• 40 enpresa erakusketari, 25 itsasontzi baino gehiago, hitzaldi-programa, lehiaketak eta zozketak dira Euskadiko Nautika Azokako protagonista
  • Ababor martxoaren 24tik 26ra egingo da, eta doan izango da sarrera eta parkinga

Ababor, Euskadiko Nautika Azoka, Ficobara itzuli da, eta helburua du hiru pabiloietan biltzea nabigatzea edo uretako kirolak egitea maite duten pertsona guztiak. Haiek guztiek arrazoi ugari izango dituzte Ababor bisitatzeko.

Alde batetik, erakusketa-atala dago. Aurten, 40 enpresa izango dira bisitariei beren proposamenak erakusten, alor hauek gaitzat hartuta: moto-nautika, elektronika eta osagarriak, zerbitzu nautikoak, segurtasun nautikoa eta klubak, arrantzarako osagarriak, turismo nautikoa, charterrak eta osagarriak.

Beren kontzesionario ofizialen bidez presente egongo diren markak ere asko izango dira: Jeanneau, Beneteau, Lagoon, B2 Marine, Rodman, Dufour, Rhea Marine, Fountaine Pajot, Tofinou, Wauquiez , Selva, Yanmar, Yamaha, Suzuki Marine, Volvo, Solé Diesel, Raymarine, Minn Kota eta Garmin.

Erakusketari ugari izango dira, jarduera asko antolatuko dira azokaren programan eta, azoka antolatzeko, erakundeen babesa izango du EKP eta Gipuzkoa Turismoren eskutik, baita ANENen sostengua ere (Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionala, Espainiako itsas sektorearen patronala). Horrek guztiak Ababor erreferentziazko hitzordua bihurtzen du nautikako sektorearentzat.

Emakume nabigatzaileak, munduari bira eta beste gai interesgarri batzuk

Hitzaldi eta mahai-inguruen programak emakumeak ditu protagonista hein handi batean. Besteak beste, Paula Gonzalvok 35.000 milia baino gehiago dauzka nabigatuta, eta bere Allende los Mares blogean, itsasoa eta belaontzia erakusten ditu egunerokoan, ontzian bizi eta lan egiten duten pertsonen bizimoduaren ikuspegitik. Edo Pilar Casares, kimikan lizentziaduna, alturako patroia eta itsasontzigintzako mekanikako goi-mailako teknikaria, ehunka itsasaldi egin dituena, besteak beste, Pelayo Vida erronka. Minbizia izan duten bost emakume, 2.500 itsas milia baino gehiago egin izanaren abentura bizi izan dutenak, Vigoko portutik Zirkulu Polar Artikora, Ipar 66 paralelo ospetsuan, Ozeano Atlantikoaren eta Ozeano Artikoaren arteko mugan.

Emakumeak eta etorkizun handiko gazteak izango dira “itsasoa eta kirola” gaiari buruzko mahai-inguruko protagonistak. Han izango da J80 “Zero womens” emakumezkoen taldea, Hondarribiko Klub Nautikoko 6 emakume gazte buru direla.

‘Itsasoa Gaittun’. Gema Arruageta argazkilariak aurkeztuko du dokumental hau, zuzendaria den aldetik. Euskal portuetan, Bizkaian, lan egin duten eta lan egiten duten zenbait belaunalditako emakumeen bizitza, lanbideak, kezkak eta borrokak erakusten ditu dokumentalak: saregileak, paketatzaileak, neskatilak, kontserba-fabriketakoak, zamaketaria…

Margarita Martín AEMETeko meteorologoa ere izango da Ababorren. Euskal kostaldeko ekaitz eta galernei buruz hitz egingo du.

Munduari buelta ematea nabigatzen eta hori errealitate bihurtu duten pertsonak ere protagonistak izango dira Ababorren, eta, adibidez, Julio Villarren “E, Petrel!” liburuaren euskarazko itzulpena ere aurkeztuko dute. Nabigatzaile bakarti baten koadernoa da liburua.

Duela 50 urte, donostiar horrek munduari bira eman zion belaontzi batean. Belaontzia apenas zen zazpi metro luze eta bi metro eta erdi zabal, eta 1.200 kilo pasatxo pisatzen zuen. Ordura arte inork ez zion munduari bira eman hain ontzi arinean.

David Ruiz ere beste horietako bat da: egun batean, dena uztea erabaki eta munduari bira bakarka eman lau urteko bidaia batean, eguzkiari jarraituz.

Didac Costa estropadalariak behin baino gehiagotan eman dio bira munduari, eta eskalarik gabe egin du, Vendée Globeko parte-hartzaile gisa.

Unai Basurkok, bestalde, bakarrik eta lehiaketan eman dio munduari bira. Aurten Ababorrera etorri da bela-nabigazioaren arteaz hitz egitera, lanerako eta aisialdirako aukera den aldetik.

Horrez gain, Ababorren, ‘Saltillo’ eskola-ontzia ezagutuko dugu prestakuntzarako erabiltzen den ondare bizia den aldetik, eta itsasoaren etorkizun jasangarriaz eta aisiako nautikako segurtasunaz ere ikasiko dugu Josu Bilbao Cámara Pasaiako itsas kapitainaren eskutik, eta Irungo portu erromatarra ere ezagutuko dugu, eta gure ontziak ezagutzen ikasiko dugu David Fernándezen eskutik, The low cost sailor. Ez baita nahikoa ontzia gobernatzen jakitea. Prestatu egin behar da, oinarrizko tresnak eraman behar dira, eta prestatua egon behar da larrialdi-egoeretan jarduteko eta laguntza hurbil egon ez eta dena gure esku egon daitekeen egoeretatik ondo ateratzeko.

Programa osoa kontsulta daiteke www.ababor.eus webgunean. Hor bertan, online eskuratu daitezke doan, izena eman ondoren, Ababor azokaren bigarren ediziorako sarrerak.

Jarduera berriak…

eSAILING ABABOR 2023, hala izena du aurtengo azokan estreinatuko den jarduerak. Bela-txapelketa birtual bat da, guztiontzat pentsatua: bai bela-lehiaketetan eskarmentua dutenentzat, bai azokara bertaratzen den edozein zalerentzat. Ez da beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea, ez estropaden munduan ezta teknologian edo bideojokoetan ere. Azokaren hiru jardunaldietan txapelketak eta lehiarik gabeko partidak antolatuko dira.

Eta arrantza nahiago duten pertsonentzat, modu birtualean egin ahal izango dute Ababorren.

…Eta familian gozatzeko jarduerak, horiek ere nobedadeak dira

Aurten, Ababorrek Sasemar helikopteroaren ate irekien jardunaldia antolatu du.

“Helimer 223” salbamendu-helikopteroa da, Itsas Salbamenduak aire-flotan dituen 11 helikopteroetako bat. Itsasoan giza bizitza salbatzea eta airetik aztertzea dira haren eginkizunak.

Helikopteroa Ficobaren kanpoaldean egongo da martxoaren 25etik (larunbata) aurrera. Jakina, jarduera hori baldintzatuta egongo da, eguraldia eta salbamendu-beharrak kontuan hartu behar baitira.

Haurrek, helduek lagunduta, “Bizitza berria itsasoko plastikoei” izeneko tailerrean parte hartzeko aukera ere izango dute, Mater Museoaren eskutik. Bertan, artisau-eran birziklatuko dira itsasora ateratzean edo kostaldean biltzen diren hondakin plastikoak.

Elkarrekin Ababor

Elkarrekin Ababor ekimenak harrera ona izan zuen, eta, beraz, aurten, berriz egingo da. Horrenbestez, jarduera nautiko batzuk egingo dira azokaren aurretik Txingudiko Badiaren inguruan.

Horrela bada, Martxoaren 18an, berriz ere elkarrekin jardungo dute EKPk (Euskal Kirol Portuak), Hondarribiko Klub Nautikoak, Euskadiko Bela Federazioak, Gipuzkoako Bela Federazioak eta Hondarribiko Udalak Txingudiko badian zenbait jarduera nautiko egiteko, azokaren atariko gisa.

Ekimen hauek antolatu dira: ainguratutako itsasontzi batetik egindako arrantza-lehiaketa, Hondarribitik Donibane Lohizunerainoko gurutzaontzien itsasaldia eta Optimartxoa bela-estropada. Dagoeneko baieztatu dute 10 arrantza-ontzik eta 29 gurutzaldi-ontzik parte hartuko dutela.

Era berean, Higer katamaranak bat egingo du zeharkaldiarekin, eta bertatik jarraitu ahal izango da Elkarrekin Abor jardunaldiaren nondik norakoak. Larunbateko jarduerak amaitutakoan, lunch bat egingo da 14: 00ak aldera, Hondarribiko San Pedro Arrantzaleen Kofradiarekin lankidetzan.

Zozketa ugari

Ababorrera etortzeak saria du. Zozketak martxoaren 27an egingo dira (astelehena) eguerdiko 12:00etan, ABABOR 2023 azokako bisitarien artean, eta honako sari hauek irabaz ditzakete: ume batentzako (8-14 urte) astebeteko optimist-ikastaroa, Hondarribiko Klub Nautikoaren eskutik; 4 lagunentzako paseotxoa ontzi hondakin-biltzaile batean, Hondarribiko Klub Nautikoaren eskutik; belaontzian paseotxo bat, Yacht Club Hendayeren eskutik; 4 lagunentzako irteera bat Paddlen, Centre Nautique d’Hendayeren eskutik; nabigatzeko lizentzia-ikastaro bat, Probanza nautika-eskolaren eskutik, eta Hendaia Txingudiko Maritime Klubaren (CMHT) eskutik, berriz, bi lagunentzako aukera ontzi-arrantzako lehiaketa batean parte hartzeko; bela-nabigazioaren hastapeneko irteera bi pertsonarentzat; egun osoko irteera belaontzian bi pertsonarentzat; 5 sarrera bikoitz Albaola Itxas Kultur Faktoriarako, eta sari nagusia: 2 lagunentzako egonaldia OLATUA belaontzian (ekainean, uztailean eta irailean gozatzeko, prestasunaren arabera, larunbatetik ostiralera, bi lagunentzako kamarotea ontzi partekatuan).

Datu praktikoak

Ababorren bigarren edizioak martxoaren 24tik 26ra irekiko ditu ateak, ordutegi honetan:

Ostiralean (24) eta larunbatean (25): 11:00-20:00 / Igandean (26): 11:00 – 19:00

Sarrera eta aparkalekua doan. www.ababor.eus