• Gipuzkoako Foru Aldundiak haren ibilbide profesionala aitortu du Emakumeak eta Jasangarritasuna sarien hirugarren edizioan, enpresa munduaren kategorian
  • Sariak agerian uzten du Ficobak azoka-jardueraren alde egindako apustua, ekonomia dinamizatzeko, ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzeko eta gizartea eraldatzeko tresna gisa

Maialen Gaztañaga, 2008az geroztik Ficoba Fundazioko azoken zuzendaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatutako Emakumeak eta Jasangarritasuna sarien hirugarren edizioan saritu dute. Enpresa munduaren kategorian jasotako sariak Bioterra, Euskadiko Eko azoka, eta Be Veggie, Euskadiko Jaialdia beganoa, garatu eta sendotzearekin bereziki lotutako ibilbide profesionala aitortzen du.

Bi azoka horien bidez, Gaztañagak jasangarritasunarekin lotutako sektoreetako enpresa eta profesionalentzako negozio aukerak sortzen, eragileen arteko aliantzak ehuntzen eta ekoizpen- eta kontsumo-eredu arduratsuagoak herritarrengana hurbiltzen lagundu du.

Joerei aurrea hartzea eta gizartearekin batera eboluzionatzea

2004an, jasangarritasuna agenda publikoko gai nagusietako bat bihurtu baino askoz lehenago, Ficobak nekazaritza ekologikoa, energia berriztagarriak, bioeraikuntza eta kontsumo arduratsua jorratzen zituen jada Bioterraren bidez.

Bi hamarkada baino gehiagotan, azokak eboluzionatu egin du eta jarduera eremu berriak txertatu ditu, hala nola moda jasangarria, kosmetika naturala, biomaterialak eta ongizatea. Bilakaera horrek jasangarritasunaren gero eta zeharkakoagoa den ikuspegia islatzen du.

Joera berriak identifikatzeko eta gizartearen eskariei erantzuteko gaitasun hori Be Veggieren sorreran ere badago. Jaialdiaren lehen edizioa 2019an egin zen. Jaialdia abian jartzearekin batera, Maialen Gaztañagak beganismoaren inguruko enpresa jarduerarako, dibulgaziorako eta topaketarako gune berri bat irekitzen lagundu zuen. Urteen poderioz, enpresek, erakundeek, espezialistek eta bisitariek osatutako komunitatea sendotu du jaialdiak.

Jarduera komertzialetik harago doan azoka-eredua

Maialen Gaztañagaren ibilbide profesionala hobekien definitzen duten ezaugarrietako bat azokaren kontzeptu tradizionala gainditzeko egin duen apustua da. Bioterrak eta Be Veggiek dimentsio ekonomiko eta komertzial garrantzitsua dute, eta enpresei, ekoizleei eta ekintzaileei beren produktuak aurkezteko, publiko berrietara iristeko eta harreman profesionalak ezartzeko aukera eskaintzen diete.

Erakusketa eskaintzaz gain, hitzaldi, mahai-inguru, tailer, sukaldaritza erakustaldi, dastatze eta parte hartzeko jardueren programa zabala eskaintzen dute, eguneroko bizitzan ohitura jasangarriagoak ezagutu eta txertatzeko aukera ematen duena.

Maialen Gaztañagari egindako aitortzak Ficobaren lan-ildo bat nabarmentzen du: berak antolatutako azoken bidez, gorabidean dauden sektore ekonomikoen garapena bultzatzea, enpresen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea eta herritarrak ingurumen-erronketan inplikatzea.

Aitortutako ibilbide profesionala

Frantses Filologian lizentziaduna, Maialen Gaztañagak enpresa mundura eta nazioarteko harremanetara bideratu zuen bere ibilbide profesionala, Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze eta Kanpo Merkataritzako beka bat eskuratu ondoren.

2008az geroztik Ficoba Fundazioko azoken zuzendaria da. Bertan garatu du bere ibilbide profesionalaren zati handi bat, enpresa-jarduera lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialarekin lotzen duten ekimenak sustatuz.

Emakumeak eta Jasangarritasuna sariak

Sari hauen hirugarren edizioaren helburua garapen eredu jasangarriago, berritzaileago eta berdinzaleago bat eraikitzeko emakumeek egiten duten ekarpena aitortzea eta ikusgai jartzea da.

Aspegi, Adegi, Gipuzkoako Bazkundea eta Elkargiko ordezkariek osatutako epaimahaiak hainbat alderdi baloratu ditu, hala nola hautagaien ibilbide profesionala, ekimenen eragina, jasangarritasunari egindako ekarpena, berrikuntzarako gaitasuna eta eraldaketarako ahalmena.