lortutako emaitza onek apustu mota hau babesten dute. Gainera, abenduko zubian ospatzeak ezin hobeto uztartzen du Irungo Eguberrietako egitarau zabalarekin, eta hiria bisitatzeko egun horiek aukeratzen dutenentzat eskaintza aberasten du”.

José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua.
“Herritarrek pertsonalki esperimentatzea nahi dugu kontsumo konbentzionalari benetako alternatibak badaudela. Horregatik, aurten GK Green Fashion klusterraren ohiko standa espazio bizi bihurtu dugu, eginez ikasteko pentsatua. Jarduerak eskainiko ditugu, adibidez, hondakin organikoak apaingarri bihurtzen direnak, material berrerabilietatik Eguberrietako apaingarriak sortzen direnak edo etxerako produktu naturalak egiten direnak. Proposamen hauek erakusten dute jasangarritasuna sortzailea, eskuragarria eta eraldatzailea izan daitekeela. Gure helburua da sentsibilizatzea, inspiratzea eta argi uztea keinu txiki bakoitzak planeta errespetatzen duen kontsumo-eredu arduratsuago bat eraikitzen laguntzen duela”.

Azahara Domínguez, Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako diputatua.

Azahara Domínguez diputatua pozik agertu da Gipuzkoak tamaina honetako feria baten egoitza izaten jarraitzen duelako, “horrek erakusten du gure giharra gero eta indartsuagoa dela horrelako hitzorduak hartzeko, eta, horri esker, azoka eta kongresuen helmuga gisa sendotzen ari gara”. Ildo horretan, azpimarratu duenez, “gure lurraldeko turismo-industria ahalegin handia egiten ari da kongresu eta azoken arloan lehentasunezko turismo-helmuga gisa kokatzeko. Turismo-segmentu hori oso interesgarria zaigu, goi-denboralditik kanpoko turismo-jarduerari mesede egiten baitio, eta jarduera ekonomikoa sortzen baitu tradizionalki bisitari gutxiago dauden urteko uneetan”.