Turislanek azaroaren 19an irekiko ditu ateak Ficoban, Euskadiko turismo-sektorean enplegu-aukera berriak eskainiz

  • 30 enpresak, erakundek eta elkartek hartuko dute parte, eta 220 lan-eskaintza inguru kudeatuko dira
  • Turislanek turismoarekin eta enpleguarekin lotutako enpresa-elkarteen, prestakuntza-erakundeen eta erakundeen babesa lortu du
  • Interesa duten pertsonek www.turislan.eus webgunearen bidez hautagaitzak aurkezten jarrai dezakete, eta Ficobara zuzenean joan daitezke curriculuma entregatzera
  • Sarrera doakoa izango da eta azoka 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara egongo da zabalik

Turislan, Euskadiko Turismo Sektoreko Enplegu Azokak, etapa berri bateko lehen edizioa egingo du datorren ostegunean, azaroaren 19an, Ficoban. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatu du ekimena, eta Ficobak antolatu du.

Azokak kontratazio-beharrak dituzten enpresak eta turismo-sektorean lana aurkitu edo ibilbide profesionala garatu nahi duten pertsonak elkartuko ditu. Jardunaldia bi aldeen arteko harreman zuzena errazteko eta Euskadin garrantzi ekonomiko handia duen sektore batek eskaintzen dituen lan-aukerak ezagutarazteko antolatu da.

2017tik 2019ra bitartean hiru edizio egin ondoren, Turislanek etapa berri bati ekingo dio Gipuzkoan, datozen edizioetan Bizkaira eta Arabara zabaltzeko asmoz.

Hainbat profil profesionalentzako aukerak

Turislanen webgunean, www.turislan.eus, turismo-jardueraren hainbat arlotako lan-eskaintzak kontsulta daitezke, hala nola hotelgintzan, ostalaritzan, ekitaldien antolaketan, garraioan eta turismo-esperientzietan.

Gogorarazi behar da ez dela beharrezkoa aldez aurretik izena ematea azokan parte hartzeko. Azaroaren 19an, ostegunean, edonor joan ahal izango da zuzenean Ficobara, parte hartzen duten enpresen standak bisitatu, haien kontratazio-beharrak ezagutu eta curriculuma eskura emateko.

Turismo-sektoreko elkarte eta erakundeen babesa

Edizio berri honen alderdi aipagarrienetako bat turismoarekin, prestakuntzarekin eta enpleguarekin lotutako enpresa-elkarteen, erakunde profesionalen eta instituzioen inplikazioa da.

Turislanen parte hartuko dute ADEGIk, Gipuzkoako Hotelen Elkarteak, APARTUREk (Euskadiko Apartamentu Turistikoen Elkartea), Euskadiko Kanpinen Elkarteak (AECA) eta Gipuzkoako Ostalaritza Enpresaburuen Elkarteak.

Horiei gehituko zaizkie ATRAE (Euskadiko Turismo Agentzia Hartzaileen Elkartea), Aktiba (Euskadiko turismo aktiboko, nautiko, abenturako eta ekoturismoko enpresen elkartea) eta OPCE (Euskadiko Kongresu Antolatzaile Profesionalen Elkartea). Erakunde horiek turismo-sektoreko jarduera eta profil profesional desberdinak ordezkatzen dituzte.

Erakundeen eta enpleguarekin lotutako entitateen parte-hartzeari dagokionez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Turismo Zuzendaritzaren eta Talenturren bidez, eta Garapen (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) izango dira bertan.

Prestakuntza-zentroek ere parte hartuko dute, besteak beste, IES Zubiri Manteok, CEBANCek eta Academia Lacunzak.

Enplegu-aukerak hobetzeko orientazio profesionala

Enpresekin harreman zuzena izateko aukeraz gain, Turislanek orientazio-jarduerak eskainiko dizkie lana bilatzen ari diren edo beren profil profesionala hobetu nahi duten pertsonei.

«Bereizi zaitez: nola aurkeztu zure profil profesionala» izenburupean, bi saio egingo dira, 12:00etan eta 15:30ean. Bertan, besteak beste, norberaren indarguneak identifikatzea, lan-elkarrizketak prestatzea, hautagaitzak aurkeztea eta gaitasun profesionalak eraginkortasunez komunikatzeko tresnak landuko dira.

Saioek ordubete inguruko iraupena izango dute, doakoak izango dira eta edukiera mugatua izango dute. Iritsiera-hurrenkeraren arabera sartu ahal izango da.

Doako sarrera eta sarbide librea

Turislan azaroaren 19an, ostegunean, egingo da Ficoban (Irun), 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

Enpresei, lan-eskaintzei eta jarduerei buruzko informazio guztia www.turislan.eus webgunean dago eskuragarri.