Abenduaren 6an, 7an eta 8an egingo da Be Veggie 2025, animalien askapenaren eta justizia klimatikoaren aldeko jaialdi beganoa, inoiz baino indartsuago eta bizimodu begano baten aldeko konpromiso irmoarekin
- Jaialdi beganoaren zazpigarren edizioa izango da, eta Ficoban egingo da
Be Veggie ekitaldi bat baino askoz gehiago da, animalien esplotaziorik gabeko mundu baten aldeko borrokarako, kontzientziarako eta ekintzarako espazio bat da, eta aurtengo edizioak badu data: 2025eko abenduaren 6an, 7an eta 8an egingo da Ficoban (Irun).
Hiru egunez, Be Veggiek agertoki paregabea eskainiko du % 100 landare-jatorrizkoa den elikadura osasungarri eta jasangarri baten inguruan ikasteko, partekatzeko eta gozatzeko, bai eta animalien esplotaziorik gabeko bizimolde baten alde egiteko ere. Mundu etiko, bidezko eta jasangarri bat posiblea, beharrezkoa eta premiazkoa dela uste dutenentzako topagune bat izango da.
Ekitaldia 2019an jaio zen, eta guztiz errotuta dago beganoen, begetarianoen eta flexitarianoen artean, bai eta bizimolde etiko, errespetuzko eta kontzienteago batean interesa duten guztien artean ere. Be Veggie ez da % 100 landare-jatorriko elikadura bat sustatzera mugatzen: eredu-aldaketa sakon bat aldarrikatzen du, bizitzeko modu justu, errespetuzko eta konprometituago batzuetarako trantsizioa. Jaialdian krudeltasunik gabeko produktu etikoen sorta zabal bat eskainiko da, baita hitzaldiak, tailerrak, esperientziak eta aktibismoa ere. Hausnartzeko, ikasteko eta elkarrekin konektatzeko hiru egun izango dira, mugimendu beganoa eraldaketa politikoa, ekologikoa eta soziala erdiesteko tresna gisa indartzen jarraitzeko.
Maialen Gaztañaga Be Veggieren zuzendariaren hitzetan, «gure konpromisoa argia da: Erroetatik aldaketa sustatzea. Be Veggie ez da erakusleiho bat, esplotazioaren kontrako erresistentziarako plataforma bat da, elkarrekin etorkizun desberdin bat irudikatzeko toki bat».
Be Veggie ez da azoka huts bat edo joeren erakusleiho bat. Ahotsik ez dutenei ahotsa ematen dien lubaki baketsu bat da: sistema interpelatzen du, espezismoa, klimaren suntsipena eta animalien sufrimendua ezkutatzeko saiakerak salatuta. Aldi berean, esperantzarako espazio bat da. Bertan, alternatibak loratzen dira, aliantzak sortzen dira eta komunitatea indartzen da. Izan ere, beganismoa ez da moda huts bat: justizia ere bada.
V-Label sariak berriro ere
Espainiako Batasun Begetarianoak (UVE) antolatutako Espainiako V-Label sariek sektore beganoan berrikuntzaren eta jasangarritasunaren lider diren enpresak aitortzen dituzte, eta aurten ere Be Veggien izango da sari-banaketa. Bigarren urtez banatuko dira golardo horiek Be Veggien, eta epaimahaikide izango da aurten ere Maialen Gaztañaga, ekitaldiaren zuzendaria.
GK Green Fashion
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentua ere presente egongo da Be Veggien, GK Green Fashion klusterraren bidez, egungo arropa kontsumoak duen inpaktuaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz, batik bat fast fashion delakoari dagokionez, eta ikusgarritasuna emateko animalien esplotaziorik gabeko beste aukera jasangarri, etiko eta lokal batzuei.
Aurten, espazio tradizionala atzean utzi eta esperientzian oinarritutako formatu bat eskainiko da, dibulgaziorako, sormenerako eta publikoak parte hartzeko topagune gisa ulertuta. Tailerrak, hitzaldiak eta zuzeneko hitzartzeak programatu dira, besteak beste. Proposamenak kontsumo jasangarriaren inguruko gogoeta piztu bahi du, eta moda jasangarriaren balioa aitortu, bizimolde kontziente eta konprometituago baterako ezinbesteko oinarria baita.
Datozen hilabeteotan, Be Veggie jaialdi beganoaren zazpigarren edizioari buruzko informazio gehiago zabalduko dugu, hala nola programazioa, parte hartzaileen izenak, jarduerak eta proposamenak.
www. beveggie.eus