- Ficobak 270 jardunaldi izan ditu aurten, eta 191.000 bertaratu baino gehiago
- Azoken kopurua % 20 handitu da, eta bisitarien kopurua % 31 2024rekin alderatuta
- 336 egunez egon da okupatuta gunea; aurreko ekitaldian, ordea, 320 egunez okupatu zen
- Lurraldean izan duen eragin ekonomikoa 44,6 milioi eurokoa izan da.
Ficobak balantze positiboa eduki du 2025eko ekitaldian, bai alde kualitatiboari bai kuantitatiboari dagokionez. Hala, Gipuzkoako ekipamendu sozioekonomiko nagusienetako bat izaten jarraitzen du. Urtean zehar, azoka-guneak 270 jardunaldi izan ditu guztira; argi geratzen da, beraz, aktibitate bizia eta askotariko erabilera eduki duela.
Izandako jardunaldietatik, 112 bilera eta kongresuak izan dira, 75 azterketak eta enplegu publikoko deialdiak, 65 ekitaldiak eta ikuskizunak, eta 18 azokak eta erakusketak. Azken arlo hori % 20 handitu da 2024ko ekitaldiarekin alderatuta; izan ere, urte horretan 15 azoka egin ziren soilik. Bertaratutakoen kopuruak nabarmenki gora egin du halaber, 191.000 lagun baino gehiago joan baita Ficobara; hots, % 31 gehiago, 2024an erregistratutako 145.000 pertsonekin alderatuta.
Arlo ekonomikoari dagokionez, Ficobak 2,22 milioi euroko irabaziak eduki ditu, eta ekitaldia ixtean kontuak orekatuta eta % 2,5eko saldo positiboa zuen. Ondorioz, argi eta garbi ikus daiteke kudeaketa-eredua sendoa dela eta aurrera eramandako jarduerak jasangarriak direla. Lurraldean izan duen eragin ekonomikoa 44,6 milioi eurokoa izan da.
Datuetatik harantz: analisi kualitatiboa
2025ean antolatutako jardunaldiei esker, Ficobak funtsezko hainbat arlotarako topagunea izaten jarraitu du, hala nola enplegua, lanbide-heziketa, berrikuntza edota industria. Talentuari, kualifikazioari eta ekoizpen-sektoreei lotutako ekimenen bidez, gainera, eskualdeko lehiakortasunean duen eragina indartu egin da. Ildo horretan, azoka-gunea zeharkako azpiegitura sozioekonomikoa da, enpresak, erakundeak eta hiritarrak konektatzen baititu.
2025ean agerian geratu da, halaber, Ficobak balio publiko handia duela lurraldeko zerbitzuentzako azpiegitura gisa. Azoka- eta kongresu-gune gisa duen papera sendotzeaz gain, hiritarrentzako eragin handia duten prozesu instituzionalentzako euskarri logistiko gisa duen rola ere indartu egin da, hala nola enplegu publikoko eskaintzetan edo azterketetan. Horri esker, gunearen aztarna sozioekonomikoa bermatu egin da; izan ere, zuzeneko jarduera ekonomikoa sortu ez ezik, zerbitzuetarako eta aukeretarako sarbidea ere errazten du Gipuzkoako hiritarrentzat, beren lurraldean bertan.
Jardueren bilakaerak ekipamenduaren moldaerraztasuna ere agerian uzten du, azoketako, kongresuetako, kulturako, aisialdiko, komunitateko eta zerbitzu publikoko jarduerak uztartzen baititu. Aniztasun horri esker, merkatuaren atal bakar baten mende egotea saihestu daiteke, eta, gainera, gunearen okupazioa egonkortzen du, aurten 336 egunez egon baita okupatuta.
Ficoba 2025ean, funtsezko 12 jarduera
Azaldutako guztiarekin batera, 2025eko ekitaldian formatu berriak ezarri dira eta ohiko ekimenek eboluzionatu dute. Hainbat proposamen berri egon dira azken urteotan, hala nola Burger Fest: jarduera hori hiru alditan antolatu da dagoeneko, eta azken edizioa 2026ko urtarrilean izan da. Halako ekimenek bistan utzi dute jendea erakartzeko eta publikoaren konektatzeko gaitasuna dutela. Ildo horretan, azoka-guneak beste bi ekimen arrakastatsu izan ditu: Antzineko Objektu, Bildumazaletasun eta Vintage Azoka, zeinak harrera izugarria izan baitzuen eta aurten berriro ere ospatuko dena; eta Flashback, 90. hamarkadako musikaren zaleentzako festa, sarrerak berehala saldu zituena eta aurten ere egingo dena.
Horiekin batera, azoka-guneak formatu bereziak hartu ditu 2025ean, eta horiek antolaketarako erronka bereziak izan dira. Horren adibide da Gureak erakundearen 50. urteurrena, milaka pertsona bildu baitziren konplexutasun logistiko eta inpaktu sozial handiko ekitaldi batean. Eusko Skills lanbide-heziketako olinpiadek, berriro ere, azoka-gunea egoitza gisa erabili zuen; eta, horrela, Ficobarekin duen harremana indartu eta talenturako eta lanbide-heziketarako erakusleiho gisa duen papera bermatu zuen.
Ficobak berak sustatutako azokek (hala nola Unire soldaduraren eta lotura-teknologien azoka, edo Ababor Euskadiko azoka nautikoa) sektore espezifikoekin lotutako proposamen estrategikoak izaten jarraitzen dute. Aitzitik, Nazioarteko Txakur Erakusketa gisako ohiko ekitaldiek eboluzionatzen jarraitu dute, hala, jardunaldi bat egin beharrean bi egin dira.
Jarduera handi horiekin batera, 2025eko egitarauak bestelako ekimenak ere hartu ditu, hala nola Lurraldebuseko autobus berrien erakusketa, SIFRAren bilera korporatiboa edota Twing Raid lasterketa solidarioa. Azken horrek kolorez, motorrez eta solidaritatez betetzen du Ficoba, ehunka Twingo kotxe bertatik ateratzen baitira Marrakexera, laguntza eskaintzeko.
Eta, noski, ezin falta Ficobako azoketako bi klasiko: Bioterra Euskadiko EKO azoka, eta Be Veggie Euskadiko jaialdi beganoa, hain zuzen ere.
2026ko egitarauaren aurrerapen txiki bat
2026rako, Ficobak egitarau anbiziotsua prestatu du, eta, beste behin, ohiko jarduera klasikoak eta proposamen berriak uztartuko ditu.
Proposamen berri horien artean dugu Lanauto, laneko eta azken miliako ibilgailuen azoka profesionala. Azoka horren asmoa da, hain zuzen, erakundeak, enpresak eta langileak konektatzea, mugikortasunaren eta logistikaren gune estrategiko batean.
Errepikatzen diren proposamenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Expotakuren itzulera, anime, cosplay eta gaming ekitaldia, 2015ean Ficobara iritsi zena; MUBIL Mobility Expo-ren bosgarren edizioa, Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala; Uhinak-en zazpigarren edizioa, klima-aldaketari eta kostaldeari buruzko nazioarteko kongresua; Twing Raid-en itzulera; Burger Fest eta Antzinako objektuen, Bildumagintzaren eta Vintage Azokaren jarraipena; Ipardis banatzailearen azokaren laugarren edizioa; eta mugaz gaindiko enplegu azoka Lanean.
Azkenik, Be Veggie jaialdi beganoa ere nabarmendu behar dugu, aurten urriaren 31tik azaroaren 1era egingo baita, abenduan egin beharrean.
Adierazpen instituzionalak
Cristina Laborda, Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko burua:
“2025ean ere argi eta garbi geratu da Ficobak sekulako potentzial ekonomikoa duela Irunentzat, eskualdearentzat eta Euskadirentzat. Gure azoka-guneak kalitate-estandar gorenak ditu jardueren antolaketari dagokionez, eta emaitzen balantze onak eta jardueren antolatzaileek izandako erantzun onak berretsi egiten dute proiektua erabat arrakastatsua izan dela”.
Jakes Aguirrezabal, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea:
“2025ean, Ficobak lurraldeko motor ekonomiko eta sozial gisa duen eginkizuna berretsi du, enpresa-bultzadarako, berrikuntzarako eta kultur dinamizaziorako gune estrategiko gisa sendotuz. Urtean zehar, azokaguneak azoka, kongresu eta ekitaldi profesionalen egutegi zabala hartu du, eta horiek eragin zuzena izan dute Irungo merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan, baita Gipuzkoa osoan ere.
Ficoban garatutako jarduerak bisitariak eta negozio-aukerak erakartzeaz gain, lurraldearen nazioarteko eta mugaz gaindiko proiekzioa indartu du, Irun enpresen, profesionalen eta herritarren arteko topagune giltzarri gisa kokatuz, eta Gipuzkoako ehun ekonomikoaren barruan duen garrantzi estrategikoa azpimarratuz”.
Amaia Arregi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendari nagusia:
“2025eko datuek berresten dute Ficoba gune estrategikoa sendoa dela Irun, Bidasoaldea eta Gipuzkoa osoarentzat. Bertan uztartzen dira hazkundea, nazioarteko proiekzioa eta trakzio ekonomikorako gaitasuna, lurraldeko dinamizatzaile nagusietako bat izateko. Ficobak aberastasuna, lana eta aukerak sortzen ditu, eta funtsezko aliatua da Gipuzkoako etorkizuna eraikitzeko”.