- Soldaduran eta lotura-teknologietan espezializatutako lehen azoka da, eta bakarra, eta Ficoban egingo da martxoaren 8an eta 9an
- UNIREren aholku-batzorde teknikoak bilera egin du gaur goizean Ficoban
Egiteko hilabete bat falta denean, merkaturatzeko prozesua amaitu du UNIREk, soldaduraren eta lotura-teknologien azokak. Erakusmahaia jarriko duten enpresak 60tik gora dira, eta Ficobako 2. eta 3. pabilioien espazioa osorik okupatuko dute. Merkaturatze-datu horiek bikainak dira, eta oso ondo baloratu ditu UNIREren batzorde teknikoak. Izan ere, azoka hau ezinbesteko ekitaldi bat bihurtu da ekoizpen-prozesuetan soldadura eta lotura-teknologiak erabiltzen dituzten enpresa guztientzat.
Sektore hautako fabrikatzaile eta banatzaileak daude erreserba egin duten enpresen artean: soldadura eta ebaketarako ekipamendu eta produktuak; kontsumigarriak, gas industrialak, betegarriak eta eranskinak; itsasgarriak; segurtasun- eta babes-ekipamenduak; ebaketa; eraldaketa; konformazioa; konponketa eta soluzio automatizatuak; homologazioa eta ziurtapena; ikuskapena eta saiakuntzak; prestakuntza; metrologia eta sentsoreen teknologia; aholkularitza; gainazalen teknologia eta tratamendu termikoa; soldadura eta lotura-teknologien esparruko ikerketa eta berrikuntza; eta ingeniaritza. Gainera, badira sektoreko elkarteak ere.
Deialdiaren arrakastaren beste erakusgarri bat da enpresa horien guztien jatorri geografikoa: Espainiako iparraldea, Katalunia, Valentzia eta Murtziako lurrak, Madril eta, oro har, Estatuko industrializatutako beste eremu batzuk.
Merkaturatzearen helburuak % 100 beteta, UNIREren batzorde teknikoak lanean jarraitu du bestelako gai batzuk jorratzen: bisitariak erakartzeko kanpaina eta UNIREren proposamena osatzen duten ponentzia eta jarduera paraleloak. Azokaren helburu den publikoa soldadura erabiltzen duten enpresetako erosleak, erabakitzaileak eta preskriptoreak dira, Espainiako eremu industrializatuenetan eta Frantziako hego-mendebaldean.
Bistari horiek lotura-teknologien erabilera intentsiboa duten sektoreetan aritzen dira, hala nola automobilgintza, burdinbideak, sektore aeroespaziala, ontzigintza, metalaren eraldaketa, galdaragintza, obra publikoko makineria, energia-ekoizpena, metalezko instalazio eta egituren eraikuntza, muntaketa industriala, azpikontratazio-enpresak, mantentze-lanak eta konponketak, ekipamendu-ondasunen ekoizpena, offshore plataformak edo prestakuntza-zentro espezializatuak.
UNIREren batzorde teknikoa honako erakunde hauetako ordezkariek osatzen dute: Adegi, BRTA (Basque Research&Technology Alliance), Gipuzkoako Merkatartiza Ganbera, Cesol, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, EIT Manufacturing, FEX (Fastening Excellence Center), Fronius, Ficoba, Goierri Eskola, Lortek, Nippon Gases, Tecnalia, Tknika, UNE Normalización española (CTN 14 soldadura eta lotutako teknikak), baita Eusko Jaurlaritza ere SPRI Enpresen garapenerako Agentziaren bidez, eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Horiek guztiek soldaduran eta lotura-teknologiaetan espezializatutako Estatuko lehen azoka hau babesten dute, erakunde babesleekin batera.
Soldadura-lehiaketa, beste erakargarri bat
Azokaren merkaturatzearekin bezala, soldadura-lehiaketan parte hartzeko proposamena begi onez hartu dute Lanbide Heziketako zentroek, eta azkenean 25ek hartuko dute parte.
Ez da ohikoa soldadura-lehiaketak antolatzea, hainbat eskakizun bete behar baitira. UNIRE azokak, ordea, sektorearen topagune izan nahian prestakuntzaren esparruan ere, hura zer garrantzitsua den aditzera eman nahi du, eta I. UNIRE Soldadura Lehiaketa antolatu du, ikasle eta irakasleek beren abileziak erakusteko. Fronius eta Nippon Gases izango dira babesleak, eta, baieztatu dutenez, EAE osoko, Zaragozako, Burgosko, Madrilgo, Valentziako, Huelvako, Cádizeko, Bartzelonako, Nafarroako eta Murtziako ikastetxeek parte hartuko dute.
Gainera, simulazio-gune bat jarriko da, Seaberyk babestutakoa, nahi dutenek beren abileziek erakuts ditzaten.
Doako akreditazioak profesionalentzat
UNIREra joan nahi duten profesional guztiek doako akreditazioa lor dezakete dagoeneko, azokaren webgune ofizialean: https://expounire.org/acreditacion/. Akreditazioa lortu ondoren, bisitariek Matchmaking zerbitzua erabili ahalko dute, eta bilerak adostu erakusmahaia jarriko duten enpresekin, azokaren egun guztietan. Akreditazioak sektoreko profesional eta ikasleentzat daude erreserbatuta.
UNIREri buruz
UNIRE soldaduraren eta material anitzeko lotura-teknologien (desmuntagarrien zein desmuntaezinen) balio-katean espezializatutako azoka profesionala da. Ficobak sustatzen du CESOL Espainiako Soldadura eta Lotura Teknologien Elkartearekin elkarlanean.
UNIREren xedea da materialak lotzeko konponbideak eta teknologiak eskaintzen eta eskatzen dituzten enpresen ekosistema biltzea, negozioa sustatzea, ezagutzak trukatzea eta etorkizuneko profesionalen talentua bultzatzea.
Hori guztia lortzeko, UNIREk hiru ekitaldi batuko ditu hitzordu bakar batean: azoka bera, CESOL Espainiako Soldadura eta Lotura Teknologien Elkarteak antolatutako Soldaduraren eta Lotura Teknologien XXIII. Jardunaldiak eta UNIREren I. Soldadura Lehiaketa, CESOLek koordinatutakoa, soldadura-ikasleen eta profesional gazteen parte-hartzearekin.
Informazio gehiago: www. expounire.org