• Aurten, 500 txakurrek baino gehiagok parte hartuko dute.
  • Retriever, teckel eta doberman arrazak izango dira nagusi.

(Irun, 2024ko apirilaren 15a). FICOBA txakurzaleek gehien espero dituzten hitzorduetako baterako prest dago: Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketa txakur hazleen, profesionalen eta txakurzaleen halabeharrezko topaketa da, eta 42. edizioa jardueraz eta lehiaketaz betetako egun bat izango da, eta, batez ere, 150 arrazatako 500 txakurren baino gehiagoren bilgunea.

Aurten, apirilaren 21ean izango da erakusketa, igandearekin, eta txakurren aniztasun eta edertasunaren erakustokia izango da, kalitate handiko aleak ikusteko aukera.

09:30etik 19:00etara arte iraungo du jardunaldiak, eta, bitarte horretan, txakurren mundu liluragarria gertutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, eta esperientzia paregabe bat biziko dute.

Aurreko edizioetan bezala, esposizioak oihartzun handia izan du Frantzian, eta hainbat eta hainbat txakur etorriko dira handik.

Hamaika taldetan banatuko dira txakurrak, eta, hamaikagarren taldekoen artean hain zuzen ere, aurten parte hartuko duten arrazarik arraroenetako batekoak egongo dira: biewerrak. Yorkshire terrierren mantuaren kolorea aldarazten duen mutazio genetiko baten emaitza dira, eta, horrela, hiru kolorekoak dira.

Hamaikagarren taldean lehiatuko diren arrazak FCI Nazioarteko Federazio Zinologikoak oraindik onartu ez dituenak dira: aipatutakoaz gain, Estatuko arraza batzuk, hala nola majorero delakoa, euskal artzain txakurra, garafiano delako artzain txakurra, Leóngo artzain txakurra, Valdueza txakurra, alano espainiarra, arratoi txakur andaluziarra, arratoi txakur valentziarra, ehiza txakur andaluziarra, maneto delakoa, ehiza txakur valentziarra eta Nafarroako patxoia.

Aurtengo erakusketako arraza nagusiak, berriz, retriever, teckel eta doberman arrazak izango dira.

Epaimahai bikaina

Aurten, nazioarteko epaile entzutetsuek osatuko dute epaimahaia, hala nola Enrico Drudi sanmarinoarrak, Bruce Schwartz estatubatuarrak, Elizabet Caminade-Lavault hegoafrikarrak eta Claudio Lombardi italiarrak: Espainiako epaileekin batera, horiek aukeratu beharko dituzte alerik onenak. Parte hartzaileak erakusketako txakurrik onena izateko eta Errege Kopa irabazteko lehiatuko dira, eta, gainera, beste ehun trofeo eta domina baino gehiago lortu ahalko dituzte.

Jarduera paraleloak

Lehiaketaz gain, standak izango dira erakusketan, gure lagunik onenen zaintza eta ongizaterako askotariko produktuak eskaintzeko. Era berean, aurkezle gazteen lehiaketarako abileziak erakusteko aukera izango da.

Sariak

Parte hartzaileek Espainiako Txapelketarako Gaitasun Ziurtagiria eta Nazioarteko Gaitasun Ziurtagiria lortu ahalko dituzte, besteak beste, baina, edonola ere, momentu gorenak taldekako finala eta final handia izango dira, non hautagaietako bat erakusketako txakurrik onena bihurtuko den eta Errege Kopa irabaziko duen.

Informazio praktikoa

Sarrera 5 euro kostako zaie helduei, eta 3 euro 10 urtetik beherako haurrei.

GOGOAN IZAN BEHARRA DAGO ERAKUSKETEI BURUZKO ARAUDIAREKIN BAT ETORRIZ LEHIAKETAN PARTE HARTZEN EZ DUTEN TXAKURRAK EZINGO DIRELA SARTU BARRUTIAN ETA EZINGO DELA TXAKURRIK SALDU.

Egitaraua

  • 08:00etan, dokumentazio bilketa eta albaitariaren kontrola
  • 09:30ean, balorazioen hasiera
  • 12:00etan, txakur hezitzaileen erakustaldia
  • 14:00etan, aurkezle gazteen sariketa
  • 16:00etan, taldekako finalak eta final handia