Hiru aldiz baino ez da antolatu, baina Caravantur azokak bere lekua aurkitu du dagoeneko Gipuzkoako azoken egutegian. Hain zuzen ere, hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta ia 9.000 lagun etorri dira Ficobara erakustazokako hiru pabiloietan erakusgai egon diren autokarabana, camper eta furgoneten eskaintza ikustera.

Asteburu osoan, giro ederra izan da azokan, bai bisitarien artean, bai erakusketarien artean, eta, beste urte batez, egindako transakzioak izan dira horren adierazgarri: 50 egin dira, eta fakturazio zenbatetsia bi milioi euro ingurukoa izan da. Gainera, pentsatzekoa da zenbatekoak gora egingo duela, ohi bezala; izan ere, azoka bisitatzen dutenek beste transakzio akordio batzuk egin ohi dituzte azokaren ondoko egunetan.

Bestalde, erakusketariek baieztatu dutenez, alokairu tratu ugari egin dira, modalitate horren jarraitzaile asko baitaude aisialdia emateko bide honen alde egiten dutenen artean.

Bisitarien jatorriari dagokionez, ia % 75 gipuzkoarrak ziren, eta gainontzekoak, nafarrak, bizkaitarrak, arabarrak eta Iparraldekoak. Guztiek oso ontzat jo dute azoka, eta, indarguneen artean, espezializazioa nabarmendu dute, beste hitzordu batzuetan eskaintza lausotu egiten baita beste proposamen batzuen artean.

Camper edo autokarabana Ficobako aparkalekuan aparkatzeko eta gaua bertan emateko aukerak ere oso harrera ona izan du, eta 80 ibilgailuk baino gehiagok baliatu dute.

Ficobak eta El Diario Vasco egunkariak antolatzen dute Caravantur, aisialdiko horrelako ibilgailuek gure inguruan sortzen duten gero eta interes handiagoari erantzun nahian.