• Uretako jarduerengatiko interesa berresten dute sektoreko datuek. Euskadin 600 titulu nautiko berri eman ziren 2021ean, eta aurten, Ficoban, 1.000 lagunek baino gehiagok egingo dute titulazioa lortzeko azterketa
  • 2023an, Estatuko sektore nautikoaren epizentroa bihurtuko da Gipuzkoa. Ababorrez gain, X. Nautika Biltzarra Donostian egingo du Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalak (ANEN)

 

Ababorren lehen edizioak (2022ko apirila) oso pozik utzi zituen bai enpresa erakusketariak bai Euskadiko lehen azoka nautikoa bisitatu zutenak. Orduan, Ababorren beste edizio bat bisitatuko ote zuten galdetu zitzaion jendeari, eta % 86k baino gehiagok baietz erantzun zuten, eta, horri guztiari erantzuteko, Ficoba berriz ere portu estali handi bat bihurtuko da martxoaren 24tik 26ra.

Ababorrek norabideari eusten dio, eta berretsi egiten du azokaren nortasuna; alegia sektore horren inguruan diharduten enpresa eta zerbitzuen sarearen erakusleiho komertziala izan nahi duen ekitaldi bat dela, eta topagune bat ere bai aisialdiko nautika, eta itsasoarekin eta uretako jarduerekin lotutako turismoa gustuko duten profesional eta pertsonentzako.

Ababorren antolatzaileak lanean ari dira Ficoban enpresa erakusketari ugari biltzeko, eta jarduera paraleloen programa bat ere diseinatzen ari dira, itsasoaren zale sutsuek azokan ahalik eta gehien goza dezaten.

Sektorearen babesa izaten jarraitzen du Ababorrek. Babes horren erakusle da azoka antolatzeko babes instituzionala izaten duela ANEN elkarteak (Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionala, Espainiako sektore nautikoaren patronala) eta horrek Ababor indartu egiten du nautikaren eta itsas turismoaren sektoreko erreferentzia gisa.

Sektore nautikoaren 2021eko datuak

ANENek uretako jardueren inguruan emandako zifrek berretsi egiten dute 2021 errekor-urtea izan zela. Aurten, 95.000 nabigatzaile berrik baino gehiagok eskuratu zuten titulua, eta agerian utzi zuten zenbateraino sartu den turismo nautikoa gizartean. Haietatik, 600 titulu Euskadin eman ziren. Bestalde, aurten bertan, Ficobak bi txanda hartu ditu Euskadin egiten diren azterketa nautikoak egiteko, eta 1.300 lagunek baino gehiagok eman zuten izena.

Sektorea gorantz doala erakusten du horrek, nahiz eta 2022an egonkortu egin den ontzien matrikulazioa hornidura-krisiaren ondorioz, eragin handiagoa izan baitu ontzi txikien eta uretako motorren segmentuetan.

Eta datu horiek aztertuko dira, sektorearentzat interes handiko beste gai batzuez gain, ANENen Nautika Biltzarraren hamargarren edizioan. Hain zuzen, 2023an, Gipuzkoara ekarriko dute urteko hitzordu hori, eta lurraldea Estatuko itsas sektorearen epizentro bihurtuko da martxoan.

www.ababor.eus