• Ekolurra erakundeak sektorearen balantzea aurkeztu du, eta azpimarratu du agroekologia funtsezkoa dela elikagai sistemaren etorkizunerako
  • Nekazaritza ekologikoak gora egiten jarraitu du: erregistratutako azalera % 43 handitu da 2025ean
  • Hope! Estamos a tiempo” dokumentala Bioterrara iritsiko da, ingurumeneko berroneratzeari buruzko benetako istorioak erakusteko
  • Euskadiko azoka ekologikoa ekainaren 5etik 7ra izango da, Ficoba aretoan

Bioterra Euskadiko azoka ekologikoaren beste edizio bat egingo da ekainaren 5etik 7ra, Ficoba aretoan. Aurten ere topagunea izango da bizimodu ezberdin baten alde egin nahi duten pertsonentzat; bizimodu ekologikoagoa, kontzienteagoa eta planetarekiko adeitsuagoa, hain zuzen ere.

Bioterrak, 20 urte baino gehiagoko ibilbidean, komunitate gero eta handiago baten bilakaeran lagundu du. Komunitate horrek ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko moduak eraldatzearen alde egiten du; izan ere, zalantzarik gabe badaki egun hartzen ditugun erabakiek etorkizuneko mundua eraikitzen dutela.

Bilakaera horren ondorioz, azokak erabaki du bizimodu ekologiko eta osasungarria izatea aurtengo ardatza; eta, hala, jasangarritasuna, ingurumenarekiko kontzientzia, osasuna eta ongizatea modu koherentean uztartuko ditu.

Ikuspegi berri horrek azokaren arlo guztiak ukituko ditu: elikadura, etxebizitza, energia, kosmetika, bioeraikuntza eta bizimodua, besteak beste; eta, horrekin batera, ongizatearen alorra txertatuko du esperientzia guztietan.

Aurtengo azokan, arreta berezia jarriko da bizitzaren zenbait arlotan, non ongizateak garrantzi handiagoa hartzen baitu; hala nola osasun integrala, elikadura kontzientea, zahartze aktiboa, bizitzaren luzera eta oreka emozionala, besteak beste. Hori dela eta, eduki, jarduera eta esperientzia bereziak eskainiko ditu, norberaren zaintza eta ingurumenarekiko errespetua elkarrekin lotzeko.

Agroekologia, etorkizunerako bidea

Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak eta Bioterrako antolaketa batzordearen kideak, sektore ekologikoaren 2025eko balantzea argitaratu du.

Ekolurrak ideia bat azpimarratu du, argi eta garbi: agroekologia etorkizuna da.

Datuek adierazten duten gisa, eredu ekologikoak gora egin du azken urteotan EAEn. Nekazaritza ekologikoa etorkizuneko elikadura eredua da, gaur egungo sistemaren muga fisiko eta klimatikoei erantzuten baitie: lurraren pobretzea, biodibertsitatearen galera, larrialdi klimatikoa, kanpoko sargai kimikoekiko menpekotasuna, eta elikadurari lotutako osasun arazoen areagotzea, besteak beste.

Era berean, nekazaritza ekologikoaren ereduaren hazkundea sustatzeko eta haren etorkizuna bermatzeko, funtsezkoa da eredu hori agroekologiaren balioetan oinarritzea: elikagai-subiranotasuna, lurraldeko nortasunera eta baliabideetara egokitzea, biztanleen behar eta balioekin bat etortzea, eta tokiko ehun sozial eta ekonomikoan integratzea.

Ildo horretan, 2025eko datuek ikusarazten digutenez, nekazaritza ekologikoak gora egiten jarraitzen du Euskadin.

Erregistratutako azalera % 43 handitu da, 18.167 hektareara iritsi arte (hots, iaz baino 5.478 hektarea gehiago).  Hazkunde hori gertatu da, batez ere, larreetarako eta mahastietarako eremuak handitu direlako.

Larreen kasuan, adibidez, herri-basoetako 3.110 hektarea gehitu dira Amezketa, Ataun, Zaldibia eta Urduña herrietan.

Egun, Euskadiko nekazal-azaleraren % 9k ziurtagiri ekologikoa du. Hala ere, oraindik ere lan handia egin behar da Europako “Baserritik mahaira” estrategiak ezarritako helburua betetzeko. Estrategia horrek ezartzen du lurren % 25 eredu ekologikoaren bidez kudeatu beharko dela 2030erako; gure kasuan, % 2ko igoera eduki dugu azken urtean.

Eragile ekologikoen kopuruan ere igoera eduki dugu: 813 eragile ditugu, iaz baino 45 gehiago (% 6ko igoera).

Sektorearen profilari dagokionez, ekoizleen, nekazarien eta abeltzainen kopuruak gora egin du; eraldatzaileen eta inportatzaileen kopuruak, ordea, beherakada arina eduki du.

Gainera, erregistro ekologikoko titularren % 17 40 urtetik beherakoak dira, eta erroldaren % 29 emakumeak dira.

HOPE zineforuma: abian dagoen aldaketa erakusten duten istorioak

Etorkizunerako ikuspegi horrekin batera, Bioterrak kultura- eta dibulgazio-proposamen berria edukiko du aurten: “Hope! Estamos a tiempo” dokumentalaren proiekzioa, hain zuzen. Javier Peñak sortutako dokuseriea da, El Gatoverde Producciones eta Cine365 Films-ek ekoiztutakoa, Jaime Bartolomeo-ren eta Álvaro Ron-en zuzendaritzapean.

Dokumentalak hainbat herrialdetan ezartzen ari diren benetako konponbideak erakusten ditu, istorioen bidez eta adituei egindako elkarrizketen bidez. Hala, ikuspegi itxaropentsu baina pragmatikoa igortzen du, “oraindik ere zeozer egin dezakegu” mezuarekin, “den-denok hilko gara” mezuaren ordez. Horrela erakusten du esperantza izan dezakegula etorkizunerako, oraindik denbora daukagula gauzak konpontzeko.

2025ean estreinatu zen, eta RTVE Play eta Movistar+ zerbitzuan eskura daiteke. Geroztik, El Gatoverde ikusketak antolatzen ari da mundu osoan. Joan den abenduaren 3an Europako Parlamentuan aurkeztu zen, eta ondoren elkarrizketa bat egon zen diputatuekin eta seriearen taldearekin.

Hemen eskuratu dezakezue seriearen trailerra eta hari buruzko informazio guztia: https://hopelaserie.com/en/home-en/

Bioterrak seriearen sei kapitulu emango ditu: hiru azoka hasi baino lehen (denbora gutxi barru esango da non emango diren), eta beste hiru azokan, Ficoban bertan.

Proposamenak bat egiten du Bioterraren ideiekin, erakusten baitu konponbideak badaudela, eta aldaketa abian dagoela jada.

 

www.bioterra.org