• XV.edizio honetan 27 arrazatako 140 katu izango ditugu
  • Arraza berri ikusgarrien artean, aipagarriak dira Havana Brown, Toyger, Japanese Bobtail, Pixie Bob eta Kurilian Bobtail.
  • Erakusketa urriaren 29an eta 30an egingo da

 

Urtero bezala, Ficoban dugu aurten ere Nazioarteko Katu Erakusketa. Aurtengoa 15. edizioa da.  Hortaz, aukera paregabea izango dute katuzaleek Ficobako 1. pabilioian Espainiako eta Frantziako katu onenetako batzuk eta askotariko arrazak ikusteko.

Aurten, Bidasoaren alde honetako katu gehiago izango ditugu, aurreko edizioekin alderatuta. Izan ere, erregaiarekin eta garraioarekin lotutako arazo ugari izaten ari dira Frantzian, eta horren ondorioz etortzeko zailtasunak izan dituzte bertako katu-hazle batzuek. Aurten, 27 arrazatako 140 katu bilduko dira.

AMOBS STAR elkarteak antolatzen du Nazioarteko Katu Erakusketa, eta urtero saiatzen dira arraza desberdinak ekartzen, publikoak ezagut ditzan. Aurtengoan, Havana Brown, Toyger, Manekineko, Pixie Bob eta Kurilian Bobtail arrazak ezagutzeko parada izango dute Ficobara etortzen direnek.

Havana Brown arrazako katu oso gutxi daude. Galtzeko arriskuan dauden katu-arrazen zerrenda batean, lehen postuan egongo lirateke zalantzarik gabe. Erakusketan ikusgai egongo diren katuak oso urrutitik datoz, Réunion uhartetik hain zuzen ere, bertakoa baita hazlea.

 Toyger arraza, aldiz, duela gutxi sortutakoa da. 1980. urtearen bueltan agertu ziren, tigre-itxurako katu  bat lortzeko gurutzatze baten ondorioz.

Bestalde, Japanese Bobtail katuak Japoniako zorte onaren katuen inspirazioa dira (hanka belarriraino igotzen dutenak).

Pixie Bob etxeko katuen arraza bat da. Esaten denez, naturan berez gurutzatutako lintze hibridoen ondorengoa da.

Kurilian Bobtail arraza Errusiatik dator, zehazki Kuril eta Sakhalin uharteetatik eta Kamtxatka penintsulatik. Ile luze edo motza dute, gorputza «semi-cobby» erakoa da, eta buztan labur eta harrotua da arrazaren bereizgarrietako bat.

Lehiaketa

Larunbat-igandeetan XV. Nazioarteko Katu Erakusketan parte hartzen duten katuak lehiaketa batean sartuko dira, eta hainbat sari irabazteko aukera izango dute: Nazioarteko Txapelduna, Nazioarteko Txapeldun Handia, Europako Txapelduna eta Europako Txapeldun Handia.

Jardunaldi bakoitzean, epaileek katuak aztertu eta sailkatuko dituzte, arraza eta kolore bakoitzeko animalia onena aukeratzeko. Arratsaldean, kategoria bakoitzean hautatutako katuak elkarren aurka lehiatuko dira eta onena aukeratuko da, eta igandeak Nazioarteko Katu Erakusketaren edizio honetan parte hartu duten katu guztien arteko onena hautatuko da.

Erakusketa Ficobako 1. pabilioian egingo da, 10:00etatik 18:00etara bitarteko ordutegian, hala larunbatean nola igandean. Helduen sarrerak 4 € balio du, eta 12 urte arteko haurrak doan sar daitezke. Nazioarteko Katu Erakusketako bisitariek aparkalekua doan erabiltzeko eskubidea izango dute.

Aurten azoka bat ere antolatuko da, Irun SOS Mascotas elkartearen eskutik, kaleko katuen alde.