Urteko lehen sei hilabeteetan, Ficobak ekitaldiak antolatzeko erreferente gisa indartzen jarraitu du, eta beste behin erakutsi du egokitzeko gaitasuna, askotariko publikoentzako jarduera aukera zabala eskainita.
Urteko lehen seihilekoko 182 egunetako 164tan, ekitaldi baten egoitza izan da Ficoba. Okupazio hori antolatu diren 123 ekitaldien ondorio da: 8 azoka (kanpoko eragileek antolatutako 6 eta 2 azoka propio), 79 bilera eta 38 ekitaldi sozial. Fakturazioa 1,2 milioi eurokoa izan da, historiako bigarren onena, eta 106.000 bisitari baino gehiago jaso dira.
Ikuspegi kualitatibotik, jasangarritasuna izan da, beste behin ere, Ficobaren lehentasuna. Lurzoru guztiz berrituei esker ez da moketarik erabili behar, eta, horrela, ekitaldien karbono-aztarna murriztu da. Egindako kalkuluen arabera, Ficobako ohiko urte bateko jarduerak kontuan hartuta, azoketan bakarrik 1.000 tona emisio aurreztera ere irits daitezke.
Ekimen horrekin batera, moketak ezinbestekoak diren espazioetarako, Ficobak berrerabil daitekeen material berri bat hautatu du.
Seihilekoko estreinaldiak
Lehen seihilekoan, Ficobak jarduera handia eta askotarikoa izan du, azoka berri garrantzitsu zenbaitekin. Batzuk puntualak izan dira, eta beste batzuk etorkizunean errepikatuko dira. Kanpoko erakundeek zein Ficobak berak antolatu dituzte, eta jende guztiari zuzenduak edota profesionalak izan dira.
Berritasunak 2024ko lehen seihilekoaren hasieran bertan iritsi ziren, otsailaren 17an eta 18an, Rethink Vintage azokaren lehen edizioa egin zen eta. Bigarren eskuko arropa pisuaren arabera saltzeko ekitaldia da, urtean bitan antolatuko da, hurrena Ficoban bertan irailean.
Errepide bidezko bidaiarien garraioko ETEen kongresu nazionala otsailaren 22an eta 23an egin zen Ficoban, eta Euskadi Gastronomikaren Aintzatespena otsailaren 26an, Euskadi osoko 200 ostalari baino gehiagorekin.
Otsailaren 27an TWING RAID solidarioaren txanda iritsi zen. Penintsula alderik alde zeharkatu zuen elkartasunezko rally hark, eta 250 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen Ficobako irteera ofizialean. Antolatzaileak Parisen du egoitza, eta 2025ean errepikatzeko asmoa adierazi du, parte-hartzaileen kopurua bikoiztuta.
Seihilekoko beste berritasun batzuk izan dira Itzulia Basque Country lasterketaren irteera ofiziala, apirilaren 2an, Ficobako aparkalekuan; eta ROBEren aire zabaleko kontzertua, maiatzaren 31n, kanpoko erakusketa-eremuan 3.000 lagunetik gora bildu zituena.
Espektatibak beti betetzen dituzten ohiko ekitaldiak
Ficobaren egutegiko urteroko hitzorduek interesa pizten jarraitzen dute. Horrela, Caravantur ekitaldiaren 8. edizioak 9.000 pertsona inguru erakarri zituen martxoaren 1etik 3ra bitartean.
Bestalde, IPARDIS ostalaritzako banaketaren azokaren 3. edizioan 70 enpresa erakusketari izan ziren, % 67 nazioartekoak, eta bisitarien % 42 frantsesak izan ziren. Martxoaren 11n eta 12an egin zen.
Katuen Nazioarteko XVII. erakusketa (apirilak 6-7) eta Txakurren Nazioarteko erakusketa (apirilak 21) urtero bezala egin ziren.
Azoka handiek ere ez zuten hutsik egin: alde batetik, MUBIL Mobility Expo (apirilak 17-18), Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala; eta bestetik, Bioterraren XXI. edizioa (ekainak 7-9), produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka.
Urte amaiera bitarteko hitzorduak
Bigarren seihilekoak ere bide beretik joko du, energiaz gainezka. Lehen zita berritzailea abuztuaren 24an izango da, Lur Sound Festivalekin. Musika-jaialdi ekologikoa izango da, eta arte-erakusketak, tailerrak eta produktu jasangarrien azoka bat izango ditu.
Merkalan, Euskadiko enplegu eta prestakuntza azoka, Ficoban egingo da lehen aldiz, V. edizioan. Urriaren 2an izango, eta 100 enpresa inguruk hartuko dute parte, 1.000 lanpostu eskainita, gutxi gorabehera.
Urteko azken hilabeteetako beste data garrantzitsu bat Emakumezkoen Futbolaren Nazioarteko Kongresua da, azaroaren 21ean eta 22an. Sektore horretako adituak eta profesionalak elkartuko dira.
Ficobako egutegiko ohiko beste hitzordu batek, Uhinakek, seigarren edizioa du aurten. Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko Kongresua da, eta beti bezala maila goreneko hizlariak bilduko ditu, ozeanoen aurrekaririk gabeko eraldaketaren eta itsasertzean duen eraginaren aurrean egin beharrekoei ekiteko. Fidel itzuliko da, urtero bezala, Ficoauto (azaroak 15-17). Eta ezin hutsik egin Be Veggie jaialdi beganoaren edizio berriak. Irudia berritu du, eta oso emaitza erakargarria lortu. Bisitatu webgunea, Be Veggieren irudi berria ikusteko (https://beveggie.eus/).
Bigarren sehilekoko jardueren egutegia
- Lur Sound jaialdia: abuztuak 24
- IMHEren 50. urteurrena: irailak 18-19
- POCTEFA mugaz gaindiko topaketen jardunaldia: irailak 20
- Irun Zuzenean Festibala: irailak 27-28
- Rethink Vintage: irailak 28-29
- Merkalan, Euskadiko enpleguaren eta prestakuntzaren V. azoka: urriak 2
- Habe Azterketaldia: urriak 4-5
- Tartako panpinak ezkongaien azoka: urriak 19-20
- Klima aldaketari eta itsasertzari buruzko VI. Uhinak Kongresua: urriak 23-24
- Azterketa nautikoak: azaroak 6
- Beldurraren pasabidea: azaroak 9
- Ficoauto aukerako ibilgailuaren azoka: azaroak 15-17
- Emakumezkoen Futbolaren Nazioarteko Kongresua: azaroak 21-22
- Ikasenpresa kongresua (Tknikak antolatua): azaroak 26
- Be Veggie jaialdia: abenduak 6-8
- ERREALAren harrobiaren omenaldia: abendua
- PAUSO-K eguberrietako musikala: abenduak 15
www.ficoba.org