Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketak 40 urte beteko ditu aurten, Ficoban. Lau hamarkada hauetan, txakur erakusketen zirkuituko hitzordurik prestigiotsuenetako bat bilakatu da erakusketa hau.

Datorren igandean, 630 txakur baino gehiago lehiatuko dira erakusketako txakurrik onenaren titulua eta Errege Kopa irabazteko. Gainera, ehun trofeo eta domina baino gehiago banatuko dira egun osoan.

Irlanda, Italia, Finlandia eta Suediako eta are Japoniako epaileek osatutako nazioarteko epaimahai bat arduratuko da lehiaketara aurkezten diren txakurren kalitatea baloratzeaz. Hain zuzen ere, Yuichi Tomimoto etorriko da Japoniatik, Akita Inu japoniar arrazan aditua: ehiza larriko arraza bat da Akita Inu, eta, belaunaldi askoan, defentsarako eta erasorako erabili zuten japoniar gudariek, baita hartzak ehizatzeko ere.

“Etxeko” epaileak ere izango dira epaimahaian: lehenengo aldiz, José Manuel Monreal irundarrak Ficobako Nazioarteko Txakur Erakusketan parte hartuko du.

Horrelako jardunbide luzearen ondoren zaila bada ere Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketan parte hartu ez duen arrazarik aurkitzea, badago berrikuntzarik, eta, aurten, Rhodesian Ridgeback eta Russki Toy arrazetako aleak ikusi ahalko dituzte bisitariek: Rhodesian Ridgeback hegoafrikar jatorriko arraza gihartsu bat da, tamaina handikoa, oso-oso arin eta azkarra, ehizarako, zaintzarako eta konpainiarako erabiltzen dena nagusiki; Russki Toy, berriz, errusiar arraza bat da, txikia eta ez oso ohikoa, Errusian English Toy Terrier arraza zaharretik Errusian bereiz sortua.

Lehiaketa

Parte hartzen duten txakur guztien artean arraza bakoitzeko alerik onenak aukeratuko dira. 09:30ean hasiko da lehiaketa, eta 19:00etan amaituko da gutxi gorabehera, eta, bitarte horretan, bi sari bereziki interesgarri irabazteko lehiatuko dira erakusketariak: Espainiako Txapelketarako Gaitasun Agiria eta Nazioarteko Gaitasun Agiria.

Finalak 16:00etatik aurrera izango dira, eta, fase horretan, Ohorezko Ringera igoko dira arraza bakoitzeko alerik onenak; lehenik, talde bakoitzeko onena izateko lehiatzeko, eta, bigarrenik, hamaika hautatuen artetik Erakusketako Txakurrik Onena titulua irabazten eta Errege Kopa lortzen saiatzeko.

Sariketa horietan ez ezik, beste final handi batzuetan parte hartuko dute txakurrek, sari hauek lortzeko: Bikoterik Onena, Hazkuntza Talderik Onena, Beteranorik Onena, Gazte Promesik Onena, Txakurkumerik Onena eta Espainiako Arrazarik Onena.

Datu praktikoak

Erakusketa jende ororentzat irekia izango da; helduentzat, 5 euroko prezioan, eta 10 urtetik beherakoentzat, 3 euroan.

 OSO GARRANTZITSUA

Indarrean dagoen Erakusketa Arautegia betetzeko, DEBEKATUTA DAGO Erakusketa barrutira LEHIAKETAN PARTE HARTZEN EZ DUTEN TXAKURRAK SARTZEA, baita Erakusketaren barrutian txakurrak saltzea ere.