• Guztira 4.000 bisitari izan dira, eta horietatik 2.400 inguruk parte hartu dute asteburuan antolatutako 30 jarduera baino gehiagotan.
  • Edizio honetako berrikuntzek, hala nola Pasaporte Beganoak, erretratuek eta Gipuzkoako Pikante Txapelketak, harrera bikaina izan dute.
  • Enpresa erakusketarien % 80 pozik agertu da jaialdian izandako parte-hartzearekin.

Be Veggiek beste edizio bat amaitu du Ficoban, eta berretsi du jaialdi begano bat baino askoz gehiago dela. Izan ere, komunitate leial, aktibo eta parte-hartzaile baten topagunea ere bada. Urtez urte, komunitate hori hitzordura joaten da esperientziak partekatzeko, proposamen berriak ezagutzeko eta beganismoaren eta bizimodu kontzienteago eta jasangarriago baten inguruan antolatutako asteburuaz gozatzeko.

Aurten, egutegi berriarekin eta bi eguneko formatuarekin, aurreko edizioetako hiru egunen ordez, jaialdiak giro onez eta jardueraz bete du berriro Ficoba. Be Veggieren ezaugarri nagusietako bat publikoaren inplikazioa da, hain zuzen ere. Bisitariak ez dira erakusketa-guneak ikustera mugatzen; egunaren zati handi bat ematen dute jaialdiko proposamenak ezagutzen eta horietan parte hartzen. Izan ere, bisitak luzeak izaten dira, presarik gabe gozatzeko pentsatutako programazioak sortzen duen interesaren erakusgarri.

Parte hartze hori datuetan ere islatzen da: 2.400 pertsona inguruk parte hartu dute asteburuan antolatutako 30 jarduera baino gehiagotan. Hitzaldiek, mahai-inguruek, showcooking saioek, tailerrek eta kirol-jarduerek, hala nola barre eskolek, etengabeko jarduera sortu dute jaialdiko hainbat gunetan. Zuzeneko musikak ere bisitariak lagundu ditu, Be Veggieren bereizgarri den jai giro hurbila indartuz.

Publikoarekin bat egin duten berrikuntzak

Aurten txertatutako proposamen berriek oso erantzun positiboa izan dute. Horren adibide da Pasaporte Beganoa, publikoa jaialdia beste modu batera ezagutzera gonbidatu duen ekimena. Parte hartzaileek adierazi dutenez, Be Veggie beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman die.

Erretratuek ere harrera bikaina izan dute. Jarduera horrek interes handia piztu du, eta 500 erretratu egin dira asteburuan zehar.

Beste erakargarritasun handietako bat Gipuzkoako Pikante Txapelketa, Ardor Fest, izan da, edizio honetako berrikuntza nagusietako bat. Bi emakumek lortu dituzte lehen postuak. Proposamen horrekin, Be Veggiek, hitzez hitz, bere mailarik pikanteena lortu du, eta dibertsio-osagai berri bat gehitu dio programazioari.

Urte osoan aktibo dagoen komunitatea

Be Veggieren komunitatea ez da jaialdian bakarrik elkartzen. Urte osoan zehar presentzia aktiboa du sare sozialetan ere, eta dagoeneko 6.000 pertsona baino gehiagoko komunitate digitala osatu du, etengabe hazten jarraitzen duena. Aurten bakarrik, 400 jarraitzaile berri baino gehiago batu zaizkio.

Publikoarekiko etengabeko lotura hori jaialdiaren beste indargune bat da, eta landare-jatorriko elikadurarekin, ongizatearekin, animalienganako errespetuarekin eta jasangarritasunarekin lotutako interesak partekatzen dituzten pertsonentzako topagune gisa sendotzen laguntzen du.

Bisitarien jatorriari dagokionez, Be Veggiek gipuzkoar izaera nabarmena izaten jarraitzen du. Ordezkaritza handiena duten eskualdeen artean daude Bidasoa Beherea (% 37) eta Donostialdea (% 29). Horiez gain, Frantziatik etorritako bisitarien presentzia ere aipagarria da, guztizkoaren % 8 baitira.

Enpresa erakusketarien % 80 pozik agertu da parte-hartzearekin

Balantzea positiboa da enpresa erakusketarien artean ere. % 80k Be Veggien izandako parte-hartzearekin pozik daudela adierazi dute, eta emaitza horrek jaialdiaren merkataritza-gunea osatzen duten enpresek ekitaldia ondo baloratzen dutela erakusten du.

Informazio gehiago: www.beveggie.eus