Urteko lehen sei hilabeteetan, Ficobak jarduera datu bikainak lortu ditu. 146 jardunaldi izan ditu: 105 bilera, 33 ekitaldi eta 8 azoka. Era askotako ekitaldiak egin dira, hala nola azoka komertzialak, biltzarrak, bilerak eta kultura ekitaldiak. Guztira, 93.000 bisitari baino gehiago erakarri dituzte jarduera horiek, eta 1,3 milioi euroko negozio zifra izan dute, 2022an baino % 26 gehiago.
2023ko lehen seihilekoko ekitaldi garrantzitsuenen artean, honako hauek: UNIRE soldadura eta lotura teknologien azokaren lehen edizioa; Ababor Euskadiko azoka nautikoaren bigarren edizioa; Eusko skills lanbide heziketako olinpiadak; Memoria Demokratikoaren Estatuko Biltzarra; Nazioarteko Txakur Erakusketa, pandemiaren etenaldiaren ondoren berriro itzulita; Caravantur autokarabana, camper eta furgoneten azokaren beste edizio bat; Basquisite euskal produktu gastronomikoen azoka profesionala, eta, jakina, Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien azokaren hogeigarren edizioa.
“Oso pozik gaude aurtengo lehen seihilekoan lortutako emaitzekin”, esan du Ander Sarratea Ficobako zuzendariak. “Gure itxaropenak gainditu ditugu, bai fakturazioari dagokionez, bai egin ditugun ekitaldien aniztasunari eta kalitateari dagokienez. Emaitza horiek erakusten dute Ficobak konpromisoa hartu duela feriak, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzen erreferente izateko”.
Erronken seihilekoa
Garrantzi handiko beste ekitaldi batzuk ere izan dira Ficoban, antolaketa eta logistika erronka ekarri dutenak. Maiatzean elkarren segidan ospatu ziren, HABEren euskara maila egiaztatzeko azterketak (4.436 pertsona aurkeztu ziren), Postetxeko oposizioak (2.368 pertsonak parte hartu zuten), eta Eusko Skills lanbide heziketako olinpiadak ere egin ziren, eta 2.700 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten.
Ohiz kanpoko egoera horretan, erantzun ona eman zuen azoka barrutiak, logistika antolaketa aldetik, eta erosotasunaren aldetik probetan parte hartu zuten guztientzat. Horretarako, Ficobaren azalera estalia gehitu egin zen ohiko 5.000 m2tik 8.500 m2ra, eta karpa bat ere jarri zen Ficobaren kanpoko erakusketa eremuan.
Hiru ekitaldi jendetsu horiek segidan ospatu ziren, eta horrek balio izan zion Ficobari azpiegituraren potentzial guztia nabarmentzeko eta benetako entsegu bat egiteko ea bere azoka zerbitzuek, instalazioek eta bisitari sarbideek nola erantzungo zioten esparrua zabaltzeko aukerari.
Era berean, Ficobak berriz erakutsi du balio duela bere inguruan egiten diren ekitaldietarako agertokia izateko ere, eta azpiegitura baliotsu bat bihurtu da azoka barrutitik kanpo egiten diren ekitaldi horien arrakastarako. Esaterako, ekainean, Donostian izan zen Frantziako errugbiko Top 14 jardunaldian, disuasioko aparkaleku gisa erabili zuten Ficoba.
Bigarren seihilekoan, urteurrena eta beste azoka profesional bat
Ekitaldiko bigarren seihilekorako ere aurreikuspen onak daude. Eta horrekin bat egitera dator urriaren 3an Ficobak egun seinalatua ospatuko duela: hogeigarren urteurrena. Eta azken 20 urteetan egin duen bezala egingo du, egutegian ohikoak dituen ekitaldiak hartuz, antolatuz eta bultzatuz, eta azoka barrutiko instalazioak aukeratzen dituzten beste berri batzuk gehituz.
Ekitaldi berri horien artean, Aúna Partner Days nabarmentzen da (irailak 14). Estatuko topaketa profesional ibiltari honek Ficoban lehen mailako 131 enpresa erakusketari eta 1.500 bisitari profesional bilduko ditu. Grupo Aúnak bultzatuta, topaketa horretan, bezeroak elektrizitatearen, iturgintzaren, berokuntzaren, klimatizazioaren eta energia berriztagarrien sektoreetako fabrikatzaile eta hornitzaile nagusiekin bilduko dira, networking-a sustatzeko, sektore horietako produktuen eta joeren azken nobedadeak aurkezteko, eta lankidetza eta ikaskuntza jarduerez betetako jardunaldi batez gozatzeko.
Ekitaldi nagusiak urtearen amaiera arte
- AÚNA Partner Days. Irailak 14.
- Irun Zuzenean Festibala. Irailak 29 eta 30.
- HOBE azterketak (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza). Irailak 28-30.
- HABEren azterketak. Urriak 6 eta 7
- Tartako panpinak, ezkongaien azoka. Urriak 14 eta 15
- Beldurrezko pasartea. Urriak 21. Auditoriuma, lehen solairua.
- Kirol nautikoko azterketak. Azaroak 9
- Enpleguaren astea. Azaroak 15
- Ficoauto, aukerako ibilgailuaren azoka. Azaroak 17-19
- Next Care jardunaldia, gaixo kronikoari arreta pertsonalizatua ematea. Azaroak 28
- Be Veggie, jaialdi beganoa. Abenduak 8-10
www.ficoba.org